Azpeitiko Udalak 550.000 euro bideratu ditu aurten ekonomia sustapeneko laguntzetara

Anartz Izagirre 2022ko abe. 28a, 12:37

Leire Goenaga eta Nagore Alkorta, ekonomia sustapenerako dirulaguntzen aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Ekonomia sustapenerako udalaren laguntzek, guztira, 211 eskaerari erantzun diote aurten, eta lau dirulaguntza lerrotara 550.000 euro bideratu dituzte. Nagore Alkorta alkateak jakinarazi duenez, inoizko eskaerarik handiena jaso dute aurten laguntzetan. Bestalde, erakundeak Azpeitiko langabezia tasaren berri ere eman du: %7,3 da tasa, eskualdekoa, lurraldekoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa baino baxuagoa.

Azpeitiko Udalak ekonomia sustapenerako dirulaguntzak iragarri zituen joan zen maiatzean, eta orain, laguntza horien balorazioa egin du. Guztira, 550.000 euro bideratu dituzte aurten laguntza horietara, eta 211 eskaerari erantzun diete. "Laguntza hauek egonkortu egin dira, eta urtez urte gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu. Horren adierazle dira aurten jasotako 234 eskaerak; kopurua goraka doa, eta horrek adierazten du laguntza horien beharra", azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Joan zen abenduan aurreikusitakoa baino diru gehiago bideratu dute aurten ekonomia sustapenerako laguntzetara, "beharrak horrela eskatuta". Hala adierazi du alkateak: "Egoera ezegonkorrak bizi ditugu ekonomiari eta prezioei dagokienez. Inflazioak egoera gorabeheratsuak sortu dizkigu aurtengoan, guztioi. Eta zer esanik ez sektore ekonomikoari".

Alkortak nabarmendu du udalarentzat "ezinbestekoa" dela tokiko ekonomia sustatzea, eta laguntza horien bitartez "sektore eta helburu desberdinei erantzutea" lortzen dutela azpimarratu du. Urtez urte momentuko beharrei erreparatzen dietela azaldu du alkateak, eta aurten, zehazki, garraiolarientzako dirulaguntza berezia jarri dute, baita jarduera berriak irekitzeko alokairurako laguntza ere.

Herriko langabezia tasaren berri ere eman du Alkortak. Joan den azaroko datuen arabera, Azpeitiko langabezia tasa %7,3 da —gizonena %5,2 eta emakumeena %9,6—. Urola Erdiko (%7,4) , Gipuzkoako (%8,2) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako (%10,3) tasaren azpitik dago Azpeitikoa. Halere, langabezia tasari "aurre egiteko lanean" jarraituko dutela azaldu du: "Batez bestekoaren azpitik dugu langabezia, baina ezin dugu ahaztu Azpeitiko 543 langabetuek bizitza bat dutela". Ildo horretatik, "egoera ekonomiko justuan" dabiltzan herritarrentzat babes soziala eskaintzen jarraituko dutela jakinarazi du.

Lau lerro

Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak aurtengo dirulaguntzen xehetasunak azaldu ditu hitzartzean. Aurten jaso dituzten 234 eskaeratatik 211 dira diruz lagunduko dituztenak, gainontzekoek, Goenagaren arabera, ez baitituzte baldintzak betetzen.

Zerbitzuen sektoreko eta lehen sektoreko jarduerak indartzera 107.503 euro bideratu dituzte aurten; merkataritza txikian Ticket Bai sistema ezartzeko 66 laguntza eman dituzte, eta webguneak digitalizatzeko 11 laguntza. Horrez gain, bestelako hainbat inbertsio gauzatzeko hogei laguntza banatu dituzte, eta lokalen alokairua ordaintzeko sei —horietatik lau, berriak—. Era berean, jarduera berriak irekitzeko beste bost laguntza ere izan dira.

Bigarren lerroa industria proiektu estrategikoetara nahiz berritzaileetara bideratutakoa da, eta eraikuntza sektoreko gremioentzat nahiz garraiolarientzat 243.296 euroko laguntza bideratu dute. Gasolinaren prezioaren igoera dela eta, garraiolarientzako jarritako 1.500 euro arteko laguntza 39 garraiolarik jaso dute; inbertsioetarako nahiz proiektuetarako 27 laguntza eman dira —11 pabilioi azpiegituretan inbertsioak emateko eta hamasei industria proiektuetarako—; efizientzia energetikoa hobetzeko bi laguntza eman dira, eta eraikuntza sektoreko sei enpresari ere lagundu diete.

Ekintzailetasuna sustatzeko, eta bereziki, gizarte ekonomia eta izaera estrategikoa duten proiektuak garatzeko, 27 jarduera berriri eman diete laguntza, eta guztira, 67.000 euro bideratu dituzte zeregin horretara; beraz, pertsonako, 2.500 euroko laguntza jasoko dute.

Bestalde, langabezian dauden pertsonen 68 kontratazio ere lagundu dituzte diruz. Goenagak nabarmendu du "eskaera asko" egon direla, eta 130.000 euro bideratu dituztela lerro horretara. Askotariko kontratuak lagundu dituzte diruz, baina horietatik 40 lanaldi osoko kontratazio mugagabeak izan direla azpimarratu du Ogasun batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide