Loiola + ibilbidea sortu dute

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 18a, 09:30

Loiola+ ibilbidearen aurkezpeneko irudia. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalaren ekimenez sortu dute Loiola +, San Inaziorekin harremana duten lekuak lotzen dituen zailtasun ertain-txikiko ibilbide zirkularra. Sustatzaileen hitzetan, “natura, kultura eta espirialtasuna” uztartzen ditu proiektu berriak. Orotara, 13,6 kilometro ditu.

Azpeitiak turismorako zein aisialdirako eskaintza berria du: Loiola + ibilbidea. Azpeitiko Udalaren ekimenez, eta Jesusen Lagundiaren zein Iraurgi Berritzenen ekarpenarekin osatu dute ekimena. Sustatzaileek adierazi dutenez, "Azpeitian turismo eta aisialdi berriak sustatzeko eta kultura zein espiritualtasun aukerak ezagutarazteko" sortu dute ibilbidea, Inaziotar Urtearen harira. "Loiola+ natura, kultura eta espiritualtasuna batzen dituen ibilbide tematikoa da", zehaztu dute sustatzaileek.

Udalak jakinarazi duenez, ibilbide berria “zailtasun ertain-txikikoa” da: "13,6 kilometroko distantzian 685 metroko desnibela du, eta hiru orduan egin daiteke". Ibilbideak lau mugarri nagusi dituela ere aurreratu dute: Madalenako Ospitalea (ibilbidearen hasiera eta bukaera gunea), Egibar baserria, Loiolako Santutegia eta Oñatz auzoa. Ibilbidearen lanketa eta garapena Iraurgi Berritzenek egin du Jesusen Lagundiarekin elkarlanean.

San Inazio, protagonista

Lau mugarriak edo geltokiak “erraz” identifika daitezke; izan ere, txangoa egiten dutenek San Inazioren silueta irudikatzen duen totem bat aurkituko dute mugarrira iristean. "Totem bakoitzak ibilbidearen informazio praktikoa emango du: kokapena eta distantziak, San Inaziok gune horrekin duen loturari buruzko informazio historikoa eta gida espiritual laburra", azaldu du udalak. "Barnekotasuna lantzeko edo espiritualtasunaren alderdian sakontzeko" bitakora koaderno bat ere sortu dute, "ibilbidea egiterakoan hala nahi duenak esperientzia osoago bat bizi ahal dezan". Hori izan da Jesusen Lagundiak egitasmoari egindako ekarpena.

Ibilbidea ezagutarazteko loiola-gehiago.com webgunea ere sortu dute, eta bertan ibilbide osoaren xehetasunak eta nondik norako guztiak aurki daitezke. Horrez gain, Loiola+ ibilbideari buruzko informazioa biltzen duten eskuorriak eskuragarri izango dira Azpeitiko Turismo Bulegoan zein Loiolakoan.

Bidea ezagutzeko egin duten maparen zati bat. (Loiola-gehiago.eus)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide