Josefa Agirre azpeitiarraren bizitza ikertzera bideratuko dute Tene Mujika beka

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 13a, 09:00

Alaitz Melgar, Tene Mujika bekaren irabazlea. (Goio Ramos)

Alaitz Melgar barakaldarrak irabazi du Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen dituen Tene Mujika beka. Bere amona Josefa Agirreren bizitza ikertzeko baliatuko du beka Melgarrek; azpeitiarra zen Agirre.

Azpeitiarekin lotura duen gai bat jorratzeko izango da aurtengo Tene Mujika beka. Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen ditu beka horrek, fikziozkoak ez direnak, eta aurtengo laguntza Alaitz Melgar Agirrek (Barakaldo, Bizkaia, 1984) eskuratu du. Bere amona Josefa Agirre Etxeberriaren –azpeitiarra zen– bizitza ikertzeko baliatuko du beka Melgarrek, eta urtebeteko epea izango du horretarako.

1927an jaio zen Josefa Agirre Etxeberria, Azpeitian. Garai hartako neska askok bezala, neskame joan behar izan zuen gaztea zela Agirrek, Donostian etxea zuten aristokrata espainiar batzuen etxera. Ingalaterrara joan zen lanera gero, hardun gelditu zen ezkondu gabe, eta buru osasuneko gorabeherak tarteko, psikiatrikoan ere egin zuen bolada bat. Haren bilobak aurreratu duenez, isilpean gelditzen diren istorio horietako bat argitara ekartzea lortu nahi du liburuarekin.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak erabaki du Melgarren lana saritzea. Ingeles Filologiako gradua eta Berdintasun Masterra ikasitakoa da aurtengo bekaren garailea, eta hark argitaratuko duen lehen liburua izango da amonaren gainekoa. Epaimahaiaren arabera, "bere partikularrean balio unibertsala ere hartu nahi duen ikerlana" izango da Melgarrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide