Aitor Arana: "23 urte dira Nafarroako euskalkien liburuekin lanean hasi nintzela"

Nerea Uranga 2023ko urt. 7a, 16:35

Aitor Arana, 'Hegoaldeko goi-nafarrera' hiztegia eskuetan duela. (Nerea Uranga)

21 urte zituela, erronkarierarekin maitemindu zen egun Urrestillan bizi den idazlea. Geroztik, Nafarroako hiru euskalkiri buruzko hiztegiak kaleratu ditu Lingua navarrorum bilduman. Bukatzear du lan hori, baina ez dago hutsik Aranaren idazmahaia. Ehundik gora liburu ditu sortuta, eta beste asko itzulita. Labetik atera berri du Beldurrak airean gazte literaturako liburua, eta hiru lan ditu argitaletxeetan aurkeztuta. 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Idazten, itzultzen eta hiztegigintzan 40 urte daramatza Aitor Aranak (Legazpi, Gipuzkoa, 1963). 20 urte ingururekin ekin zion lanbideari, eta ordutik idazlea da Urrestillako bizilaguna. Ehun liburutik gora ditu sortuta, eta askotariko estiloak landu ditu horietan. Dioenez, idazketari lotuta, "nahi edo gogoa izan duen guztia" egin du. Zorionekoa da idaztea duelako lanbide eta bizimodu.

Mende laurden inguru da Lingua Navarrorum bilduma osatzen hasi zela. Sorta horrek XX. mendean Nafarroan galdu ziren hiru euskalki ditu langai: erronkariera, hegoaldeko goi-nafarrera eta zaraitzuera. Ibar bakoitzeko euskalkien hiztegiekin osatutako 22 zenbakiko bilduma da.

Zer helbururekin heldu zenion Nafarroako euskalkiak jasotzeko lanari?

Bilduma horren helburua da euskara galdu baina dokumentatuta gelditu den toki horietako materiala hartu eta jendearen eskuetan jartzea, hiztegien eta ikasliburuen bidez. 25 urte inguru izango dira lan horrekin hasi ginela, eta pixkanaka-pixkanaka, hegoaldeko goi-nafarreraren azpieuskalkietako ikasliburuak ere ateratzen ari gara. Zergatik? Arrazoia oso sinplea da: egun Nafarroako eremu horretan milaka euskaldun daude, euskaldun berriak, beren kasa ikasi dutenak, ikastetxeetan ikasi dutenak, beste lurralde batzuetakoak dituzten gurasoengandik ikasi dutenak... Eta ibar edota herri horietan bizi direnak eta bertako euskararen berri jakitea interesatzen zaienak ere badira: "Guk euskara batua badakigu, baina hemengo euskara nolakoa zen edo nolakoa da?". Poliki-poliki agertzen da interes hori baduen jende gaztea, eta horiek esan izan digute: "Ni Txulapaingoa naiz, eta hiztegia asko gustatu zait; oso interesgarria da". Jende horrentzako pentsatuta dago bilduma.

Nafarroako toki horietan euskaraz hitz egiten zela adierazi nahi duzu lanarekin, ezta?

Atzo arte euskaldunak izan ziren leku horiek. Hiztegien aurkezpenak edo hitzaldiak egiten ditudanean, bertakoei amonatxoen kontua ezagutzen al duten galdetzen diet. Amonatxoen kontua belaunaldien kontua da. Alegia, esaten da Jesukristoren garaitik gaur egunera amonatxoen 80 belaunaldi sortu direla: 80 amonatxo. Eta, adibidez, 80 belaunaldi horietatik 77-78 euskaldunak ziren Artaxoan edota Garesen. Gaur egungo biztanleek, ordea, azken 100-150 urteak ezagutu dituzte, euskararen galera ezagutu dute, eta horregatik uste dute beren herrian edota ibarrean ez dela euskaraz egin. Baina uste oso okerra da hori. Zorionez, horrelako lanei eta beste lan askori esker –Nabarralderen lana oso garrantzitsua da kontzientziazio kontuan–, Nafarroako eremu horretan dagoeneko ia-ia ez dago "hemen ez da inoiz euskararik egin" esaten duen inor; ez bada euskararen kontra dagoenen bat. Zorionez, hori bukatu zen.

Non bildu duzu erronkariera, hegoaldeko goi-nafarrera eta zaraitzuera euskalkien hiztegi liburuak osatzeko dokumentazioa?

Ni ez naiz ibili horrenbeste dokumentazioa biltzeko lanean, baina beste batzuk bai. Esaterako, Koldo Artolak –ez da filologoa, baina oso euskaltzalea eta euskalkilaria da– eta Iñaki Caminok –filologoa eta Gasteizko Unibertsitateko irakaslea– bilketa lan handia dute eginda. Horiek Nafarroan herriz herri ibili ziren euskaraz zekien jendeaz galdezka, eta grabazio asko egin zituzten. Lan hori iturri oso ona izan da hiztegiak egiteko garaian. Haiek euskalkiak biltzen ibili ziren eremuetako hiztegiak lodiagoak atera dira. Adibidez, Erronkariko hiztegia 10.000 sarrerakoa da, eta Uxuekoak 1.000 sarrera dauzka. Zergatik? Bada, Erronkarin euskalkilari asko ibili ziren azken euskaldunekin grabazioak eginez, eta gainera, Erronkariko dokumentazio asko dago. Bestalde, Iruñea inguruan eta Iruñerri osoan eskolak ez ziren euskaraz ematen, baina bazegoen gauza on bat: erlijioa. Apaizak-eta segurtatu behar izaten zuten kristautasunaren mezua ondo helduko zitzaiela hango herritarrei, eta orduan elebakarrak zirenez, euskaraz helarazten zieten mezua. Horri esker, doktrina asko eta asko geratu dira euskalkietan eta azpieuskalkietan idatzita, eta euskara galdu den eremu batean altxorra da doktrina, gramatika aldetik esaldi asko dauzkalako kausalak, erlatibozkoak eta abar. Nik asko landu ditut doktrinak, hiztegi aldetik 500 hitz edo gehiago edukitzen dituzte; oso iturri emankorra dira. Horiek dira iturri nagusiak, baina baita toponimia ere. Hiztegietan landu dugun eremua historikoki euskalduna izan da atzo arte, eta toponimia oso freskoa dauka. Toponimia ondo aztertuz gero, eremuaren arabera, 300-400 hitz atera daitezke.

Bi hamarkada dira Nafarroako euskalkien inguruko hiztegi eta ikasliburu bildumarekin lanean hasi zinela. Nolakoa izan da ibilbidea? Eta orain, zein unetan dago?

Mende honen hasieran hasi nintzen bilduma osatzen duten liburuak argitaratzen; Hiria argitaletxearekin atera nituen aurrenekoak, Aranburu editorearekin eta Nafarroako Gobernuaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gero, etena egon zen, eta hiztegi horiei dirulaguntzak moztu zizkieten. Ondoren, berriro ekin nion nik, Koldo Colomo nafarrak lagunduta. 2019. urtean aldi berria hasi genuen biok, eta harrezkero, beste sei edo zazpi hiztegi atera ditugu; beste lau edo bost bidean dira. Denak bukatu arte jarraituko dugu, eta ez zaigu asko falta; Orbaibarkoa eta Eguesibarkoa falta dira egiteko. Badaukat lan hau bukatzeko gogoa; orain dela 23 urte hasi nintzen, eta lan handia izan da, baina oso pozgarria eta emaitza politak izan dituena.

Udal euskaltzalea egokitu zaigun tokietan oso erraz argitaratzen ditugu bildumarako liburuak, eta gainera, pozik hartzen dute egitasmoa. Udalak inplikatu egiten dira, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza bideratzen dute hiztegirako. Gainera, beren udalaren armarria jarri nahi izaten dute argitalpenean. Baina udalak euskaltzaleak ez diren herrietan, tokatu zaigu "euskara hemen soberan dago" bezalakoak entzutea. Horrelako kasuetan, zorionez, tokian tokiko euskara taldeak-eta azaldu dira edizioa laguntzeko prest; kasu horietan, gure lana ez dugu kobratzen. Hiztegi bat egiteak ordu asko eskatzen ditu, kontsulta lan handia egin beharra dago eta dokumentazio lana oso garrantzitsua da; horretan bilketa lan handia egiten du Colomok.

Aitor Arana Iraurgi ikastetxearen Euskal Astean, 2007. urtean. (Nerea Aranguren)

Euskalkiei lotuta, hiztegiez aparte, baduzu beste proiektu bat esku artean: Dorian Grayren erretratua (Oscar Wilde) eleberria euskarara itzultzeaz gainera, nobela hori hainbat azpieuskalkitara itzultzen ari zara. Nondik nora duzu euskalkiekiko zaletasun hori?

Euskalkiak aberastasun handia direla uste dut; hortik datorkit zaletasuna. Etxean elebidun natiboak ginen: gure ama Burgoskoa [Espainia] zen, erdalduna, eta aita Zumarragakoa [Gipuzkoa], euskalduna eta euskaltzalea. Ni jaio nintzenean, 60ko hamarkadan, horrelako bikote mistoetan gurasoek gazteleraz egiten zieten seme-alabei, eta are gehiago aita euskalduna zen kasuetan; ama euskalduna eta aita erdalduna zen kasuetan, errazago transmititzen zuen amak euskara. Legazpin, nire belaunaldiko lagun asko eta asko, guraso euskaldunak izanagatik, erdaldunak izan ziren txikitan, nahiz eta berez euskaldunak izan beharko zuketeen. Eta, ondoren, 18-20 urterekin, haietako askok euskara ikasi zuten euskaltegian; hor eten handia izan zen. Baina, zorionez, gure aita euskaltzalea zen, eta nahiz eta Burgosko emaztea eduki, guri beti euskaraz egin zigun; etxean beti euskaraz egiten genuen aitarekin, eta gazteleraz, amarekin. Hori horrela, txikitan beti buruan izaten nuen zeinen desberdinak ziren bi hizkuntzak. Gero, Legazpiko ikastola ireki zuten, eta 2 urte neuzkala, ikastolaren lehen urtean, hara eraman ninduen aitak; ikastolan ibili ginen anai-arreba txikiak. Erdarakadak esaten genituenean, aitak asko azpimarratzen zigun euskaraz ez zela modu hartan esaten. Gero, nerabezaroan, Oñatin [Gipuzkoa] ibiltzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen Oñatiko eta Legazpiko euskarak bi mundu zirela; orduan, oñatiarrez ikasteari ekin nion. Handik urte batzuetara, Oñatira, Araotzera, joan nintzen bizitzera, eta orduan ikasi nuen hitz egiteko moduan; maila polita eskuratu nuen bizkaieraz. Ondoren, ordea, Azpeitira etorri nintzen bizitzera, asko galdu nuen bizkaiera, eta egun ez naiz ausartzen hitz egitera.

Beraz, aitarekin gipuzkeraz aritzen nintzen, ikastolan gipuzkera osatuan hasieran, eta gero, batua etorri zen; prozesu hori bizi izan genuen. Ondoren, Oñatiko euskaran murgildu nintzen, eta 21 urterekin, erronkarieraren berri izan nuenean, hizkera horrekin errotik maitemindu nintzen. Zergatik? Bitxiena delako eta mendebaldekooi edo erdialdekooi euskalkirik exotikoena egiten zaigulako. Erronkarierarekin maiteminduta, Nafarroan murgildu nintzen, eta Erronkaritik Zaraitzura egin nuen jauzia. Izan ere, erronkarierarekin hasi nintzenean, hiztunik ez zuen; erronkariera hitz egiten zuen azken euskaldunarekin, Fidela Bernatekin, Koldo Artola egon zen, eta hark bildu zuen materiala argitaratu zen gero. Erronkaritik ondoko ibarrera jo nuen, Zaraitzura, eta han azken hiztunak bakarrik gelditzen ziren, bost bat. Bi hiztun on eta txar bat ezagutu nituen nik Zaraitzun. Zergatik txarra? Otsagabiako gizon bat zen, baina gaztaro osoan Iratiko oihanean zuberotarrekin lanean ibilitakoa, eta ez zuen egiten Otsagabiako euskara, zuberera baizik.

Euskalkiak eta euskara batua.

Nik ez daukat batere arazorik horretan.

Zuk euskara batuaz hitz egiten duzu.

Bai, aitarekin egiten nuen etxeko euskara, baina zoritxarrez, iaz hil zen aita, eta haren falta nabari dut, harekin egiten nituen elkarrizketak... Oso garbi ikusten dut euskara batua eta euskalkiak elkarren osagarri direla. Txikia nintzenean, eztabaida izan zen horren harira, baita 15-20 urte nituenean ere, h-a gora eta behera. Uste dut euskara batua ongi egin zela. Horrekin zer esan nahi dut? Beste herrialde askok egin zutena egin zutela Euskal Herrian ere; alegia, erdialdeko aldaerak hartu eta horiekin batua sortu. Beste toki batzuetako bi adibide jartzearren: tokiera da japoniera batua eta erromaera da italiera batua, beste osagarri batzuekin. Gazteak ginenean entzuten genituen euskara batuaren inguruko eztabaidak, eta gu euskara batuaren alde geunden. Garai hartan hasi nintzen idazten, eta euskara batuan idatzi izan dut. Asko pozten naiz eztabaida hori gainditu zelako, baina horrek ez du esan nahi euskalkiak ez direnik kontuan izan behar; alderantziz, euskalkiek euskara batuaren iturri eta aberasgarri izan behar dute, zalantzarik gabe. Are gehiago, Azpeitian gaudenez, polita izango litzateke gazte jendeak Azpeitiko hizkerarako hartzen dituen hitzak euskara batutik hartzea. Esate baterako, inork ez du esaten nik dakidala dizionayue, hiztegiye esango dute. Oso normal hartuta daude horrelakoak, eta asko entzuten dira. Dena den, egia da, hitz asko eta asko erdaratik hartzen direla. Niri gustatuko litzaidake euskalkiek batutik gehiago hartuko balute, baina baita beste norabidean ere, elkarren osagarri izanez. Neurri batean badira, baina euskaltzaleak garenok gehiago izatea nahi dugu.

Hiztegigintzan aritzeaz gain, itzulpen ugari egin dituzu. Literatura bakarrik itzuli al duzu?

Bai, literatura bakarrik itzultzen dut. Itzulpengintzan literaturaren eremuan geratu nahi izan dut, eta zorionez, lana eduki dut hortik bizitzeko. Beraz, ezin naiz kexatu. Bokazioa izan dut literaturarako, eta hortik bizi naiz; jarraitzen dut lanak itzultzen, sortzen eta argitaratzen.

Hiztegigintzan, itzulpengintzan... aritzeaz gain, zeuk sortutako liburu ugari ere baduzu argitaratuta. Beti al daukazu proiekturen bat esku artean?

Bai, bai. Une honetan bizpahiru argitaletxetan ditut liburuak aurkeztuta; argitaratuko diren ala ez jakiteko zain nago. Neure sormenekoak dira hirurak: ipuinak eta eleberri bat. Orain dela gutxi Beldurrak airean argitaratu dut. Gazte literaturako liburua da hori, eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratu du. Lidiaren betaurrekoak helduentzako eleberria ere eginda daukat, baina oraingoz ez dakit non eta noiz kaleratuko den. Literatura erotikoko ipuin bilduma bat ere idatzita daukat. Horrez guztiaz gain, oso berri on bat jaso dut orain dela gutxi; Poloniatik etorri zait berri ona.

Eta zein da berri on hori?

Esperantoz badakit, idazten dut esperantoz ere, eta lan batzuk itzulita dauzkat esperantora. Euskal Herrian esperantoz idatzitako lan batzuk argitaratu izan ditut, baina halako batean pentsatu nuen atzerriko argitaletxeren batera nire nobelaren bat aurkeztea esperantoz idatzita, ia argitaratzen zuten ikusteko. Jatorrizko lana euskaraz idatzita nuen, eta esperantora itzulita Poloniako argitaletxe batera bidali nuen. Orain gutxi, editorearen mezua jaso nuen posta elektronikoz, eleberria gustatu zaiela eta argitaratu egingo dutela esanez. Oso pozik hartu dut albistea; izan ere, hori izango da atzerrian argitaratuko didaten aurreneko liburua. Helduentzako eleberri bat da. Badirudi nobela horren itzulpena lehenago argitaratuko dela jatorrizkoa baino. Batzuetan horrela izaten dira gauzak.

Aurretik aipatu duzu ipuin erotikoen bilduma bat idatzita daukazula. Literatura erotikoa euskaraz gehien landu duen idazleetako bat zu zarela esaten dute.

Beste idazle batzuk ere landu dute literatura erotikoa, baina egia da Txalaparta argitaletxearen Literotura izeneko bilduman hiru argitalpen dauzkadala: Onan izan zen aurrenekoa, Gay hiztegia egin nuen gero, eta ondoren atera nuen Dorian Grayren egiazko erretratua, Oscar Wilderen nobelaren bertsio pornoa. Baina garai batean nik gehiago idazten nituen ipuin pornoak, orain zahartu egin naiz, urteak aurrera doaz... Hala ere, ipuin bilduma bat idatzita daukat.

Segi eta segi, orduan. Haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, hiztegiak, ikas liburuak, saiakerak... Oraindik heldu ez diozun zer gustatuko litzaizuke idaztea?

Horretan ez dut inoiz pentsatu. Normalean, kokotean zerbait sartzen zaidanean, horixe idazten dut, eta alde horretatik, aseta gelditzen naiz; zortea daukat. Ez zait egin nahiko nukeen eta egin ez dudan ezer geratu. Jakina, nik abantaila bat daukat; zorionez, literaturan autonomoa izateko aukera dut, eta nire lanordu guztiak sortzeko eta itzultzeko balia ditzaket.

Lan horretarako, ordea, diziplina handikoa izan beharko da, ezta?

Bai. Gaitz bat daukat. Etxean zera esaten didate: "Joder, Aitor, asteburuetan ere ez duk uzten lana!". Etxean egiten dut lana, eta etxean beti bistan izaten dut idazmahaia, baita mahai gainean ditudan lanak ere. Larunbatetan ere, tarte bat dudanean, idazten aritzen naiz, baita igandeetan ere. Eta hori gaitza da, egunero-egunero sartzen baititut ordu gehiago edo gutxiago lanean. Baina gustatu egiten zait daukadan lana, eta zer egingo diogu bada?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide