Baltasarren istripuak markatu du Erregeen kabalkada

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 5a, 21:40

Hiru Erregeak abiatu dira igerilekutik, baina Meltxor eta Gaspar bakarrik iritsi dira udaletxeko balkoira. 1766ko Matxinada kalean karrozatik erori egin da Baltasar, eta ezin izan du desfilean jarraitu. Alde Zaharreko kaleetara ez da iritsi kabalkada.

Ohiko itxura berreskuratuta itzultzekoa zen gaur Hiru Erregeen kabalkada Azpeitira, COVID-19aren pandemia tarteko aurreko bi urteetan ez bezala, alegia. Baina aspaldiko gorabeheratsuena izan da, azkenean, Erregeen desfilea.

Atzerapenarekin hasi da kabalkada, Udaltzaingoaren auto baten matxura tarteko, baina horrek ez du inor atzeratu. Alderantziz, ibilbide osoan jendetza batu da bakoitza bere karrozan eta laguntzaileekin zetozen Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera egiteko, eta nola ez, gozokiak biltzeko; gozoki asko, berdin zioen nola, Erregeen atzetik etengabe ibili diren dozenaka gaztetxoen kasuan.

Igerilekutik irtenda, Sanjuandegin osteratxoa egin du desfileak, saihesbidea gurutzatu eta Jose Artetxe kalera iritsi aurretik. Handik Artzubiko zubirantz hartu dute Erregeek eta beren segizioak, baina Alberdieneko urbanizazio berriak Artetxeneko aldapa estututa, 1766ko Matxinada kaletik igaro da kabalkada, Bustinzuriko Errebalean behera Olazko Andre Mariaren plazara ailegatzeko. Eta, hara nola, bi errege besterik ez dira iritsi puntu horretara. Izan ere, Baltasar karrozatik erori egin da 1766ko Matxinada kalean, eta ezin izan du desfilean jarraitu. "Eta Baltasar?" galdera izan da gaur Goiko kalean eta plaza inguruan gehien errepikatu den esaldia.

Errege beltzaren istripuak areagotu egin du kabalkadak hasieratik zekarren atzerapena, eta min hartutako kidearekiko kezka batuta, Meltxorrek eta Gasparrek ibilbidea plazan etetea erabaki dute, Alde Zaharreko kaleetara jaitsi gabe, eta zuzenean udaletxeko balkoira igo dira. Plaza beteta zela, ondo portatu al diren galdetu diete han elkartutako azpeitiarrei; norbaitek ezetz erantzun badu, ez da bi Erregeen belarrietara iritsi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide