Bakarrik bizitzea posible delako

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 2a, 09:04

Xabi Zubizarreta, Jose Joakin Zubizarreta, Jose Mari Unanue, Felisa Bastida eta Amaia Goitia, Loiolan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzeko helburuarekin, norbere kasa bizitzeko programa bat du martxan Atzegik. Azpeitian, lau pertsona ari dira egitasmo horretan parte hartzen: modu independentean bizi dira Felisa Bastida, Xabi Zubizarreta, Jose Joakin Zubizarreta nahiz Jose Mari Unanue, eta behar dutenerako ondoan dute Amaia Goitia Atzegiko langilea. 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian azaldu dituzte beren esperientziak.

Usteek, aurretiazko iritziek, batek edo besteak esandakoek, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontuek, sarri-askotan errealitate ez diren gauzak sinetsaraztera eramaten dute gizartea. Uste erdi ustel horietako bat da adimen desgaitasuna duten pertsonak ez direla bakarrik bizitzeko gai, eta guztiek horretarako adina autonomia ez duten arren, zenbaitek badute gaitasuna beren kasa bizitzeko, egunerokotasunean modu independentean moldatzeko. Desgaitasun horren atzean gaitasun ugari ezkutatzen delako, modu autonomoan bizitzea erabaki dute Felisa Bastidak (Tolosa, Gipuzkoa, 1962), Xabi Zubizarretak (Azpeitia, 1990), Jose Joakin Zubizarretak (Zumaia, Gipuzkoa, 1960) eta Jose Mari Unanuek (Azpeitia, 1967). Adimen desgaitasuna izanda ere, bakarrik bizitzea posible delako.

Horixe da Atzegik –adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak– ikasturte honetan martxan jarri duen sentsibilizazio kanpainaren oinarria: adimen desgaitasuna duten pertsonek nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea. Nire erara bizitzeko erronka leloa baliatu dute gai hori gizarteratzeko, eta erronka hori lortzeko bidean, norbere kabuz bizitzeko programa du martxan Atzegik. Gipuzkoan, guztira, 57 pertsona ari dira programa horretan parte hartzen, 46 etxebizitzatan banatuta. Horiek modu autonomoan, independentean, bizitzeko hautua egin dute, eta egunez egun ari dira beren erara bizitzeko erronka hezur-haragiztatzen. Azpeitian, lau dira programa horretan parte hartzen ari direnak, eta laurak elkartu ditu hedabide honek, beren esperientzia ezagutzeko.

Denek nabarmendu dutenez, ez dute inolako arazorik eguneroko zereginak bakarrik egiteko: bakarrik jaikitzen dira ohetik, bakarrik moldatzen dira gosaltzeko, bakarrik hartzen dute autobusa lanera joateko... Lana amaitzean, erosketak egin ohi dituzte, lagunekin zerbait hartu... Ez dute inoren laguntzarik behar eginkizun gehienetarako, baina, pertsona guztiek bezala, babesa behar dute zenbait egoerari aurre egiteko, eta horretarako, ondoan dute Amaia Goitia (Oñati, Gipuzkoa, 1995) gizarte hezitzailea; urte eta erdi inguru darama hark Atzegiren norbere kabuz bizitzeko programan lanean. "Programan parte hartzen ari den pertsona bakoitzak behar ezberdinak ditu, eta horiei aurre egiten laguntzen diet nik. Babes emozionala ematen diet, tramiteak egiten edo medikuaren kontsultetara lagundu, etxeko ekonomia apur bat zaindu...".

Goitiak eta programako kideek ez dute eguneroko harremanik, ez dagoelako horretarako beharrik, baina sarri samar izaten dute elkarren berri, beharren bat sortu delako edo zerbaitetarako laguntza behar dutelako. Telefonoz konpontzeko moduko kontuak direnean, bide hori baliatu ohi dute, eta elkartzea beharrezkoa bada, Goitia programako kideengana joan ohi da.

Lau herritar, lau errealitate

Azpeitiko lau herritar ari dira gaur-gaurkoz Atzegiren norbere kabuz bizitzeko programan parte hartzen, baina haietako bakoitzaren errealitatea ezberdina da. Bastida eta haren seme Xabi, esaterako, elkarrekin bizi dira, udalaren etxebizitza batean. Ondo moldatzen dira beren kabuz: sukaldean aritzen dira, etxeko lanak egiten dituzte, erosketak egitera joaten dira, etxea garbitzen dute... Ez dute inolako arazorik zeregin horiek gauzatzeko, baina etxeko lanen kontuan babes pixka bat izateko, udalaren etxez etxeko laguntza jasotzen dute. Gainera, lanera joaten dira biak egunero; Xabi Azkoitiko Gureakera, eta Bastida Donostiako adinekoen egoitza batera, garbiketa lanak egitera. Autobusean joaten dira lantokietara. Eguneroko martxan ondo moldatzen direla azaldu du Bastidak, baina etxe guztietan bezala, beraienean ere egun guztiak ez direla berdinak adierazi du: "Elkarbizitza batzuetan konplikatua izaten da, baina etxe denetako kontua da hori".

Xabiren aita da Jose Joakin Zubizarreta, baina hura beste etxebizitza batean bizi da, pisukide batekin; etxebizitza hori ere udalarena da. Haiek ere udalaren etxez etxeko laguntza jasotzen dute etxeko zereginekin laguntzeko. Jose Joakin ere egunero joaten da lanera, Azkoitiko Gureakera, autobusez.

Unanue, bestalde, bakarrik bizi da, berea duen etxebizitzan. "Oso ondo" moldatzen dela azaldu du: "Etxeko lanak egiten ditut; garbigailua jarri, sukaldean egin...". Dena den, Zestoako emakume baten laguntza jasotzen duela adierazi du; etxea garbitzen eta otorduekin laguntzen dio hark. Goitiak, bestalde, diru kontuekin laguntzen dio, batez ere. "Etxera iristen diren gutunak, kontabilitatea, diru kontuak... horiekin laguntzen dit Amaiak", nabarmendu du. Laguntza horrekin, "oso ondo" moldatzen dela dio: "Gustura bizi naiz. Behar bereziren bat daukadanean, badaukat norengana jo; babestuta sentitzen naiz".

Jose Mari Unanue ontziak garbitzen, bere etxean. (Utzitakoa)

Hainbat abantaila

Atzegiren programak hainbat abantaila dituela nabarmendu dute lau kideek; Bastidak, esaterako, horri esker, eguneroko bizimodua "errazagoa" zaiola adierazi du. "Batzuetan, ez gara gai gauza batzuk egiteko. Zenbait zereginetarako laguntza behar dugu, eta Amaiaren babesari esker, askoz errazagoa da egunerokoa. Arazoak konpontzen laguntzen digu. Besteak beste, erosketak egiten, medikuaren kontsultetara joaten...". Goitiak zehaztu duenez, medikuarenera ere bakarrik joan ohi dira programako kideak gehienetan, eta kontsulta bereziren bat baldin badute soilik lagundu ohi die hark, "babes gehiago behar dutelako".

Eguneroko arazoei aurre egiteko babes praktikoa ematez gain, babes emozionala ere eman ohi duela adierazi du Atzegiko langileak. "Izan ere, jendea bakarrik sentitzen da etxean. Batzuek bakardadea sentitzen dute, beste batzuek dolua gainditu gabe dute oraindik, konpainia falta sentitu ohi dute...". Halako kasuetan, pertsona horien etxera joan ohi da Goitia, konpainia egitera, hizketan egitera, elkarren ondoan egotera.

