San Martin egoitzako ordularia zaharberrituko dute

Julene Frantzesena 2022ko aza. 21a, 13:26

Agustin Lizarralde Turismo zinegotzia eta Xabier Yeregi Yeregi elkarteko kidea. (Azpeitiko Udala)

Duela ia mende erdia gorde zuten erlojua, eraikin berria egiteko, eta ordutik ez da martxan izan. Yeregi elkarteko kideek berrituko dute, sei hilabeteko epean, eta berriro ikusgai jarriko dute. Erlojua Juan Sugastik egina da 1815. urtean; eskualdeko erlojurik zaharrena da.

Ondare publikoari balioa emateko helburuz, Azpeitiko Udalak San Martin egoitzako erlojua zaharberrituko du. Duela ia mende erdia gorde zuten erlojua, eraikin berria egiteko, eta ordutik ez da martxan izan. Dena den, udalak azaldu duenez, "txukun-txukun" izan dute gordeta, piezaz pieza desmuntatuta jaso baitzuen norbaitek. Orain, baina, erlojua berritu eta martxan jarriko du erakundeak, Yeregi elkartearekin elkarlanean, eta lanak bukatzean, ikusgai jarriko dute.

Sei bat hilabete beharko dituzte Yeregi elkarteko kideek erlojua berritzeko. Hain zuzen ere, inbasiorik gabeko zaharberritzea egingo dute; hau da, lehenik martxan jarriko dute erlojua haren egoera zein den ikusteko. Gero, desmuntatu eta garbitu egingo dute, eta ondoren, analisi teknikoak eta arkeologikoak egingo dizkiote. Azterketak egitea jakingo dute, beraz, zein zen erloju hura egin zuten garaiko jakintza teknikoa eta egilearen abilezia zer-nolakoa zen. Dena den, erlojua altxor bat dela azaldu dute udaleko eta Yeregi elkarteko kideek.

Xabier Alvarezek gidatuko ditu lanak, eta hark laguntzaile izango ditu Tomas Bergara, Juan Mari Elosua eta Bego Arruti. Gainera, herritarren batek erlojuaren zaharberritze lanetan lagundu edo ekarpenen bat egin nahi izanez gero, horretarako aukera izango du 943-15 72 00 telefono zenbakira deituta. Gainera, udalak aurreratu duenez abenduan gaiaren bueltako hitzaldi bat eskaintzeko asmoa dute, eta aurrerago ikastetxeetako ikasleei erlojua bisitatzeko aukera eskaintzea aurreikusten dute.

49 urtez gordeta

Orain dela 49 urtetatik, San Martin egoitzan dago desmuntatuta gordeta erlojua. Yeregi elkarteko Alvarezek azaldu duenez, "pazientzia eta mimo handiz" desmutatu eta "egoki" gorde zuten. "Hori egin zuenari eskerrak eman nahi dizkiogu, ez baita ohikoa erloju zaharrak halako ondo gordetzea". Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko Turismo zinegotziak, berriz, herriko ondareari eman nahi izan dio balioa. "Ondare abertasa duen herria da Azpeitia, eta erloju honek erakusten digu gordetako edota ezkutatutako altxorrak ere baditugula oraindik". Bide horretan, herritarrek eta bisitariek Azpeitiko ondarea ezagutzen jarraitzeko lan egingo dutela esan du: "Azken urteotan, Basazabal jauregia berritu dugu, eta beste hainbat ondareri eman diogu balioa; bide beretik segituko dugu lanean".

Erlojua 1815. urtean Juan Sugastik egina da. Eskualdeko erlojurik zaharrena dela ere azaldu dute udaleko eta Yeregiko kideek. Ez da, baina, Sugastik egindako erloju bakarra San Martin egoitzakoa; izan ere, Cadizeko katedralekoa ere hark egina da. Yeregik azaldu duenez, gainera, Azpeitikoak ere ez du "nolanahiko" erlojua ematen: "Erlojuak berezitasun batzuk ditu, orratza adibidez; berezia da eta egilearen estiloa markatzen du. Horrez gain, erlojuak apaingarri zainduak ditu, eta horrek egilearen maila erakusten du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide