Erretratua

Iñaki Andres: "Modarako nortasuna galtzen ari da jendea, klonak ematen dugu"

Elena Marguello 2022ko abe. 2a, 09:44

Iñaki Andresen erretratua. (Olatz Alkorta)

Patroigintza ikasi zuen Iñaki Andresek, eta ikuskizunetarako jantzietan espezializatu zen. Diseinatzailetzat du bere burua, eta duela urte batzuetatik irakaskuntzan ere aritzen da. Gaur egun, joskintza tailerrak ematen ditu; hori du ogibidea. Berea da Erretratua 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian.

Diseinatzailea eta irakaslea. Bi hitz horiek definitzen dute Iñaki Andresen (Lezo, Gipuzkoa, 1971) gaur arteko ibilbide profesionala. Euskal Herritik kanpo bizi izan zen urte batzuetan, eta orduan hasi zen lehenengo diseinuak egiten. Afizio hura lanbide bilakatu zitzaion denborarekin, eta orain, hainbat herritarri josten irakasteko espazioa ere badu.

Ibizan (Herrialde Katalanak) bost urte eta Bartzelonan hamabi egin zituen Andresek, eta gauez egiten zuen lan batean nahiz bestean: "Moda oso presente dago gaueko mundu horretan". Ibizan emandako lehenengo bi urteetan, uda sasoia han eta negua Hernanin (Gipuzkoa) igarotzen zituen. Hernanin, Balenciaga markarentzat lan egiten zuen jostun bat ezagutu zuen. Emakume hark hezkuntzara bideratutako espazio bat zuen, eta harengana joaten hasi zen Azpeitiko bizilaguna: josteko makina nola erabili ikasi zuen lehenengo, eta norberak bere buruan zituen ideiak nola gorpuztu geroago.

Horrela hasi zen gaur egun diseinatzailea dena berarentzako arropak egiten: "Buruan nituen diseinuak eta dendetan aurkitzen ez nituenak garatzen nituen". Ibizan zela, jendea diseinu horiek ikusi eta "eskean" hasi zitzaionean ekin zion besteentzako arropa egiteari: Pacha diskotekako go-goentzako eta disko jartzaileentzako hasi zen lanean. Hala ere, "mugatuta" ikusten zuen bere burua, patroigintzari buruz ez zekielako "ezer", eta Azpeitira itzultzea erabaki zuen, ikasketei ekiteko.

Bi urtez patroigintza ikasi zuen, eta beste bi urtez ikuskizunetarako jantziak egiten espezializatu zen. Nahiz eta ikasketak burutu zituen, "autodidakta" gisa definitzen du bere burua, bere "erara" ikasi baitzuen josten. Hasieran, lauzpabost urtez ikuskizun munduan murgilduta ibili zen, baina Andresen esanetan, Euskal Herrian "oso mugatuta" dago mundu hori: "Ez dago operarik, eta antzerkiak ere gutxi egiten dira". Horren aurrean, bi aukera zituela ikusi zuen: berriro kanpora joatea edota Euskal Herrian geratu eta ibilbide profesionala beste toki batetik bideratzea. Azkenean, duela lau urte, hezkuntzara egin zuen salto.

Hasieran, hainbat herritako kultur etxeetan ematen zituen joskintza tailerrak: "Nomadak bezala ibiltzen nintzen. Josteko makinak hartu eta egun batean leku batean eta hurrengoan bestean egoten nintzen". Gaur egun, tailerrak emateko bere espazioa du: "Zelai Luzeko lokalean aritzeko aukera sortutakoan, hasieran, astean egun batean soilik ematen nituen saioak, baina jende asko hasi zen ikastaroetan izena ematen, eta orain, 40 ikasle inguru ditut".

Adin guztietako ikasleak ditu diseinatzaileak, baita 7 urteko haur bat ere. "Berez" ez ditu hain ikasle gazteak hartzen, baina mutiko haren amak deitu zionean, bere "txikitako istorioa" zirudiela sentitu zuen Andresek. Izan ere, "txikitatik" gustatu zaio hari modaren mundua. Haurra zela arreba txikiari Nancy panpina bat oparitu ziola ere gogoratu du, baina arrebak hura ez zuela ukitu ere egin azaldu du, samurtasunez: "Niretzako hartu nuen, eta panpinari arropak egiten aritzen nintzen".

Jendeari josten irakasteak "emozionatu" egiten du Andres: "Beraiek hain emozionatuta ikusten ditudanez, ni ere emozionatu egiten naiz". Ikasleek lehenengo diseinuak egitea lortzen dutenean sentitzen duten "zirrara" ikustea gustatzen zaio irakasleari. Gainera, ikasle batzuek joste tailerrean ematen duten denbora terapia tarte bezala sentitzen dutela ere azaldu du diseinatzaileak.

Iñaki Andres, Zelai Luzeko lantokian. (Elena Marguello)

Moda eta globalizazioa

"Norberaren jarrera erakusteko modu bat izan daiteke moda, negozio bat, munduan gehien kutsatzen duen bigarren industria, nire bizimodua edota sormena". Horrela definitzen du moda diseinatzaileak. Haren ustez, "gauza asko" barnebiltzen ditu kontzeptu horrek, baina zerbait nabarmentzekotan, "norberaren izaera islatzeko modua" dela adierazi du: "Janzteko moduak asko esan nahi du pertsona bakoitzaren izaerari buruz".

Hala ere, gaur egungo globalizazioa dela eta, hori "galtzen" ari dela sentitzen du Andresek. Edozein hiriburutara bidaiatuta ere –izan Madrilera, Parisera edota Londresera–, "erdiguneetan denda berdinak" daudela adierazi du diseinatzaileak, triste: "Modarako nortasuna galtzen ari da jendea, klonak ematen dugu".

Inspirazioa ere garrantzitsua izan ohi da sormen prozesuetan, eta Andresek aitortu du "diseinatzaile askoren mireslea" dela. Garaiaren arabera, arreta "batarengan edo bestearengan" jartzen duela adierazi du, eta diseinatzaile "askoren" ibilbidea "gertutik" jarraitzen duela. Dendetan eros daitezkeen diseinu komertzialei dagokienez, Balenciaga etxeko Demna Gvasaliarenak eta Gucciko Alessandro Michelerenak ditu gustuko; ikuskizun diseinatzaileetan, berriz, Pam Hogg nabarmendu du. Bestalde, David Bowie artista "atsegin" duela dio: "Erreferente bat da niretzat, eta ez modari dagokionez bakarrik, baita pentsamenduz ere. Ikono bat da".

Marka famatuak eta moda asteak ere jarraitzen ditu Andresek; Pariskoa, Milangoa eta Londresekoa "gehienbat". Telebistatik edota Internetetik, baina hiriburu horietan gertatzen ari denaren berri izaten saiatzen da. Gainera, ikasleek tailerretan zer egin dezaketen galdetzen diote, eta horrek "eguneratuta egotea" eskatzen diola sentitzen du.

Nahiz eta ez den Parisko, Milango edota Londresko moda asteetan inoiz izan, Bartzelonan bizi zenean, Pasarela Gaudiko desfileetara joaten zen lagunekin; gaur egun, 080 izena du egitasmo horrek. Andresek kontatu duenez, "zaila" izaten zen desfile batzuetarako sarrera lortzea: "Gonbidatu bezala sartzen zinen edo ez zenuen aukerarik". Garai hartan, Andresi edota haren lagunei desfileren baterako gonbidapenak iristen bazitzaizkien, desfile baten eta beste baten tartean, dena garbitzen ari ziren bitartean, jendea kanpora irteten zen momentuan, beraiek komunetan ezkutatzen zirela kontatu du barrez: "Modu horretan, egun osoko desfileak ikusten genituen. Hango atezainek zera pentsatuko zuten: 'Desfile guztietarako sarrerak dituzte, eta beti lehenengo ilaran daude. Nortzuk dira hauek?'".

Andres, berak sortutako diseinu bat atontzen. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide