Elkarrizketa

Andoni Basterretxea: "Sorpresatxoren bat izango da Azpeitiko biharko kontzertuan"

Nerea Uranga 2022ko abe. 9a, 11:00

Delirium Tremens taldea; Mikel Kazalis, Andoni Basterretxea, Juantxo Iurrita eta Haritz Harregi. (Argazkia: Delirium Tremens)

Azpeitiko Sanagustin kulturgunean joko du Delirium Tremens taldeak bihar, larunbata, 22:00etan. Unidad Alavesa taldea ere ariko da. Kontzerturako sarrerak agortuta daude dagoeneko.

1991n jotzeari utzi zion Delirium Tremens taldeak, baina aurten disko berria atera, eta zuzenekoak eskaintzen ari da. "Gustura" dabiltzala dio Andoni Basterretxea (Mutriku, Gipuzkoa, 1964) taldeko abeslariak eta gitarra jotzaileak. 

30 urte jo gabe egon ondoren, 2019ko abenduaren 17an elkartu zen Delirium Tremens taldea, Iñigo Muguruza zenaren omenez Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuan jotzeko. Hori izan al zen berriro taldea elkartzen hasteko hazia?

Iñigoren omenaldi kontzertuaren kontura batu ginen taldekideok, baina bakarrik helburu horrekin elkartu ginen, eta lau kanta prestatu eta jo genituen.

Gero, ordea, Hordago disko berria grabatu zenuten. 2019ko kontzertu hura izan al zen amua?

Iñigoren omenezko kontzertua jo eta gero, aurrera egin ala ez egon ginen, eta 2020ko otsailean aurrera egitea erabaki genuen. Hala ere, kontzertuak ematen hasi aurretik, denbora bat hartzea erabaki genuen kanta berriak prestatzeko, disko berri bat ateratzeko, eta gero lan horrekin berriro plazaratzeko. Eta hala egin genuen: Iñigoren omenezkotik BEC-en eman genuen aurkezpen kontzertura bitartean bi urte eta erdi pasatu ziren.

Aurtengo maiatzean egin zenuten Hordago diskoaren aurkezpen kontzertua BEC-en. Zortzi kantu berrik osatzen dute lan hori, eta Haritz Harregirekin grabatu duzue.

Hirukote gisa [Patxi Irisarri, Juantxo Iurrita eta Andoni Basterretxea] hasi ginen Hordago diskoa grabatzen, Haritzen estudioan. Hordago eta Dela lehen bi kantak grabatu genituen, eta aurkezpen bideoa ere hirukote moduan egin genuen. Haritz tekniko gisa aritu zen, eta harreman polita sortu zen gure artean. Denbora aurrera zihoan, eta kanta berria gehiago grabatu behar genituen. Lagunduko al zigun galdetu genion Haritzi, gitarra entxufatzeko eta gurekin jotzen hasteko eskatu genion Patxik eta biok. Baietz esan zigun, listo, eta gaur arte.

Alderik antzeman al duzue aurreko Deliriumen diskoetatik oraingora?

Normala den bezala, [Iñigo] Muguruzatik Haritzera, gitarra aldetik aldaketa antzematen da, baina inor ez da inoren fotokopia. Orain, berriz, zorionez-zoritxarrez, Patxi baxu jotzaileak taldea utzi du, eta Mikel Kazalis hasi da haren tokian kontzertu batzuetarako. 

Nola izan da Mikel Kazalis talderatzeko kontua?
Taldean mugimenduak izan ditugunean, beti izan dira naturalak eta inprobisatuak. Patxik esan zigunean taldean ez zuela jarraituko, Haritzi otu zitzaion Mikeli deitzea eta ea apuntatzen al zen galdetzea. Baietz esan zigun, eta orain kontzertu batzuetan gurekin joko du. 

Egun, zer du Delirium taldeak sorreratik?
Batzuetan ematen dizkiot buruari buelta batzuk, baina gauzak normal, natural, egin eta hartu izan ditugu beti. Aurrena joan zen baxu jotzaile bat, eta etorri zen Patxi, eta hiru ibili ginen; eta gero etorri zen Iñigo [Muguruza], eta lau aritu ginen. Deliriumek sei urtez bakarrik jo zuen garai hartan, oso urte gutxiz aritu ginen, eta gero 30 urte egon gara jo gabe. Iñigo zendu zenean, eta erabaki genuenean berriro batzea, erarik naturalenean bildu ginen. Gero gertatu zen Haritzena, eta orain, Mikelena. Gainera, berriro jotzen hasi aurretik, gu ez genbiltzan musikaren munduan. 

Itzuleran aldatuta aurkitu al duzu musika mundua?
Bai, zeharo aldatuta.

Eszenatokian nola sentitu zara?

Ondo sentitu naiz, bai lehen eta bai orain. Urte piloa pasatu dira jo gabe, eta beti tentatu izan nau jendaurrean aritzeak: gustatzen zait agertokira igo, gitarra entxufatu, mikrofonoari tok-tok jo, "gabon!" esan eta gitarrari zarata ateratzea. Sentsazio onak izan ditut, eta gustura aritzen naiz.

Itzuleran Delirium zale zaharrak antzeman al dituzu publikoaren artean?
Asko, eta batez ere lehenengo kontzertuetan. Orain, hasi da beste adin batzuetako jendea-eta ikusten publikoan. BEC-ekoa, esaterako, izugarria izan zen, gure kintako jende ezagun asko zegoen. Baina normala da hori.

BEC-ekoaren ostean kontzertu asko jo al dituzue?

Hatortxun jo genuen, EHZn, Arrasaten... Gero, pare bat hilabetez geldirik egon gara, eta orain berriro martxan hasi gara, zortzi kontzertu ditugu jarraian, eta udaberrirako eta udarako ere ari gara batzuk lotzen.

Zer eskainiko duzue biharko Azpeitiko kontzertuan?
Orain arteko kontzertuen antzekoa izango da, baina sorpresatxo batekin: kanta baten bertsioa egin dugu, eta hori estreinatuko dugu. Seguru jendeari gustatuko zaiola.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide