Eneko Otañok eta Ugaitz Mugertzak aizkora apustua jokatuko dute zezen plazan martxoaren 26an

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 9a, 20:18

Andres Osa Sakona, Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza, apustua itxi berritan. (Mailo Oiarzabal)

Gaur arratsean lotu dute desafioa Mendizabal erretegian. Beizamakoak 21 kanaerdiko moztu beharko ditu eta bat gutxiago, 20, Mutrikukoak. Alde bakoitzak 5.000 euro jarriko ditu jokoan.

Azpeitiko zezen plazak beste aizkora apustu bat hartuko du datorren martxoaren 26an, 12:30ean. Ordubetez luzatu den negoziazio estua eta gero, jokoa lotu dute azkenean gaur arratsean Eneko Otaño beizamarrak eta Ugaitz Mugertza mutrikuarrak Landetako Mendizabal erretegian.

Apustuan, enbor bateko abantaila emango dio Otañok Mugertzari: 21 kanaerdiko moztu beharko ditu Beizamakoak, eta bat gutxiago, 20, Mutrikukoak. Aizkolari bakoitzak bere egurrak eramango ditu plazara, eta Mugertzak erabakiko du Otañok eraman eta jarritako sei enborretatik zein ez duen moztuko; egurrak plazan jarrita daudela eta zozketaren aurretik aukeratu beharko du hori mutrikuarrak. Alde bakoitzak 5.000 euro jarriko ditu jokoan; gaur bertan jarri du bakoitzak 2.000 euroko seinalea, eta apustu eguna baino 72 ordu lehenago jarri beharko dute jokatuko duten kopurua osatzeko falta dutena.

Apustuaren baldintza nagusiak –enbor kopuruaren aldea, esaterako– aurrez hitz eginda bazituzten ere, luzea eta gogorra izan da apustua baieztatzeko bilkura. 18:50 aldera eseri dira bi aizkolariak eta haien laguntzaileak mahaian, eta ordu erdi ondoren, apustua itxita zegoela zirudienean eta baldintzak irakurtzen hasitakoan, ia pikutara joan da ordura arte hitz egindakoa. Mugertzak zein ebor ez moztu noiz eta nola erabaki, hor sortu da berriro desadostasuna eta eztabaida, aurrez adostutakoarekin berriro zalantzak agertu baitituzte Mugertzaren aldekoek; Otañoren aldekoak mahaitik altxatu eta apustu asmoa bertan behera geldituko zela ere bazirudien une batean, baina bi aizkolarien borondatea nagusitu da azkenean, eta lehen ordu erdian hitzartutako baldintzekin itxi dute, azkenean, desafioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide