40. Euskal Antzerki Topaketak

Etenik ez duen obra

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 22a, 10:02

Antxieta antzerki taldearen emanaldietan ateratako argazkien collage-a. (Utzitakoak)

Antzerkiz jantzi da aurten ere udazkena Azpeitian. Erreportaje hau dakarren 2022ko azaroko Uztarria aldizkaria irakurleen eskuetara iristerako hasita zeuden aurtengo Euskal Antzerki Topaketak. Herriko kultur jardunaldirik beteranoenak Euskal Herriko zaharrenetakoak ere badira honezkero bere esparruan, zaharrenak ez badira. 1983tik gaur arte, urte bakar batean hutsik egin gabe egin dira Topaketak; eta horrela, ibilian-ibilian, 40. edizioa harrapatu dute.

"Era batera edo bestera, sortutako oztopoak gaindituz, eman beharreko birak emanez, 40. aldiraino ailegatu gara, eta hori benetan pozgarria da", dio Maria Jesus Aranburuk (Azpeitia, 1948). Kultura zinegotzia zen herriko Antzerki Topaketak martxan jarri zirenean, Imanol Elias zen alkatea, eta buru-belarri ibili ziren biak gerora iraun duen zitaren oinarriak finkatzen eta lehen Topaketak antolatzen. Eliasek eskarmentu handia zuen antzerkigintzan; aktore, idazle eta zuzendari, 60ko hamarkadatik Azpeitian antzerkiarekin zerikusia zuten proiektu guztietan partaide edota sustatzaile izandakoa zen alkate berria. Aranburuk, berriz, "beste maila batean", baina antzerkiarekiko zaletasuna partekatzen zuen harekin, eta konbinazio ezin hobea sortu zen udalean bien artean. "Azpeitian bazegoen tradizioa santotomasetan antzerkia egiteko, eta hori aprobetxatuz eta horrez gain, zerbait egin behar genuela erabaki genuen, biok afizio handia genuelako".

"Kontaktuak egitea izan zen gure lan nagusia hasieran; udalean geunden gu, ipini behar zen dirua ipintzeko prest geunden, eta antzokia ere bagenuen", kontatu du Kultura zinegotzi zenak. Soreasu antzoki zaharra izan zen Topaketen lehen egoitza; lehen hiru edizioak han egin ondoren, Zelaitxo zinemara aldatu zen antzerkiaren udazkeneko festa; Astotegi aurreko zinema aretoa eraitsi behar zutela eta, 2001ean Soreasu zaharrera itzuli ziren Topaketak; eta hura ere bota eta antzoki berria eraiki bitartean, 2006tik 2010era, Izarraitz pilotalekuan babestu ziren, nola hala. 2011n itzuli ziren berriro Euskal Antzerki Topaketak Soreasura, baina antzoki berria estreinatzeko.

Beraz, zer egin nahi zuten erabakita, asmoa aurrera ateratzeko bidaide bila ekin zioten Eliasek eta Aranburuk. "Antzerti [Euskadiko Arte Dramatiko Zerbitzua] martxan zegoen ordurako, eta Eugenio Arozena, hango burua, laguna genuen. Axen Egañarekin ere harreman estua izan genuen, baita Patri Urkizurekin ere. Horrela, antzerki munduko zenbait pertsona kontuan izaten hasi ginen. Gure ideia azaldu genien, eta ilusioz hartu zutela ikusita, Topaketak antolatzeko oinarriak ipini genituen: ez zen mugarik egongo lurraldeei zegokienez, eta printzipioz behintzat, afizionatuen topaketa izango zen, nahiz eta posible zen profesionalen talderen bat ere ekartzea", kontatu du Aranburuk. Azken puntu horretan, Topaketetan zer-nolako taldeak egongo ziren finkatzerakoan "eztabaida pixka bat" izan zutela dio. "Antzerkilari edo konpainia profesionalekin hastea edo amateurrekin egitea, amateurrei ikusgarritasuna ematea eta haiek aintzat hartzea" ziren, nagusiki, eztabaida eragiten zuten aukerak. Aranburu berak gogora ekarri duenez, 1980ko hamarkadaren hasierako urte haietan antzerki talde amateur ugari zeuden Euskal Herrian, bazuen indarra antzerkigintza amateurrak, nahiz eta, oro har, talde bakoitza bere herrian eta inguruan aritzera mugatu. Hain zuzen ere, talde horiei ordura arte ez bezalako plaza eskaintzeko prestatu ziren, azkenean, Azpeitian. "Erabaki genuen, hasieran behintzat, amateurrekin egingo genituela Topaketak. Deialdia egin genuenean, lurralde guztietako talde amateurrak azaldu ziren, baina batez ere Gipuzkoakoak eta Iparraldekoak".

Maria Jesus Aranburu. (Ane Olaizola)

Hasierako edizio hartan, talde amateurrek bakarrik parte hartu zuten Topaketetan. "Ez gaitezen larrosetan bakarrik gelditu, larrosa horiek arantzak ere izan zituzten eta. Baina batez beste, oso-oso pozik gelditu ginen, bai gu eta bai Topaketetan parte hartu zutenak ere. Horrek bultzatu gintuen jarraipena ematera", aitortu du Aranburuk. Ondorengo urteetan, Topaketak osatzen eta eraldatzen joan ziren, pixkanaka, eta amateurrak profesionalei tartea egiten ere bai, Eliasen etsipenerako. Hala ere, Azpeitiko taldeak, Antxietak, mantendu zuen urte luzetan hasierako bidea.

Antxieta, ezinbestekoa

"Imanol ezin da antzerki topaketa hauen historiatik kanpo utzi inoiz, bere presentzia eta lana gogoratu eta mirestu behar ditugu beti", dio Aranburuk, 40. aldira iritsi den proiektuaren lehen pausoez, arrakastez eta zailtasunez mintzo dela.

"40 urte ez dira alferrik pasatzen", dio, bere aldetik, Itziar Oiarzabalek (Azpeitia, 1937), hasierako Topaketa haietatik edota Topaketen hasiera haietatik zer gogoratzen duen galdetuta. Eliasen emaztea, haren eskutik antzerkiaren munduan murgilduta, Antxieta taldeko kide, 1983ko hasierako edizio hartan parte hartu zuen Oiarzabalek, baita ondoren etorri zirenetako beste askotan ere. 1990eko azken urteetara arte, abendua izaten zen Topaketen hilabetea; eta Aranburuk aipatutakoaren haritik, Santo Tomas egunean bukatzen ziren beti. "Oker ez banago, Antxietakook Santo Tomas egunean egiten genuen emanaldia", dio Oiarzabalek. Antzezle gisa, baina jantzitegiaren zein makillajearen eta karakterizazioen arduradun moduan ere aritu zen Oiarzabal Antxietan. "Pare bat antzezlanetarako jostunek egin zizkiguten jantziak, baina gainerakoetan geuk moldatu genituen arropak, neuk egiten nituen konponketak eta", azaldu du. Lehen edizioaren oroitzapen "garbirik ez" duen arren, Topaketetan zein Topaketetatik kanpo egindako emanaldien eta egindako lanen oroitzapen ederrak eta bitxikeria asko ditu gogoan Oiarzabalek, eta nostalgiaz mintzo da. "Imanol, Abel Txapa Txikia, Juanito Bikendi, Patxo, Pilar Aizpitarte, Maritxo Unanue... Zoritxarrez, asko falta dira".

Gelditu ere, gelditzen dira, ordea, Antxietaren urte loriatsuen lelukotza emateko gai direnak. Oiarzabal bera bezala, Iñigo Agirre (Azpeitia, 1956) eta Pedro Otaegi (Beizama, 1938) dira horietako bi. Biek hainbat oholtza zapaldu zituzten herriko antzerki taldearekin, baina bietako inor ez zen aktore lanetan ibili taldearen lehen urteetan, ezta Topaketen lehen aldietan ere. Agirre bai, hasieratik edo ia hasieratik ibili zen taldearen bueltan, 1981etik, baina eszenatokiak eta argiztapena muntatzen. Haunditasun ametsak (1986) izan zen parte hartu zuen lehen antzezlana. Otaegi, berriz, bi urte lehenago estreinatu zen aktore lanetan, Lapurreta urtsuarekin. "Imanolek berak esanda hasi nintzen Antxietan, eta gustatu", gogoratu du, gerora bereziki telebistan ere hainbat lan egitera iritsi zen Otaegik. Hasierako "ardura eta urduritasunak" ere ez ditu ahaztu, "ukondoak sukaldeko mahai gainean tinkatu, eta testua ikasten, irakurri eta irakurri" ematen zituen ordu haiek guztiak.

Itziar Oiarzabal. (Mailo Oiarzabal)

"Antzerki talde amateurrok oso ate gutxi genituen irekita; herrian antzeztu bai, baina herritik aparte zero emanaldi egiten zituzten talde gehienek. Orduan iritsi ziren Euskal Antzerki Topaketak, eta hasierako haien oinarriak ziren ahal zela euskaraz idatzitako lanak eskaintzea eta talde amateurrei halako bizipoz bat ematea. Horiek dira nik lehen urte haietatik gordetzen ditudan oroitzapenak. Imanolen ideia hartatik abiatuta gorpuztu ziren Topaketak eta, begira, 40. aldira iritsi dira", dio Agirrek. Taldekideen jardunaz, "dena borondatezko lana" zela ekarri du gogora Otaegik, "inongo eskolarik gabe". Biak bat datoz, ordea, ikusleek, herrikideek, beren lana eta ahalegina eskertzen zutela onartzerakoan. "Niri beti kritika onak iristen zitzaizkidan", dio irribarrez Otaegik, eta jasotzen zuten "babesa" azpimarratu du Agirrek.

Egindakoa, jasota

Oroitzapenak eta bizipenak gal ez daitezen, baina batik bat orain arte egindako bide luze eta mamitsua egoki jasota gera dadin, Wikipedian Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketei eskainitako atala sortu dute 40. edizioaren atarian, Kulturaz kooperatibaren ekimenez.

Orria osatzen ari dira oraindik, baina dagoeneko hainbat informazio baliogarri aurkitu daiteke bertan.

Iñigo Agirre eta Pedro Otaegi. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide