Hator Hator Horror Fest, ate joka

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 15a, 10:55

Ospel Filmsek iaz egindako 'Pasaia' filmeko grabaketako irudia. (Ospel)

Bihar hasiko da II. Hator Hator Horror Fest jaialdia 35 urte betetzen dituen Hellraiser film klasikoaren proiekzioarekin. Haren atzetik, aurtengo berrikuntza nagusi diren K-sarietara aurkeztutako film laburrak ikusteko aukera izango da. Guztira, ehundik gora lan aurkeztu dituzte sariketara, baina horietatik batzuk aukeratu dituzte lehiarako. Fikziozko eta animaziozko film laburrek, estreinaldiek, Asgarthen eta Txatarren kontzertuek eta haurrentzako tailerrak osatuko dute, besteak beste, igandera arte iraungo duen beldurrezko filmen zinema jaialdia.

Ate joka dago II. Hator Hator Horror Fest jaialdia. Bihar, abenduak 16, hasiko da bildurrezko zinemaren festa herrian, eta igandera arte askotariko ekintzak izango dira Soreasu antzokian zein Sanagustin kulturgunean. Fikziozko eta animaziozko film laburrek, euskal zinemak, estreinaldiek, Asgarthen eta Txatarren kontzertuek, tailerrak eta ekimen sorpresak osatuko dute, besteak beste, zinemaldiko menua. Ospel Filmsek eta Kulturaz Kooperatibak antolatu dute jaialdia, Azpeitiko Udalaren laguntzaz.  

Klasikoak eta berrikuntzak, eskutik

Hellraiser filmaren emankizunarekin eta K-sarietan lehiatuko diren film laburrekin hasiko da jaialdia bihar arratsaldean. K-sariak dira aurtengo berrikuntza nagusiena. Clive Barker-en Hellraiser filmean oinarrituta egin dute II. Hator Hator Horror Festen kartela, eta film horixe izango da abenduaren 16an emango duten lehendabizikoa, 19:00etan, Soreasu antzokian. "Hellraiser 1987an estreinatutako beldurrezko film klasikoa da. Beraz, 35 urte betetzen ditu aurten eta, ospatzeko, Soreasuko pantailan eskainiko da", azaldu zuten antolatzaileek. Horren ostean egingo dute K-sarietara aurkeztutako film laburren proiekzioa. 

K-sarietan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko dute lehiaketa ireki baten bidez; gainera, film sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute. Hator Hatorreko antolatzaileek jakinarazi dutenez, ehundik gora lan aurkeztu dituzte sariketara, baina horietako batzuk soilik izan dira hautatuak. Euskal Herriko zinemagileei zuzenduta antolatu dituzte K-sariak.

Zinema eta musika, zapaturako

Bigarren egunean, beste hainbat film labur eta Unicorn Wars eta Mad Heidi film luzeak emango dituzte Soreasu antzokian. Unicorn Wars filma Alberto Vazquez zinemagile bilbotarrak zuzendutako lana da, eta 2023 Goya sariketarako hamabi izendapen jaso ditu. 

Gauean, Asgarth eta Txatar musika taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da Sanagustin kulturgunean. Emanaldiak 22:30ean hasiko dira, eta doakoak izango dira. Asgarth taldeak bere bosgarren album musikala, Zeldatik, plazaratuko du Azpeitian. 17 urte igaro dira azken album kaleratu zutenetik. Era berean, Azpeitiko Txatar heavy taldea ere izango da kulturgunea musikaz betetzen. Legen Beltzatik zarata egiteko gogoz gelditu ziren kide batzuek osatu dute Txatar. Hain zuzen, Xanti Rodriguez, Edorta Azkune eta Joseba Azkunek sortutako taldea da Txatar.

Igandean, haurrak eta sorpresak

Igandean itxiko dute egitaraua, haurrentzako makillaje zein marrazketa tailerrarekin eta "ekitaldi sorpresa" batekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, "iazko arrakasta ikusita" erabaki dute marrazketa tailerra antolatzea. Gainera, ekitaldi-sorpresa bat ere eskainiko dute. "Ekintza berritzaile eta digital honek haurrak ez ezik, helduak ere aho bete hortz utziko ditu", aurreratu dute.

II. Hator Hator Horror Fest jaialdiaren egitaraua, osorik

Abenduak 16, ostirala:

  • 19:00: Hellraiser filmaren emanaldia.
  • Ondoren, K Sarietarako hautatutako film laburren emanaldia. 

Abenduak 17, larunbata:

  • 10:30: Animaziozko laburmetraiak, Soreasun
  • 12:00: Fikziozko laburmetraiak, Soreasun
  • 16:30: Mad Heidi.
  • 18:30: Unicorn Wars.
  • 22:30: Asgarth eta Txatar, Sanagustinen. 

Abenduak 18, igandea

  • 11:00: Makilaje tailerra eta ekitaldi sorpresa, Sanagustinen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide