Ekain Ibarguren: "Formatu bera mantentzen dut, funtzionatu egiten duelako"

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 8a, 18:32

Ekain Ibarguren, joan den azaroaren 27an, Ondarroan. (Utzitakoa)

Aho bete hortz bakarkako ikuskizun berria aurkeztuko du Ibargurenek (Azpeitia, 1996) igandean Soreasu antzokian, 17:00etan. Herrikideak beste behin "barrez lehertzea" nahi du pailazo eta malabarista azpeitiarrak.

Ikusleak aho bete hortz uzteko prest?

Hori beti, bai. Ea denak aho bete hortz uztea eta barrez lehertzea lortzen dugun.

Noiztik ari zara ikuskizun berria prestatzen?

Zazpi-zortzi hilabeteko bira luze batetik nator, eta denbora horretan izan dut ideia berriak sortzeko eta garatzeko astia. Dena den, Aho bete hortzen aurreko ikuskizunetako osagai batzuk mantentzen dira, ikuskizun oso bat berria izatea oso zaila delako. Beti gordetzen duzu tarte bat ikusleei aurrekoetan gustatu izan zaien ikuskizunaren zati batentzat, harrera ona izan duen horrentzat. Horrelakoei apaindura eta osagai berri batzuk gehitu, eta prest daukazu ikuskizun berri bat.

Igandean Soreasura joango direnek ikusiko dutenaz zerbait aurreratzerik bai?

Zerbait aurreratzekotan, esango nieke ikuskizunaren formatua aurreko nire ikuskizunen formatuaren antzekoa izango dela. Alegia, ez da izango Pirritx eta Porrotxen ikuskizunen moduko zerbait, umeentzako kantuekin eta abar. Nire ikuskizunak beti oinarritu izan dira ikusleen parte hartzean: jendeari adarra jo pixka bat, ikusleak zirikatu... Umore pila bat du Aho bete hortzek, jendeak barre egiteko ikuskizuna da. Eta nola ez, malabarista ere banaizenez, malabarismo saio batzuk ere ez dira faltako.

Alejop! izan zen aurkeztu zenuen bakarkako azken ikuskizuna, hura ere Soreasun, 2020ko otsailean, pandemiaren atarian.

Hala da, bai. Soreasun aurkeztu nuen hura ere, eta ondoren herriz herri emateko aukeraren bat izan nuen, baina oso gutxi. Akordatzen naiz Donostian emanaldi bat egin nuela, eta hurrengo astean denok konfinatuta geunden. Oso gutxi mugitu ahal izan nuen ikuskizun hura, baina pandemiaren okerrenaren ostean Alejop 2.0 ondu nuen, aurreko ikuskinari nolabaiteko jarraipena emateko; izan ere, pena ematen zidan hura hain gutxi erakutsi ahal izanak, eta Gipuzkoako hainbat herritan lortu nuen ematea.

Zertan bereizten da, bereiztekotan, Aho bete hortz orain arte eman izan dituzun ikuskizunetatik?

Berezitasun handirik ez duela esango nuke. Lehen esan dudan bezala, formatu bera mantentzen dut, funtzionatzen duela ikusten dudalako. Nire ikuskizunen berezitasun aipagarriena da pailazo bakarra aritzen dela lanean. Jendea pailazo taldeak ikustera ohituta dago, baina ez da hain ohikoa pailazo bat bakarrik ikustea oholtza gainean; kolore festa handirik gabe, gainera, ez naiz-eta kolorinetako jantzien oso zalea. Pailazo desberdina naizela ikusten dut, orain arte ikusi ditugunekin alderatuta.

Gure Zirkuan jarraitzen duzu. Gabonetan Tolosan ariko zarete. Zer moduz?

Duela gutxi bukatu dugu Gure Zirkuaren bira, baina orain Tolosan jarri dugu karpa, San Estebanen, Gabonetan urtero ohi dugunez. Abenduaren 26an hasita eskainiko ditugu ikuskizunak han, tolosarrentzat, azpeitiarrentzat, donostiarrentzat... nahi duzuen guztiontzat. Oso gustura nabil Gure Zirkuan, etxean bezala sentitzen naiz.

Gure Zirkuko lana zeure ikuskizun propioekin tartekatzeko ondo moldatzen al zara?

Gure Zirkuarekin bira bukatzeko zain egoten naiz neure ikuskizunak emateko. Biran gabiltzan bitartean karabanan bizi gara erabat, eta oso zaila da aparteko ikuskizunetarako tartea ateratzea. Normalean, aparteko ikuskizunak emateko aukera handiena asteburuetan izaten da, eta Gure Zirkuarekin lanean ibiltzen gara asteburuero. Beraz, bakarkako ikuskizunak alde batera uzten ditut birak dirauen hilabeteetan, eta bira bat bukatu eta bestea hasi arteko tarteak aprobetxatzen ditut bakarkako ikuskizunekin buru-belarri aritzeko.

Aho bete hortzekin zer bide egitea gustatuko litzaizuke?

Azaroaren 19an estreinatu nuen ikuskizuna Adunako (Gipuzkoa) Kultur Astean, eta harrezkero beste emanaldi batzuk ixteko aukera izan dut. Gustatuko litzaidake urte honetan ahal den denbora gehiena aurpegia margotuta pasatzea.

Beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Lan berri honi eutsiko diot Gure Zirkuaren hurrengo bira hasi arte. Era berean, egunero entrenatzen saiatuko naiz, orain arte bezala, sasoia mantentzeko eta ikusleen aurrean gauzak ondo egin ahal izateko. Pilotatxoren batek ihes egingo digu hala ere, baina ez egunero entrenatzen ez dugulako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide