Susanna Minguell: "Haurtzaroko sexu abusuak arazo politikoa dira"

Nerea Uranga 2022ko abe. 16a, 09:30

Susanna Minguell filosofoa eta idazlea.

Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat hitzaldia emango du astelehenean Minguellek Azpeitian. Gai horri lotuta antolatutako jardunaldien barruko bigarren saioa da. Hitzaldian parte hartzeko aurrez izena eman behar da Azpeitiko Emakumeen Txokoan; gaur da azkenengo eguna horretarako.

Susanna Minguell filosofo eta idazle transfeministak (Bartzelona, 1983) Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat hitzaldia emango du astelehenean Azpeitian Basazabal jauregian, 18:30ean, Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen jardunaldien barruan. Hitzaldi horretara joateko gaur arte eman daiteke izena, Emakumeen Txokoan: emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta.

Haurtzaroan sexu abusuak jasan zituen Minguellek, Palabras dislocadas (Hitz dislokatuak) poema eta argazki liburua du argitaratuta, eta gaur egun gaiaz ikastaroak eta tailerrak ematen ditu hainbat tokitan.

Ikuspegi feministatik haurtzaroko sexu abusuak jorratzeko jardunaldiak egiten ari dira Azpeitian. Gaia lantzeko, garrantzitsua al da era horretako saioak egitea?

Era horretako jardunaldiek ikusgarritasun handia ematen diote gaiari. Orain arte edota orain dela urte gutxira arte, haurtzaroko sexu abusuen gaia erabat tabua izan da; existitu ere egiten ez zen arazoa zen gizartearentzako. Azken urteetan, baina, ezkutuan egon den arazo hori azaleratzen ari da. Argitara ateratzen ari den arazo hori paradigmaz aldatzea da nik proposatzen dudana: gaur egun haurtzaroko sexu abusuak bakar-bakarrik biktima-biktimario estruktura batean, harreman indibidual batean, azaltzen dira. Perspektiba edota begirada zabaldu beharra dago, ez bakarrik ikuspegi feministatik, gizartearen arazo estruktural bezala heldu behar zaio gaiari. Hau da, ez da bi pertsonaren artean gertatzen den arazo gisa ikusi behar, haurtzaroan sexu abusuak gertatzen badira, funtzionatzen ari ez den gizarte egitura bat indarrean dagoelako da. Izan ere, haurtzaroko sexu abusuak egunero gertatzen dira. 

Beraz, haurtzaroko sexu abusuak lantzeko jardunaldiak garrantzitsuak direla uste dut, orain gutxira arte tabua izan den arazo bati ikusgarritasuna emateko balio dutelako.

Ikuspegi feministatik landuko al duzu gaia?

Azken batean, haurtzaroko sexu abusuen arazoaren oinarria indarkeria matxista da. Beraz, feminismoak ere heldu behar dio arazoari.

Haurtzaroko sexu abusuen kasuak eta gaia gero eta gehiago lantzen dira hedabideetan. Baina gai hori tratatzen den moduarekiko kritiko agertu zara.

Bai. Hedabide handienetan,  haurtzaroko sexu abusuen berri ematen denean, kasuak azaltzen dituzte, eta asko jartzen dute arreta erasotua izan den pertsonaren esperientziak sor dezakeen morboan; albisteen izenburuak ere sarritan morboa eragiteko aukeratzen dituzte. Komunikabideen aldetik, haurtzaroko sexu erasoen berri emateko orduan, morboa eragiteko interesa dago, baita erasoa jasandakoak dagoeneko heldu bilakatu direnean ere: "Zuri zer gertatu zitzaizun? Eta nola izan zen...?". Haurtzaroko sexu abusuen arazoa beste begirada batetik lantzen duten artikulu gutxi kaleratu dituzte: Pikara magazinek, El Saltok... beste era bateko artikuluak argitaratu izan dituzte.

Haurtzaroko sexu abusuen arazoa estrukturala bada, nondik hasi behar da arazoari aurre egiten?

Gizarte gisa, galdetzen hasi behar dugu zergatik sufritzen dituzten sexu abusuak lau neskatilatik batek eta zazpi mutikotik batek beren haurtzaroan. Zer da datu horiek erakusten digutena? Sexu abusuak egunerokoak direla, egun batean bai eta bestean ere gertatzen direla, haur asko ari direla sufritzen eta pertsona asko direla eraso bat edo gehiago sufritu dituztenak. Arazoa modu analitikoan aztertu behar da, zehazki jakiteko zer ari den gizartea baimentzen gertatzen ari dena gertatzeko eta horrek denboran iraun dezan. Eta begirada gugan ere jarri behar dugu, gizartearengan, denok har dezakegulako haurtzaroko sexu abusuen gaineko ardura.

Zuk haurtzaroan sexu abusuak jasan zenituen, eta horri lotutako Palabras dislocadas (Hitz dislokatuak) poema eta argazki liburua kaleratu zenuen. Liburu horretaz ere hitz egingo al duzu asteleheneko saioan?

Liburuaren inguruan ere hitz egingo dut pixka bat, baina batik bat haurtzaroko sexu abusuak arazo politikoa direla azalduko dut. 

Liburuaren sarreran haurtzaroko sexu abusuen ikuspegia azaltzen dut. Poemak, berriz, haurtzaroan jasandako sexu abusuen oroitzapenen inguruan idatzitakoak dira. Garai hartan ez nuen ulertzen ezer, eta idazten hasi nintzen; asko gustatzen zait idaztea barrena husteko. Poema horiek ez dira linealak, prozesu bat dute jasota. Idatzi horiez gain, argazki batzuk ditu liburuak.

Haurtzaroko sexu abusuen inguruko ikastaroak ere ematen dituzu.

Bai, Tolosan [Gipuzkoa], Gasteizen... ematen ari naiz haurtzaroko sexu abusuen inguruko nire ikuspegia azalduz. Kostatzen dena da jendeak ikastaroetan parte hartzea, ez delako gai erraza; dena den, oso ondo joaten ari dira tailerrak.

Zergatik egiten zaio zaila jendeari ikastaroetan parte hartzea?

Alde batetik, beldurra daukagu aitortzeko sozialki indarkeria gertatzen dela; esatea erraza da, baina ez hori hala dela onartzea. Eta bestetik, haurtzaroan sexu abusuak jasan badituzu, egun batetik bestera tailer batean izena ematea zaila da. Oso ondo ulertzen dut hori, baten barrenak asko mugitu ditzakeelako horrek, eta normala da.

Baina beldurra ematen duen horri aurre egiteko modu bat ere izan daiteke, ezta?

Niri balio izan dit zer gertatzen ari zitzaidan ulertzeko, eta pixkanaka jabetzeko nire bizitzako kontu batzuek zergatik hartu zuten norabide bat edo bestea. Beste pertsona batzuei lasaiago sentitzeko balio diezaieke tailerrean parte hartzeak ala ez. Haurtzaroan sexu erasoak jasan dituen bati ez zaio eskatu behar horri aurre egiten hasteko, ez da horretara bultzatu behar; bakoitzak nahi duenean egin behar dio aurre.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide