Piaspe proiektu eolikoa

200 lagun inguru elkartu dira mendietako zentral eolikoak gelditzea eskatzeko

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 3a, 13:34

Sañu Bizirik eta Oletan Ere Ez taldeek deituta, 200 lagun inguru elkartu dira Azoka Plazaren aurrean. (Ihintza Elustondo)

Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurka dauden 200 lagun inguruk agerraldia egin dute eguerdian Azoka Plazaren atarian, Sañu Bizirik eta Oletan Ere Ez taldeek deituta. Mendien industrializazioa saihestu eta "mikroproiektuak nahiz kontsumo arduratsua lehenetsiko lituzkeen eredu baterantz" jo behar dela uste dute han bildutakoek. Erakundeetako ordezkari politikoei eskatu diete "makrozentral eolikoen aurkako jarrera argi eta garbia" erakuts dezatela.

Eskualdean bi zentral eoliko eraikitzeko asmoz aurkeztu dituzten proiektuek zalaparta sortu dute azken boladan, eta mendietan halako egitasmoak gelditzea eskatzeko, agerraldia egin dute gaur 200 lagun inguruk Azpeitiko Azoka Plazaren atarian. Sañu Bizirik eta Oletan Ere Ez taldeek egin dute deialdia, eta bi talde horietako kideak ez ezik, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako bizilagunak ere bertaratu dira. "Klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoa ezinbestekoa da, baina mendietan makrozentral eolikoak jartzea ez da irtenbidea; amildegira garamatzan lehengo bidean azeleragailua zapaltzea besterik ez da hori", adierazi dute agerraldiaren hasieran.

Han bildutakoek nabarmendu dutenez, "egiazko aldaketarako", lehendabizi, "energia plan orokor eta integrala" egin beharra dago, eta horretarako, "eredu ekonomikoaren birformulatzea ardatzean jarri" behar da. "Egiazko aldaketa ingurumenari ahalik eta eragin gutxien sortuz egin behar da, eta ez ingurumena are gehiago txikituz". Haien arabera, "ez da bideragarria" makroproiektuetan oinarritutako eredua, ezta "bidezkoa" ere. "Ideia horrekin bat egiten dute gaian adituak diren zientzialari gehienek. Gehien-gehienak ados daude kontsumoa murriztu gabeko trantsizio energetikoaz aritzea gezurra dela esaterakoan". Etumeta-Sañu-Arroitako eta Samiño-Oleta-Izazpiko makrozentralek proposatzen dutena, hain zuzen ere, "hazkunde ekonomikoan oinarritutako trantsizio energetikoaren gezurra" dela uste dute. "Falazia da, komunikabide handien zelofanetan bildutako iruzurra".

Sañukoa eta Oletakoa ez direla inguruotan eraiki nahi dituzten "makrozentral eoliko bakarrak" aipatu dute; haien erabera, mendigune gehiago ere badituzte "begiz jota" Gipuzkoan. "Kaltetutako herriak" zein izango liratekeen zerrendatu dute: Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Urretxu, Zumarraga, Itsasondo, Soraluze, Elgoibar, Bergara, Zizurkil, Usurbil, Antzuola, Eskoriatza eta Bergara. Hori "zerrenda handiegia" iruditzen zaie, Gipuzkoa bezalako "lurralde txiki" baterako. "Eta ez dago zantzurik pentsatzeko mendien industrializazioa hor geldituko denik, milaka milioi euroko interesak dituzten multinazionalak ez direlako inoiz neurriz jarduten. Horietako bakar batek ere ez du esan etorkizunean orain proiektatutako makrozentralak handitzeari uko egingo dionik, edota berriak eraikiko ez dituenik. Ez dira ari ingurumenean pentsatzen, euren etekin milioidunetan baizik. Nabarmena da, baina esan beharra dago, badaezpada ere. Gaur Sañun eta Oletan dena bihar Gazumen eta Murumendin izan daiteke". Jarraian, honako galdera egin dute: "Inguruko mendi guztiak txikitu behar al ditugu kontsumoa gutxitzeko ezer egiten ez duen trantsizio energetiko faltsu baten izenean?".

Kalteak, "berreskuraezinak"

Zentral horiek sortuko lituzketen "kalteak berreskuraezinak" izango direla azpimarratu dute agerraldian. Gainera, Sañu ingurua, legez, "paisaia interes bereziko eremua" dela aipatu dute, eta "Natura 2000 sareko Izarraitz eta Pagoeta-Hernio guneen arteko lotura egiteko korridore ekologiko gisa" dagoela identifikatuta. Horrez gain, inguruko bizilagunak izan dituzte gogoan; baserritar batek hartu du hitza: "Gogoratu behar da inguru horretan bertan jendea bizi dela, bertan lan egitetik bizi garen baserritarrak gaudela, eta zentrala eginez gero, ezingo genukeela han bizi eta lan egin. Gauza bera gertatzen da Oletan. Abeltzaintza estentsiboko gune garrantzitsua da. Ez da oraingo kontua, ganaduak hazi izan dituzte mendi horietan gure arbasoek oso-oso aspalditik. Lehen ganaduzaleek orain milaka urte eraiki zituzten Oletako eta Samiñoko tumulu eta dolmenak dira lekuko. Milaka urtez jaten eman diguten mendiak ezingo ditugu bada txikitu gutxi batzuen poltsikoak berotzeko!".

Mendietako zentral eolikoen aurka irmo agertu diren arren, "garbi" utzi nahi izan dute "energia berriztagarrien alde" daudela, baita "energia eolikoaren alde" ere. "Energia trantsizio justu, eraldatzaile eta jasangarri baten alde gaude. Ez gaude, ordea, orain arteko etengabeko hazkundearen eskema erreproduzitzen duen eredua berdez mozorrotzearen alde", erantsi dute. Mendien industrializazioa saihestu eta "mikroproiektuak nahiz kontsumo arduratsua lehenetsiko lituzkeen eredu baterantz" jo behar dela uste dute. "Hitzez desazkundea eta jasangarritasuna aipatzea baina ekintzez makrozentralen aldeko jarrera izatea ez da koherentea. Lehenik, aditu independenteen iritzia herritarren eskura jartzeaz arduratu beharko lukete udalek, eta ez multinazionalei lehentasuna emateaz". Sañun zentral eolikoa eraiki nahi duen Statkraft enpresari ere egin diote kritika: "Soreasuko agerpenean egondako edonork daki gezurra eta zikina besterik ez darabiltela Statkrafteko ordezkariek".

Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean ere jarri dute arreta. "Plan hori gabe, nola da posible udalek zentralak eraikitzeko aukera begi onez ikustea? Nolatan ez diete bailarako udalek begirune gehiago 2021eko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako plangintzei? Esaterako, 2050 Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiari? Nolatan ari dira bultzatzen estrategia jasangarri horren alderantzizko eredua proposatzen duten proiektu suntsitzaileak?".

Aipatutakoak aipatu, ondorio bat atera dute: "Inozoa da pentsatzea multinazional horiek ingurumenaren alde daudela eta gure herriko behar energetikoekin laguntzera etorri direla. Multinazional horiei mendi gainak industrializatzen uztea ez da aurrerakoia, ez da zentzuzkoa, eta batez ere, ez da eraginkorra izango etorkizuneko erronka energetikoei aurre egiteko".

Zenbait gogoeta

Agerraldiarekin amaitzeko, zenbait gogoeta plazaratu dituzte bertan bildutakoek. Batetik, elikadura burujabetza izan dute hizpide. "Gipuzkoan jaten ditugun elikagaien zein ehuneko ekoizten dugu egun? %5? %10? Horra hor elikadura burujabetzarekin dugun arazo potoloa". Landa lurrak "jaki osasuntsuak eta jasangarriak" sortzeko beharrezkoak direla uste dute, eta, beraz, ez direla industrializatu behar.

Bestetik, Sañuko eta Oletako proiektuek "lehen sektorearentzako eta herritarren aisialdirako ezinbestekoak diren lurrak betirako hondatuko" dituztela adierazi dute. "Mendiak gure ondarearen zati bereizezina dira. Gure mendiei eta paisaiei zor diegu gaur garena, neurri handi batean", hausnartu dute.

Era berean, esan dutenez, Sañu inguruko proiektuak Gipuzkoako argindar kontsumoaren %1ari baino ez dio erantzungo; Oletakoak, berriz, Azkoitiko kontsumoaren %6ari baino ez.

Azoka Plazan bildu direnen iritziz, kontsumoa gutxitzea izan behar da "lehentasuna"; izan ere, haien arabera, "inolaz ere ezin da" zentral eolikoen bidez gaur egungo kontsumo energetiko guztia ordezkatu. "Mendigain guztiak zentralekin txikituta ere ez genuke lortuko. EAEko etxebizitzetan kontsumitzen dugun energia eskaerari erantzuteko, mila errota inguru beharko genituzke, baina kontuan hartu behar da etxebizitzena kontsumo energetiko guztiaren %11 soilik dela. Beraz, 1.000 errota ezarrita, oraindik %89ko hutsunea izango genuke behar energetiko guztia asetzeko. Aurrekoari, gainera, haize baldintza egokiekiko mendekotasuna gehitu behar zaio", esan dute.

Energia kontsumitzen den lekutik ahalik eta gertuen sortu behar dela ulertzen dute agerraldian bildutakoek: "Gune industrializatuetan eta urbanizatuetan, eta, oro har, jada, degradatuta dauden lur eremuetan". Horri lotuta, "metropolietako biztanleriak landa eremuetako eta herri txikietako gutxiengoen aurka bultzatzen dituen politika maltzurrak" salatu dituzte.

Ordezkari politikoei eskaerak egiteko ere baliatu dute abagunea: "Urola bailarako alkate, hautetsi eta hurrengo udal hauteskundeetan hautagai izango diren ordezkari politikoei zera eskatzen diegu: makrozentral eolikoen aurkako jarrera argi eta garbia erakuts dezatela, utz diezaiotela multinazionalen interesak herritarren beharren gainetik jartzeari eta batu ditzatela indarrak gure mendien suntsiketa saihesteko".

"Hondatu gabe gelditzen diren naturgune bakarrenetarikoak" mendiak direla nabarmendu dute, eta horiek bakean uztearen alde agertu dira. "Horiek bada ere utzi ditzagun osasuntsu guretzat, gure seme-alabentzat eta ondorengo belaunaldientzat. Arrazoi horien guztiengatik irmotasunez defendatuko ditugu gure mendiak. Gureak direlako, gure ondorengoenak direlako. Kosta ala kosta defendatuko ditugu!". Aldarri batekin amaitu dute hitzartzea: "Gora gure mendiak aske!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide