Forque saria irabazi du Xanti Agirrezabalak parte hartzen duen 'Cuerdas' film laburrak

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 20a, 10:16

Xanti Agirrezabala aktorea. (Ihintza Elustondo)

Estibaliz Urresola zinemagileak zuzendutako Cuerdas lanak film labur onenaren Forque saria eskuratu du. Era berean, 37. Goya sarietan lehiatzeko hautatu dute, fikziozko film laburrik onenaren kategorian. 

Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrak parte hartzen duen eta Estibaliz Urresola zinemagileak zuzendutako Cuerdas lanak film labur onenaren Forque saria eskuratu du. Madrilen jaso zuen lanak saria, joan zen larunbatean. Ikus-entzunezkoen ekoizleen eskubideen kudeaketarako Egeda erakundeak banatzen ditu sari horiek, urtean zehar izan diren zinema eta telebistako ekoizpen onenei aitortza egiteko. Era berean, 37. Goya sarietan lehiatzeko hautatu dute Cuerdas, fikziozko film laburrik onenaren kategorian. Halaber, Frantziako Clermont-Ferrand nazioarteko film laburren jaialdian emango dute lana, sail ofizialean, nazioarteko lehiaren atalean; urtarrilaren 27tik otsailaren 4ra bitartean egingo dute ekitaldi hori.

Ez da Cuerdas film laburrak jasotzen duen lehen aitortza Forque saria. Izan ere, film laburrik onenaren saria eskuratu zuen Albaceteko (Espainia) Abycine zinema independentearen jaialdian, joan zen urrian. Gainera, Cuerdas filma Cannesko (Frantzia) zinema jaialdiko 61. Kritikaren Astean aurkezteko hautatu zuten maiatzean.

Muskizko (Bizkaia) Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza. Honela azaldu zuen Agirrezabalak lanaren muina, Uztarriari emandako elkarrizketan: "Lantegi horrek herritarrei zer-nolako osasun kalteak eragiten dizkien azaltzen du filmak, eta salatzen du nola den posible legeak halako zerbait onartzea. Aspalditik dago frogatuta enpresa horrek bertako herritarrei nahiz inguruari kalte egiten diela, eta herritarrek borroka egin eta epaiketak irabazi dituzten arren, oraindik ere irekita jarraitzen du oso kaltegarria den lantegiak. Filmak kontatzen duena da diruak eta enpresa handiek nola irabazten duten herritarren aurkako borroka hori".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide