“Erregina baten pare zaintzen ninduen hasieran. Bigarren haurra jaio zenean hasi zen guztia. Asma bortitz batekin jaio zen haurra, eta medikuarengana joan behar izaten genuen sarritan. Senarra gauza deigarriak egiten hasi zen. Esaten zidan asmakizun hutsa zela haurrarena, hura ospitaleratzea nahi nuela. Hiru egun eman nituen haurrarekin ospitalean dutxa bat hartzeko astirik gabe, eta bera ezer gertatuko ez balitz bezala, Zumaian egon zen, lasai. Haren jokabidean arreta gehiago jartzen hasi nintzen. Haurrak jaio aurretik adostu genuen droga kontsumoa alde batera utzi behar zuela aurrera egiteko, baina kontsumitzen jarraitzen zuela ohartu nintzen. Esaten zidan oparitu egiten ziotela, baina droga ez dizute besterik gabe oparitzen. Garbi neukan horrela ezin genuela jarraitu. “Putakumea, zergatik esnatu zara?” esanez, horrela ematen zizkidan egun onak.
Sukaldeko lauzetan labanek errebotatu egiten dutela ikasi nuen. Egun batean sakelakoa sofa-oheko zirrikitu batetik erori zitzaidan, eta jasotzeko laguntza eskatu nion. Sofa labankadaz bete zuen, eta ni mugitu ere egin gabe geratu nintzen, gero labana niri sartuko zidala uste nuelako. Sofan lo egiten hasi nintzen, baina ez nuen atseden hartzen. Alokairuan bizi ginen, eta pisuaren jabeak esan zidan bikote ohia etxetik bota behar nuela, bestela guztiok kaleratuko gintuelako. Izan ere, portala goitik behera hautsi zuen. Etxepera etortzen zen oihu egitera. Egun horietako batean, haren lagun batek deitu zidan iluntzean: “Zerbait gertatzen bazaizu ez diot nire buruari barkatuko. Zure bikotekide ohia zu hiltzeko norbaiten bila dabil”. Pertsona hura deklaratzera deitu zuen epaileak gero.
Gogoan dut Donostian COVID-19aren aurkako txertoa eman behar zidatenekoa ere. Haurren zaintza partekatua genuen garai hartan. Donostiara eramango ninduela esan zidan. Azeleragailua gogor sakatu eta parez pare zetozen kotxeak saihesten hasi zen, semealabak, ni eta bera kotxean ginela. Bide ilun batetik eraman gintuen, eta atea zabaltzea lortu nuen. Bide ertzean pertsona bat topatu genuen; aingeru bat zela uste dut. Nire alabak ulertu ez nuen zerbait esan zion pertsona hari kotxetik, eta senar ohiak hark poliziari deituko ziola pentsatu zuen. Azeleratu egin zuen berriz ere, ezkutatzeko. Baserri baten lurretara sartu ginen, eta baserritarrari laguntza eskatu nion, baina alde egiteko eskatu zigun. Zur eta lur geratu nintzen. Polizia atzetik zeukalakoan, amore eman eta anaiari deitu zion bikotekide ohiak.
Horiek dira gertaerarik deigarrienak. Epaiketaren zain nago, eta prebentziozko neurri bezala, 300 metroko urruntze agindua dauka senar ohiak. Ertzaintzak emandako sakelako bat izaten dut beti gainean, Bortxa izeneko aplikazio bat instalatuta duena. Edozer dela ere, botoi batean klik eginda jartzen ditut jakinaren gainean ertzainak, eta kasurik txarrenean, Zarauztik baldin badatoz, 11 minutuan dira Zumaian.
Auzitegiko psikologoaren txostenean jasota dago senar ohiaren oldarkortasunaren berri, baina ni horren jakitun izanda, hura haserrarazi egiten dudala ere idatzita dago han. Haurrekin egon al daitekeen ebaluatu behar dute orain, neurriak prebentziozkoak direlako. Pentsa, alabak ihes egiteko plan bat prestatu zuen senar ohiarengana joaten zirenerako. Salatuta, amesgaiztoa amaitu egiten dela dirudi, baina gezurra da; beste fase bat hasten da orduan. Jendeak kalean geldiarazi egin izan nau, eta entzun behar izan dut nire senar ohia on-puska bat dela.
Kalean margoketak ere egin izan ditu. Alabak hala esan zidan: “Begira, ama, margoketa bat egin dizute”. Eta nik “zer buru bihurria duzun”, erantzun nion. Baina arrazoi zuen. Margoketa gehiago topatu genituen etxera bidean, eta haietako bat salatu zuen bere lagunari eskainia zen. Emakumeon* Etxeak babes handia eman dit, eta epaiketaren bueltan ere emango didala uste dut. Behar izan dudanetan, haurrak ere zaindu dizkidate. Argi izpi bat izan da iluntasunean”.