Bakarrik bizitzea nahiago al duten galdetuta, Unanuek aipatu du berari "tokatu" egin zaiolako bizi dela horrela. "Nik nahiago izango nukeen familiarekin bizitzea, baina ingurukoak hil egin zaizkit, eta bakarrik bizi naiz orain. Hala eta guztiz ere, ondo moldatzen naiz bakarrik, eta gustura nago". Bastidak, aldiz, argi dio: "Gai garen bitartean, nahiago dugu horrela bizi". Jose Joakinek ere zalantzarik egin gabe dio etxe tutelatu batean baino nahiago duela bere kabuz bizitzea. Beraz, guztiek baieztatu dute modu independentean bizitzea dela beren nahia, beren hautua.

Oraindik ere jende asko harritu egiten da adimen desgaitasuna duten pertsona batzuk bikotean, lagunekin edo bakarrik bizi direla jakitean, baina errealitateak erakusten duena da geroz eta pertsona gehiagok erabakitzen dutela beren erara bizitzea. Eta horrela, beren erara bizita, "zoriontsu" direla baieztatu dute lau elkarrizketatuek, nahiz eta "mundu guztiak bezala, egun hobeak eta okerragoak" izan ohi dituzten. 

Gakoak: segurtasuna eta konfiantza

Goitiak badarama denboraldi bat Atzegiren norbere kabuz bizitzeko programan lanean, eta Azpeitiko lau kideekin lan egiteaz gain, Gipuzkoako beste hainbat herritako pertsonekin ere aritzen da. Eguneroko lanean, pertsona horiei beren buruekiko "segurtasuna eta konfiantza" transmititzen saiatzen dela azpimarratu du. "Gai dira, eta horretan sinesten dugu. Aholkuak emateko babes txiki bat baino ez gara gu".

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Programak orain arte egin duen ibilbidea ikusita, gauza bat argi gelditu dela dio Atzegiko langileak: proiektua "beharrezkoa" zela. "Askotan, ez dugu ikusten adimen desgaitasuna duten pertsonek gaitasunik dutenik. Zera esaten dugu sarritan: 'Eskubidea bai, baina gaitasunik ez dute bakarrik bizitzeko'. Gezurra da hori". Haren arabera, Atzegiren proiektuaren bidez, adimen desgaitasuna duten gero eta pertsona gehiago animatu dira bakarrik bizitzeko pausoa ematera, edo behintzat, beren buruei honako galdera hau egiteko aukera eman zaie: "Nola bizi nahi dut? Norekin? Eta non?".

Orain, gainera, formakuntza saio batzuk jarri ditu martxan Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta, horiek bizitza independente baterako gaitasunak lor ditzaten. "Oraindik bakarrik bizi ez direnei zuzendutakoa izango da formakuntza, horiek bakarrik bizitzeko gaitasunak beregana ditzaten. Etorkizunean modu autonomoan bizitzea behar badute, horretarako gaitasunak izan ditzaten da helburua", adierazi du Goitiak. Urrian hasi ziren formakuntzarekin, eta ekainera bitartean egingo dituzte saioak. Gipuzkoan, 39 bat pertsonak eman dute izena, eta dagoeneko ari dira horiek ikastaroan parte hartzen. Atzegik, beraz, badauka datozen urteetan ere bizitza independente baterako zimenduak jartzen jarraitzeko asmoa, eta horren alde agertu da Goitia: "Uste dut hori dela jarraitu beharreko bidea, guztiz".

Haren lanaren bidez, zenbaiten eguneroko maldak leundu egiten dira, eta laukoteak asko eskertzen du Goitiaren babesa. "Oso ondo moldatzen gara berarekin", dio Bastidak. "Behar dugunerako hor dagoen lagun bat da", erantsi du Unanuek. Gizakien arteko harreamanen oinarria, ordea, hartzea ez ezik, ematea ere bada, eta Goitiak dio asko jasotzen duela eguneroko lanean. "Oso profil ezberdinetako pertsonak ikusten ditut lanean, gauza bera egiteko mila modu daude, etxe bakoitzak bere kontutxoak ditu, eta horrek asko betetzen nau; izan ere, aberastasun eta aniztasun handia ikusten dut. Lotura berezi bat sortzen da pertsona bakoitzarekin, eta lotura hori oso aberasgarria da niretzat; altxor bat da hori".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide