Bilboko hilketa matxista "gogor" salatu du Urola Erdiko Itaiak plazan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 29a, 20:44

Herriko plazan elkartu dira dozenaka herritar hilketa gaitzesteko. (Argazkiak: Itaia)

Herriko plazan egin dute elkarretaratzea Urola Erdiko Itaiak deituta. Elkarretaratze isila egin dute Bilbon jazotako indarkeria matxista gaitzesteko eta salatzeko. "Emakume langileok ez dugu inolako babes sozialik, politikorik edo juridikorik eraso matxisten aurrean", adierazi dute plazan.

Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratze isila egin dute arratsaldean herriko plazan. Urola Erdiko Itaiak atzo deitu zuen elkarretaratzea gaur arratsalderako, eta herritar asko izan dira deialdiarekin bat egin eta aste honetan Bilbon jazotako hilketa matxista "gogor" salatu dutenak.

44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil zuen astearte gauean Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Atzo, 09:00etan, ustezko hiltzaileak berak deitu die udaltzainei, eta atxilotu egin dute. Albiste agentziek emandako informazioaren arabera, gizona hildakoaren senarra da, baina Ertzaintzak ohartarazi du oraindik ez dakitela zein den biktimaren eta hiltzailearen arteko harremana. Era berean, Itaiak jakinarazi du beste emakume trans bat ere eraila izan dela Bizkaian. 

Urola Erdiko Itaiak "babes osoa" adierazi die eraildako emakumeen familiei eta ingurukoei. "Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean, eta horrela berresten du azken eraso honek zein gure egunerokoan albiste diren beste hainbatek. Burgesiak ezinbestekotzat du indarkeria matxista bere boterea mantentzeko eta estatu aparatuek beraien interesetarako konfiguratzen dituzte biolentza forma hauek", adierazi dute Itaiako kideek plazan. Feminismoak politika instituzionaletan hartu duen presentzia "aipatzekoa" da antolakunde sozialistarentzat, baina hori "aurpegi garbiketa egiteko eta etekin ekonomikoak bermatzeko tresna" bilkatu dutela esan dute. "Emakume langileok ez dugu inolako babes sozialik, politikorik edo juridikorik eraso matxisten aurrean".

Urola Erdiko Itaiak "beharrezkotzat" jo du erasoen aurrean "erantzun eraginkorrak gauzatzea", horretarako "erasotzaileak seinalatuz" eta erasotutako emakumeak babesteko "beharrezko antolakuntza bitartekoak garatuz". Halaber, "indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea ezinbestekoa" da Itaiarentzat. "Gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak lekurik izango ez duten gizarte komunista eraikitzera begira kokatzen dugu gure jarduna". Urola Erdiko Itaiak "bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa" adierazi du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide