Jakinarazi dute "urtea ondo bukatzeko eta hobeto hasteko" lasterketaren ibilbide berria

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 16a, 12:28

Aldaketekin dator 21. San Silbestre lasterketa. Xeyek aurreratu zuen bezala, probaren ibilbidea aldatu dute aurten, eta korrikalariek ez dute Loiolara joan beharrik izango. Hori dela eta, Alde Zaharretik, Artzubitik eta Garmendi ingurutik igaroko da lasterketa. Dagoeneko 500 inguru pertsonak erosi dute dortsala, eta antolatzaileek "bizkor" ibiltzeko deia egin diete proban izena eman nahi duten herritarrei. 

Betiko festa kutsuarekin eta ibilbide berriarekin dator Azpeitiko 21. San Silbestre lasterketa. Abenduaren 5ean ireki zuten lasterketan parte hartzeko izen-ematea, eta dagoeneko 500 inguru dortsal saldu dituzte. Atzo egin zuten aurtengo edizioaren aurkezpena Xeye atletisko taldeko kideek eta Azpeitiko Udaleko zein Marea Urdinako ordezkariek. Dagoeneko jakinarazi dute zein izango den aurtengo ibilbidea, eta aldaketa nanbarmena izango da. Gainera, inklusioaren aldeko lasterketa irekia berreskuratu dute antolatzaileek, eta proba horrek ere ibilbide berria izango du.

Lelo eta irudi berria izango ditu lasterketak, probaren hastapenei keinu eginez. Ondo bukatu, hobeto hasi! dio lelo berriak, eta horren zergatia azaldu nahi izan du probaren antolaketan dabilen Agustin Jimenezek: "San Silbestre lasterketa ikur bihurtu da. lasterketa bat baino gehiago da; urtea ondo amaitzeko festa bat da. Mezu hori eman nahi izan dugu lelo berriarekin".

Egoitz Arruti udaleko zinegotziak esker bereziak eman dizkie aurten proba antolatzen dabiltzan kideei, "lasterketa antolatzeko erronka hartzeko prest agertzeagatik". Era berean, San Silbestre lasterketa "berezia" izan ohi dela azpimarratu du: "Egun berezia da, eta nik ere horrela bizi izan dut azken urteetan. Aurrena, Xeyeko kide bezala, ondoren laguntzaile bezala, eta gaur egun udaleko kide bezala. Sortzen den giroak berezi egiten du".

Ibilbidea, herrigunean

Antolatzaileek duela aste batzuk aurreratu zuten aurtengo lasterketaren ibilbidea desberdina izango dela. Atzoko prentsaurrekoan jakinarazi zuten zein izango den ibilbide zehatza.

Plazan hasiko da lasterketa, eta Erdikaletik igarota, Damasoko zubira hartuko dute korrikalariek. Enparan dorretxearen ingurutik Artzubiko biribilgunerako hartuko dute, ondoren Goikokaletik igarotzeko. Errebaletik igota, Matxinada kalera hartuko dute korrikalariak, eta handik Artzubirantz joango dira. Zezen plazatik igarota, Garmendiko biribilgunean itzulia egingo dute, eta handik Enparanera hartuko dute berriro. Damasoko zubia igarota, Perez Arregi plazatik parrokiara hartuko dute, eta Done Jakuetik plazara iritsiko dira. Hiru kilometro eta erdi izango ditu lehen itzuli horrek. Bigarren itzulia plazatik hasiko da, eta korrikalariek Errebalerantz hartuko dute, berriro ibilbide bera egiteko. Bigarren itzuliak bi kilometro eta erdi izango ditu. Ohi bezala, 12:00etan Azpeitiko plazatik abiatuko da lasterketa.

"Trafiko arazo ugari" sortu dizkie Loiolako hiribidean sartzeak, eta horregatik erabaki dute ibilbidea aldatzea. Gainera, ibilbide berriak boluntarioentzako hainbat abantaila eta erraztasun eskaintzen dituela uste dute antolatzaileek, "leku antzekoetatik eremu asko kontrolatzeko aukera eskaintzen duelako". Era berean, lasterketa ikustera irteten diren herritarrentzat ere erosoagoa izango dela uste dute antolatzaileek. 

Inklusioaren aldeko lasterketa ere egingo dute aurten, izurria dela eta, iaz bertan behera gelditu baitzen proba hori. Lasterketa irekiak ere ibilbide berria izango du, eta Alde Zaharrean barrena egingo dute, 10:00etan hasita. 

500 inguru dortsal, salduta

 Abenduaren 5ean ireki zuten 21. San Silbestre lasterketan parte hartzeko izen-ematea, eta dagoeneko 500 inguru dortsal saldu dituzte. Aurten, guztira, 800 dortsal jarriko dituzte eskuragarri, inoiz baino gehiago. Izen-emateak izan duen harrera ikusita, antolatzaileek izen ematea "bizkor" egiteko deia egin diete proban parte hartu nahi duten herritarrei. 

Izen-ematea kirolprobak.com helbidean egin daiteke. Internet bidez izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak gelditzen badira, abenduaren 30ean eta 31n ere eskuratu ahal izango dira Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide