Klik!

Margoen abenturan

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 8a, 17:01

Maria Goñi. (Maialen Etxaniz)

Iruindarra da Maria Goñi artista, baina Azpeitian bizi da egun. Bizitza osoa darama margotzen, eta orain Dinamoan igarotzen ditu egunak, datozen hilabeteetan aurkeztuko duen erakusketa ontzen. Gehienbat erretratuak, paisaiak nahiz muralak sortzen dituen arren, orain fast painting-a du zaletasun eta erronka.

Ibilian-ibilian ikasitakoa

EHUn Arte Ederrak ikasi ostean, atzerrian ibili zen hainbat urtez Maria Goñi (Iruñea, 1985), arte arloko formakuntza jasotzen eta askotariko proiektuak egiten. Besteak beste, Granadan (Espainia), Txilen, Kuban, Irlandan eta Italian egin zituen geldialdiak, eta horietan ezagututako jendeari esker, arteari lotutako askotariko esperientziak bizitzeko aukera izan zuen. Besteak beste, Alice Rohrwarcher zinema zuzendariarekin kolaborazioa egin zuen Corpo Celeste filmerako, eta Kuban hainbat proiektu artistiko garatu zituen Enrique Hernandez artistarekin.

Pintzelkadekin, "magia"

Goñik leku edo objektu batek sortzen duen "magia nabarmentzeko" erabiltzen du pintura. "Zenbaitentzat hain hautemangarria ez den magia hori bistakoa egin nahi dut", dio.​​​​​​ Hori dela eta, egunerokoan aurkitzen dituen objetktuak marraztea atsegin du, horien berezitasunak azpimarratzeko eta irudikatzeko. Orain, gainera, muralen sorkuntzan murgiltzeko asmoa du. Argazkian, margolaria duela urte batzuk Sahats euskaltegirako egindako horma irudiaren ondoan. 

Sortzeko nahia

Iruñean bizi zenean, arte estudioa ireki zuen Goñik, hango katedralaren aurrean. Gehienbat erretratuak egiten zituen orduan, baita Done Jakue bideko jendeari zuzendutako lan artistikoak ere, baina artista baino gehiago, "dendaria" zen sentipena zeukan. Azken urteotan, hezkuntzan aritu da lanean han eta hemen, ikastetxeetan zein kultur etxeetan, baina orain berriro murgildu nahi du artearen abenturan. "Nire asmoa da berriro artearekin zerikusia duten proiektuei ekitea eta bizitzak nora eramaten nauen ikustea".

Paisaiak

Azken boladan paisaiak margotzen ari da Iruñeko artista, kolore apalak erabiliz, baina, aldi berean, tonu hotzak eta beroak uztartuz. Pandemia garaian egindako hausnarketa batetik abiatu zen Goñiren proiektu berria: "Ohartu nintzen guztiok antzeko koadroak genituela etxeetan; kate handietatik erositako nortasun gabeko laminak. Niri ere gustatzen zaizkit horrelakoak, baina aukera polita iruditu zitzaidan etxeak apaintzeko margotzen hastea. Hori dela eta, paisaiak margotzen ari naiz azken hilabeteotan. Hortik abiatu da Azpeitian aurkeztuko dudan proiektua, baina ez dut nahi asko aurreratzerik, hasierako proposamenetik aldaketa asko izan baititu".

Erretratuak, ugari eta sarri

Irlandara egindako bidaiak ate berriak ireki zizkion Goñiri. Erretratu ugari egin zituen han enkarguz, eta arlo horretan trebatzeko aukera eskaini zion horrek. Ondoren, Iruñean irekitako estudioan ere, erretratuak egiten jarraitu zuen, betiere bere estiloari jarraiki. "Bezeroek beti ematen didate sormenerako askatasuna, eta hori asko eskertzen dut", kontatu du.

Margolanak, zuzeneko ikuskizun

Goñik jorratu duen beste bideetako bat fast painting izenekoa da. Zuzeneko ikuskizunetan euskarri berezietan margotzean datzan ekintza da hori. "Besteak beste, ezkontzetan, erakusketetan edo ikuskizunetan egin izan dut fast painting delakoa, eta asko gustatzen zait sortzen duen zirrara", adierazi du.

Objektuak eta animaliak

Egunerokoan aurkitzen dituen objektuak marraztea ere atsegin du Goñik, eta objektuen artean antzekotasunak bilatzea ere bai. Esaterako, ezpainetakoen eta balen arteko antzekotasunetik abiatuta egin du koadro bat duela gutxi. Orain, animalien erretratuak egiten hasi da. "Jendeak ikaragarri maite ditu etxeko animaliak, eta pertsonen erretratuak sortzen ditudan bezala, orain animaliak marrazten hasi naiz. Hori bai, ez ditut guztiz eredu errealistan irudikatzen; nahiago dun pintzelkadekin jolastea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide