Martxan da herriko ikasleak kultur sormenera gerturatzeko xedez sortutako Txinaurriak proiektua

Julene Frantzesena 2022ko abe. 19a, 13:41

Hainbat ikasle Txinaurriak proiektuko saio batean, Dinamoan.

Kulturaz kooperatibak ikasle kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak hezteko helburuz, udalarekin eta herriko ikastetxeekin martxan jarri duen proiektua da Txinaurriak. Azaroan eta abenduan DBHko 200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute sormen tailerrean, eta datozen hilabeteetan ere egingo dituzte saioak Batxilergoko, LHko eta HHko gaztetxoek eta haurrek.

Kulturaz kooperatibak Txinaurriak proiektua jarri du martxan Azpeitiko Udalarekin eta herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean, ikasleei kultur sormenera gerturatzeko aukera eskaintzeko. Egitasmo hori tarteko, azaroan eta abenduan 200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute sormen tailerrean, azaroan eta abenduan egindako saio banatan. Hain zuzen ere, DBHko 3. mailako ikasleek Kamikaz, Horman Poster, Metrokoadroka eta Tripak kolektiboetako kideek gidatutako antzerki mediazio eta sentsibilizazio saioetan parte hartu dute.

Ikasturtea bukatzerako, baina, Batxilergoko, Lehen Hezkuntzako nahiz Haur Hezkuntzako ikasleek ere jasoko dituzte hitzaren, gorputzaren, soinuaren eta irudiaren eremuetako tailerrak, eta beraz, Dinamoa sormen gunea osatzen duten lau arlo horietan esperientziak bizitzeko aukera izango dute. Gainera, Kulturazek adierazi duenez, Txinaurriak nahiz bestelako proiektu batzuk tarteko, azken urtebetean herriko mila haurrek eta gaztetxok parte hartu dute kultur kooperatibak sustatutako proiekturen batean.

Kultur ikusgarritasuna sustatzea ez ezik, sormena eta transmisioa lantzea ere badira Kulturazen xedeak, eta lehendik egiten ziren egitasmoak indartzea da Txinaurriaken helburua. "Ikasleengan modu desberdinean eragiteko bitartekoak eskaintzea eta ikasle kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak heztea dira proiektuaren helburuetako batzuk", azaldu du Kulturazek.

Kulturazen artxibategi digitalean ikus daitezke Txinaurriaken baitan egin diren saioetako irudiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide