Atzera begira

Bizipenez eta oroitzapenez betetako motogurdia

Julene Frantzesena 2023ko urt. 1a, 10:00

Landetako okinaren motogurdia, Burdinbidearen Euskal Museoan. (Julene Frantzesena)

Batzuek jakingo dute; besteek, agian, ez. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan bada historia luzea duen erlikia bat, trenarekin zerikusirik ez duena. Hain zuzen ere, museoaren sarreran, harreraren bestaldean, motogurdi urdin bat dago kokatuta duela bi urtetatik. Aspaldikoa da, 1957koa; historia luzea du, eta istorioak ere mila gordetzen ditu gurpilen gainean. Horiek jasotzeko Maria Jesus Zubizarreta (Azpeitia, 1949) eta Julian Lazkano (Azpeitia, 1946) senar-emazteekin elkartu da Uztarria, motogurdiaren jabearen alabarekin eta suiarekin, 2022ko aldizkariko Atzera begira ataleko erreportaje hau osatzeko.

Museoan dagoen motogurdi horrek bazuen jabe bat: Jexux Zubizarreta. Haren aita Azkoitiko Martirieta auzokoa zen, eta ama Aratzerrekako Atxumarri baserrikoa, baina Albizturren [Gipuzkoa] okindegi bat saltzen zegoela eta, hara joan zen bizitzera eta lanera. Duela 99 urte Azpeitira itzuli zen, okindegi bat zabaltzeko aukera suertatuta, haren alabak azaldu duenez. Halaxe, Landeta hiribidean zabaldu zuen okindegia.

Zubizarretaren aitak hainbat urtez baliatu zuen museoan dagoen motogurdia Landetan egiten zuen ogia herriko beste zenbait gunetara banatzeko, baita zaharragoa zen beste halako ibilgailu bat ere. Bigarren ibilgailu hura okindegian lan egiten zuen Eugenio Olaizola Xoxok erabiltzen zuela gogoratu du Zubizarretak. "Xoxok Sanjuandegi eta Loiola aldean banatzen zuen ogia, eta Azpeitiko gainerako eremuetako banaketak aitak egiten zituen". Urte luzez erabili zituzten bi ibilgailu haiek, egunero-egunero ogia banatzeko. "Pentsa, neska koskorra nintzela, Jesuitinetara motogurdiari jarritako apala txiki batean eserita joaten nintzen aitarekin", oroitu du alabak.

Ibilgailuak "praktikoak" zirela azaldu du Zubizarretak. "Toldoa ireki eta Nuarben egindako zumitzezko otarreetan jartzen zituzten ogiak". Denboraren joanarekin, baina, motogurdietako batek pott egin zuen, eta autoak hasi ziren halako ibilgailuak ordezkatzen. Landetako okindegikoen kasuan, bi dos caballosek ordezkatu zituzten motordun gurdiak. "Autoekin alderatuta, baldar samarrak ziren motogurdiak", azaldu du Lazkanok. Baina aurrerapena ere baziren ibilgailu haiek, aurretik erabiltzen zituzten garraiobideak zaldiak eta gurdiak zirela kontuan hartuta. "Gurdi haren farola, zaldien txintxarriak eta abar gordeta ditut etxean... Orain gauza horiek ikusten ditugu, eta badirudi ez dakit noizkoak direla, baina gure aurrekoek erabili zituzten", adierazi du Zubizarretak.

Ogiarekin fina zen Zubizarretaren aita, eta ofizioa bokaziozkoa zuten familian; izan ere, Landetako okina ez zen izan ogibide horretan aritu zen anaia bakarra. Aitaginarreba ogiarekin "aparta" zela oroitu du Lazkanok. "Sasoi batean kanpora joaten nintzen lanera, eta herriren batean ogia ikusiz gero, etxera ekartzen nuen. Ez dakizu nola aztertzen zuen; usaindu, probatu... Ogizalea zen, oso".

Berritzeko erabakia

1998an hil zen Zubizarretaren aita, motogurdia hainbestetan gidatu zuen okina, eta 2000. urtearen bueltan otu zitzaion alabari ibilgailu hura garajean hautsa hartzen uztea baino hobe zela zaharberritzea. "Garajean genuen, herdoilduta zegoen, eta Maria Jesusek esan zidan berritu egin behar zuela. Motorra ere izorratuta zuen; izan ere, hogei bat urte baziren geldirik zegoela", azaldu du Lazkanok. Eman zizkien bere lanak motogurdia berritzeko prozesuak: "Hasieran ez genuen hura berrituko ziguten lekurik aurkitzen, baina halako batean, Asteasun [Gipuzkoa] halako konponketak egiten zituen gizon bat bazela esan ziguten". Angel Ortiz zen gizon hura, "ezaguna" askorentzat; Nairobitarra autobus famatuaren –1980an Tolosatik 1980 Nairobira bidaia egin zuen– mekanikoa zen. "Bi urteko lanaren ostean, hark jarri zuen martxan gure motogurdia. Abenturazalea zen, eta ahal zuenetan aritzen zen ibilgailua konpontzen". Martxan jarri bai, baina toldorik ez zuen artean, eta jatorrizkoa erreta-eta zegoenez, berria egitea erabaki zuten. "Toldo berria egin zezakeen aitona zahar bat aurkitu genuen Donostian; toldo elegantea egin zuen gizonak", azaldu du Lazkanok. "Kategoriako lana" egin zuela gaineratu du Zubizarretak.

Konpondu orduko, berriz ere garajean gorde zuten motogurdia, "plastikopean estalita", honda ez zedin. "Lehengusuen bazkari batean motogurdiaz hasi ginen hizketan, eta Maria Jesusen lehengusu batek esan zuen Aldundiak Irunen [Gipuzkoa] bazuela halako ibilgailuen biltegi bat. Beste lehengusu batek, ordea, Burdinbidearen Euskal Museoa aipatu zuen, eta hark museoko kideekin hitz egin zuen handik egun batzuetara". Gustura hartuko zutela eta, dohaintzan emateaz hitz egin genuen museoko ordezkariekin, eta ordutik han dago ibilgailua ikusgai", adierazi du Lazkanok.

Motogurdia museoan dagoen bi urte hauetan, Zubizarretak izan du haurra zela eskolara joateko baliatzen zuen ibilgailua probatzeko aukera. Irailean ibili zen motogurdian, trenen ondoan, "poliki" antzean, haren hitzetan. "Hala esan nion gurekin egon zen gizonari: 'Hau lehen azkarrago ibiltzen zen, e?'. Eta hark esan zidan ezin zuela azkarrago ibili eremu hartan", azaldu du barrez. Motogurdiaren abiadurarekin akordatzen zen Zubizarreta, baita beste hainbat oroitzapenekin ere, eta atzera begira jarrita, "izugarrizko tristura" sentitzen duela esan du. "Egia esan, museoan ikusi nuenean, 'zeinen ederki dagoen', esan nuen. Izan ere, etxean guk ikusten genuen, baina banekien hura ez zela ibilgailu harentzako tokia; merezi zuen beste zerbait. Alde horretatik, poza sentitzen dut, baina garai bateko gauzekin akordatuta, pena ere bai".

Dohaintza "zoragarria"

Burdinbidearen Euskal Museoan "gustura" hartu zuten Lazkano-Zubizarreta familiaren dohaintza. Izan ere, museoko protagonista nagusiak trenak baldin badira ere, bestelako hainbat tresnak, ibilgailuk eta erlikiak ere badute lekua han. Juanjo Olaizola museoaren zuzendariak azaldu duenez, "zoragarria" da motogurdia bezalako dohaintzak jasotzea, are gehiago, "konponduta eta martxan ibiltzeko moduan" eskuratzea. Gainera, haren arabera, badu berezitasun bat ibilgailuak. "Motor berezia du, bi pistoikoa eta kamera batekoa. Beraz, berezia da teknologia aldetik".

Museoaren harreran ikus daiteke motogurdia, han du bere txokoa. Olaizolak esan duenez, bisitariek begiratzen diote ibilgailuari museora sartzen direnean. "Tartean behin martxan jarri behar izaten dugu, garrantzitsua delako horrela zaintzea, eta ibilgailua martxan ikusten duten bisitariek buelta bat egin nahi izaten dute bertan", azaldu du barrez. Gainera, motogurdia herriko historiaren zati ere badela adierazi du hark, eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaio ibilgailua Azpeitian gordetzea.

Tartean behin halako opari sorpresak jasotzen dituztela adierazi du museoaren zuzendariak. Hain zuzen ere, Uztarriak adierazpen hauek hartu zituen egunean Gasteizera joan zen Olaizola Seat 600 baten bila. "Trenaren museoa da gurea, baina trenbidea zergatik sortu zen ere azaltzen dute halako ibilgailuek; izan ere, motorizazioaren lehen urratsak motogurdiek egin zituzten, eta gero Seat 600ek. Horiek katebegi garrantzitsuak dira motorizazioaren historian".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide