Zahar dator aldi berria

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 9a, 15:02

Andre-gizon bikotea bankuan eserita, Loiolan. (Arnaitz Rubio)

Azpeitiko populazioak 2031. urtera bitartean izan dezakeen bilakaera ezagutzeko, azterketa egin du Siis zentroak udalaren eskariz. Ikerketaren arabera, 2031. urtean azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu, eta mendekotasuna duten pertsonen kopurua %34 haziko da urte horretara bitartean. Errealitate horren aurrean, hainbat egitasmo ditu udalak esku artean. Besteak beste, egoitza berriaren proiektuari lotuta, zenbait aldaketa egin dituzte San Martin egoitzan. 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkariko erreportajea da hau.

Biztanleria zahartzen ari da. Lehengo hamar senideko familiak desagertu dira, eta haur batekoak edo bikoak dira egun ohikoenak, haurrak izatea erabakitzen baldin bada. Era berean, bizi itxaropena asko luzatu da azken hamarkadetan. Gizartea aldatzen ari da, bizimodua ere bai, eta horrek, nahitaez, demografian eragin zuzena izango du. Errealitate horrek gaiaz pentsatzen jarri beharra ekarri du, biztanleriaren aldaketak zaintza sistemarekin lotura zuzena duelako. Horri lotuta, Azpeitiko Udalak ikerketa bat gauzatu du, populazioak 2031. urtera bitartean izan dezakeen bilakaera ezagutzeko eta urte horretan adinekoek izan ditzaketen Gizarte Zerbitzuen beharrak aurreikusteko. Hona hemen datu esanguratsu bat: Azpeitiko biztanleriaren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu 2031n.

Siis dokumentazio eta ikerketa zentroak garatu du aipatutako ikerketa, udalak eskatuta. Hori bai, zentro horrek nabarmendu du datuak "kontuz" hartu behar direla, Azpeitia "herri txikia" denez, baliatutako hipotesietan "aldaketa txikiak" izanez gero, horiek emaitzetan "eragin nabarmena" izan dezaketelako.

Azterketa horren arabera, populazioa %7,5 haziko da, gutxi gorabehera, 2018. eta 2031. urteen artean. Adinekoen populazioa –65 urtetik gorakoena–, gainera, populazio orokorra baino dezente gehiago haziko da; %27,3, hain zuzen ere. Aurreikuspenen arabera, 3.914 adineko izango dira Azpeitian 2031n. Haurren kopurua %20 gutxituko da urte horien artean, eta 65 urtetik gorakoena %18 hazi. Populazioaren batez besteko adina, berriz, 44 urtetik 46 urtera igaroko da. Biztanleriaren zahartzearekin batera, gora egingo du haren dependentzia mailak ere: mendekotasuna duten pertsonen kopurua %34 haziko da. Beraz, zailtasunak dituen populazioa gehiago haziko da populazio orokorra baino.

Zientziaren eta medikuntzaren aurrerapenek eraginda, gero eta urte gehiagoz bizi dira herritarrak. Horrenbestez, bizi itxaropenak gora egingo du datozen urteetan. 2018. urtean, gizonak 80,5 urtera arte bizi ziren batez beste, eta 2031n 83,8 urte egitera iritsiko direla aurreikusten da; 3,3 puntu egingo du gora haien bizi itxaropenak. Ondorioz, adineko gizonen artean 80 urtetik gorakoek duten pisua ere nabarmen haziko da. Emakumeen bizi itxaropena ez da gizonena bezainbeste luzatuko epe berean: 2,4 puntu. Izan ere, emakumeen bizi itxaropena dagoeneko altua da; 2018. urtean, 86,5 urtera arte bizi ziren batez beste, eta 88,9 urtekoa izango da haien bizi itxaropena 2031n. Emakumeen bizi itxaropena gizonena bezainbeste haziko ez denez, 80 urtetik gorako emakumeen kopurua ere ez da gizonena bezainbeste haziko. 65 urtetik gorakoen artean, aldiz, ez da hainbeste aldatuko sexuaren araberako pisua.

Herritarren bizi itxaropena luzatzeak horiek mendekotasun egoeran pasatuko dituzten urteak luzatzea eragingo du. Azterketan jasotakoaren arabera, aurreikusten da 691 herritarrek izango dutela mendekotasun arriskua edo mendekotasun egoera 2031. urtean –2018 amaieran, 596 azpeitiarrek zuten mendekotasun onartua–. 2031n mendekotasunen bat duten hamar pertsonatik ia lauk mendekotasun arina izango dute, hamarretik hiruk mendekotasun larria eta laurdena baino zertxobait gutxiagok mendekotasun handia.

(Argazkia: Kris Fernandez)

Gizarte Zerbitzuen eskaerak, gora

Mendeko pertsona kopuruaren gorakadaren ondorioz, 2031n Gizarte Zerbitzuen eskaera tasa handitu egingo dela espero dute azterketaren egileek. Igoera hori %4,2koa izango dela aurreikusi dute ikerketan, baina Siisen arabera, handiagoa izan daiteke, "laguntza informalaren eskuragarritasunaren arabera".

Biztanleriaren bilakaeran eragin zuzena duen beste faktore garrantzitsu bat da ugalkortasunarena; hau da, munduratzen den ume kopurua. Ugalkortasun Indize Sintetikoa da horren berri ematen duen datua; emakume batek bere urte ugalkorretan zenbat haur izango lituzkeen adierazten du Ugalkortasun Indize Sintetikoak. Eustatek lurraldeka ematen ditu datu horiek, eta Gipuzkoan 1,48 ume izan zituen batez beste emakume bakoitzak 2018an. Siisen arabera, Azpeitiko Ugalkortasun Indize Sintetikoa ondo egokitzen da Eustatek Gipuzkoarako ematen dituen datuetara. Eustaten aurreikuspena da ugalkortasun indizea handitzen joango dela datozen urteetan. 2030. urtean datu hori 1,59koa izatea espero dute Gipuzkoan. Beraz, aurreikuspenen arabera, haur gehiago jaioko dira datozen urteotan.

Era berean, INE Espainiako Estatistika Institutuak Gipuzkoarako egiten dituen proiekzioetan aurreikusten da haurrak izateko adina zertxobait aurreratuko dela, immigrazioaren eraginez. 20-34 urte bitarteko emakumeen erditzeak hazi egingo dira; 35 urtetik gorakoenak, berriz, murriztu.

Datuen artean, bada bitxikeria bat ere: neskak baino mutil gehiago jaiotzen dira munduan. Herrialde gehienetan, 105 mutil jaiotzen dira ehun neska jaiotzen diren bakoitzeko. Dena den, Azpeitian diferentzia hori handiagoa da urte gehienetan; esku artean dituzten datuak kontuan izanda, 109,9 mutil jaiotzen dira batez beste ehun neskako.

Aipatutako aurreikuspenak mahai gainean izanda ere, migrazioak asko baldintza dezake populazioaren etorkizuneko bilakaera. Eustatek Gipuzkoarako aurreikusten du immigrazioa mantendu eta emigrazioa txikitu egingo dela; beraz, migrazioak goranzko joera txiki bat izango du. INEk Gipuzkoarako egiten dituen proiekzioetan, aldiz, migrazio tasak gutxitzen joango direla aurreikusten du.

Iturri guztien arabera, zaintza informala eskuratzeko zailtasun handiagoa izango da etorkizunean. Izan ere, lehen informalki erantzuten zitzaion zaintzaren zati handi bati, etxean, baina gero eta zailago bilakatu da hori horrela izatea, gizartea aldatu egin delako; emakumea lan munduan txertatu delako, besteak beste. Gainera, biztanleria zahartzearekin batera, beste pertsona bat zaintzeko adinean dagoen herritar kopurua murriztu egingo da. Hori neurtzeko, Zaintzaile Potentzialen Indizea (ZPI) erabili daiteke; ZPIak neurtzen du 70 urtetik gorako pertsona bakoitzeko 49 eta 69 urte bitarteko zenbat zaintzaile potentzial dauden. 2018 eta 2031 bitartean, ZPIa %18 murriztea espero dute.

Beraz, datuek argi erakusten dute gizartea zahartzen ari dela eta mendeko pertsonen kopuruak gora egingo duela datozen urteetan. Horrek Gizarte Zerbitzuen eskaria areagotuko du; izan ere, gero eta pertsona gutxiago egongo dira adineko herritarrak zaintzeko adinean, eta joerak erakusten du zaintza informalak ere behera egingo duela. Hala eta guztiz ere, Siisen ikerketaren arabera, gaur egun zerbitzu prebentiboetan inbertitzeak etorkizunean zerbitzu pisutsuagoen erabilera murriztea eragin dezake. Ikerketa zentroak jaso duenez, badago hori horrela dela esateko "nahikoa ebidentzia": etxez etxeko laguntzak eta eguneko estimulazio zerbitzuek eragin dezakete horretan, baita laguntza teknikoek eta etxebizitzaren egokitzapenak ere.

Etxe tutelatuen eraikineko lanak, Elizkalean. (Maialen Etxaniz)

Udala, prebentzioa lantzen

Siisek egindako ikerketaren emaitzak esku artean, Azpeitiko Udalak nabarmendu du prebentzio lana egiten jarriko dituela indarrak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldu duenez, gizartearen zahartzearen aurrean, udalaren helburua da adineko pertsonek ahalik eta denbora gehienez etxean bizi nahi badute, horretarako baliabideak ezartzea, eta etxean bizitzea posible ez den kasuetan, etxean bezala senti daitezen bermatzea. Haren arabera, etxez etxeko laguntza izan da orain gutxira arte mendekotasun txikiena zutenei eskainitako zerbitzua, eta San Martin egoitzakoa, berriz, mendekotasun handiena zutenei eskainitakoa. Dena den, bi mutur horien artean ez zegoen bestelako aukerarik, eta eskala hori zabaltzea nahi izan dute, egoitzara iritsi arteko tartea luzatzeko, "jende gehienak etxean zaindua izatea" nahi duelako. Bide hori jorratzeko, hainbat proiektu ditu esku artean erakundeak; batzuk dagoeneko martxan, eta beste batzuk bidean dira.

Etxez etxeko laguntza integrala

Etxez etxeko laguntza integrala da udalak martxan duen zerbitzuetako bat. Urte hasieran abiarazi zuen proiektu hori erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, oraindik etxean bizitzeko gai diren edo horretarako hautua egin duten mendeko pertsonen zaintzarako. Aurrez martxan zen etxez etxeko laguntza osatzea da zerbitzu berri horren helburua, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez: "Berez, etxez etxeko laguntzaren helburua ez da soilik adinekoei garbiketa lanak egiten laguntzea, baina askotan, horretara mugatzen da zerbitzua, eta beraz, ez du betetzen zaintza pertsonalari dagokion atala". Hutsune horri erantzuteko, azken urteetan aldaketa ugari egin dituzte etxez etxeko laguntzan, eta 2022. urtean beste urrats bat egin du erakundeak, etxez etxeko laguntza integrala martxan jarriz.

Goenagaren arabera, mendekotasun maila txikia duen herritar batek, agian, nahikoa du etxez etxeko ohiko laguntza jasotzea, baina mendekotasun hori areagotzen doan heinean, haren beharretara hobeto egokitzen da etxez etxeko laguntza integrala. Izan ere, zerbitzu hori jasotzen dutenei egunero, 24 orduz, bermatzen diete arreta profesionala. Horiei "erreferentziazko pertsona bat" izendatzen diete, eta gainbegiratze eta larrialdi zerbitzua eskaintzen die pertsona horrek. "Zerbitzuak etxean hobeto zainduta egoten laguntzen die. Edozein ordutan dei diezaiokete beren erreferenteari: asteburuetan, gauean...".

Zinegotziak adierazi duenez, etxez etxeko laguntza integralaren bidez, luzatu egiten da adinekoa egoitzara joateko denbora. "Herritarrei galdetzen badiezu, gehienek ez dute nahi egoitzara joatea, etxean zaindu ditzaten nahi dute. Egindako azterketen emaitzek erakusten dutenez, etxez etxeko laguntza integrala jasoko ez balute, hiru pertsona dagoeneko San Martin egoitzan egongo lirateke".

Etxebizitza tutelatuak

"Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia" duten adineko pertsonentzako hamabi etxebizitza tutelatu eraikitzen ari da udala Elizkaleko 24, 26 eta 28 zenbakien orubean. Orain arte udalak ez zuen etxebizitzarik kalifikazio horrekin, nahiz eta herriko zenbait gunetan badituzten larrialdiko beste etxebizitza batzuk, antzerako beharrei erantzuten dietenak. Etxebizitza tutelatuak honako profil hau duten herritarrentzako dira: autonomoak, mendekotasun mailarik ez dutenak edo gradu bateko mendekotasun maila dutenak.

Hamabi etxebizitza eraikiko dituzte Elizkalean; horietatik lau bi logelakoak izango dira, eta zortzi logela batekoak. Orotara, hamasei plaza izango dira. Udal ordezkariek azaldu dutenez, halako espazio batean bizi ohi diren pertsona gehienek bakarrik bizitzea nahi izaten dute, baina zenbait kasutan, baita binaka ere: senar-emazteek, anai-arrebek...

Etxebizitza tutelatuetan, herritar bakoitza bere etxebizitzan bizi ohi da, baina etxe horrek elementu komun batzuk izaten ditu. Gainera, arreta jaso ohi dute hango bizilagunek: janaria prestatzen laguntzen diete, psikologoen edo terapeuten laguntza jaso dezakete...

Udalak aurreikusten du martxo-apirilerako amaituko dituztela obrak, baina gero jantzi egin beharko dira etxebizitzak, eta horrek luzatu egingo du proiektua martxan jarri arteko denbora. Gainera, erabiltzaileen profilak zehaztu beharko dituzte, eta haiek bete beharko dituzten baldintzak jasotzen dituen araudia osatu beharko dute. Etxebizitza tutelatuak martxan jartzerako, udazkena izango dela aurreikusten du udalak. Jendea informatzeko hitzaldiak antolatzeko asmoa ere badu erakundeak.

Perdillegiko gunea, gaur egun. (Maialen Etxaniz)

Egoitza berriaren proiektua

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko azaroan jakinarazi zuten gizarte beharrei erantzungo zien eraikin bat egiteko asmoa zutela Perdillegiko eremuan. Alkortak azaldu duenez, San Martin egoitza egun kokatzen den gunea handitu nahi zuten berez, biztanleriaren zahartzeari eta herritarren beharrei erantzuteko, baina eremu horretako "uholde arriskuak" tarteko, ez zen hori posible izan. Orduan erabaki zuten beste gune batean egoitza berria egiteko hariak mugitzen hastea.

Alkateak adierazi duenez, egoitza berri hori egiteko, aldundiarekin harremanetan jarri ziren, eta "gauza bat argi" adierazi zioten erakundeari: "Orain arteko kudeaketa ereduari eutsi nahi diogu; hau da, irabazi asmorik gabeko entitate batek kudeatzea nahi dugu zaintzarekin loturiko zerbitzua. San Martin egoitzako fundazioak kudeatzen du egungo egoitza, eta eredu hori mantentzea nahi genuen proiektu berrian". Haren arabera, aldundiak begi onez ikusi zuen hori, fundazio gehienak "desagertzen" ari direlako.

Aldundiak eta udalak dagoeneko adostuta dute zer zerbitzu jarriko dituzten eraikin berrian. Guztira, 125 plaza izango ditu egoitza berriak. Horietatik 110 adinekoei zuzendutakoak izango dira, eta hamabost desgaitasun psikikoa dutenei zuzendutakoak. Gainera, 20-30 pertsonari zuzendutako eguneko zentroa ere izango da Perdillegiko gune berrian.

Ohiko zahar etxeen eredua irauli nahi dute egoitza berriarekin. "San Martin egoitzan oraindik batzuek logelak partekatzen dituzte, eta hori saihestu eta bizikidetza unitateak bultzatu nahi ditugu: hau da, egoiliar bakoitzak berarentzako soilik izango den espazio bat izatea ziurtatu nahi dugu, horiek etxean bezala sentitu ahal izateko. Logela, egongela... izango ditu pertsona bakoitzaren bizikidetza unitateak". Alkatearen arabera, dagoeneko zenbait herritan martxan daude horrelako ereduak, eta funtzionatu egiten dute. "Egoiliar bakoitza etxetxo txiki batean bezala bizi da, eta beste egoiliarrekin partekatzen ditu zenbait elementu; sukaldea, esaterako". Horrela, senitartekoak etortzean, horiek egoiliarrentzako janaria presta dezakete, besteak beste. "Zaintzaren ereduan aldaketa bat egin behar dela ikusten dugu. Pertsona horiek ahalik eta autonomoenak izan daitezen saiatzea da helburua, eta dauden lekuan daudela, etxean bezala senti daitezen ahalegintzea".

Horrez gain, egoitza berria Perdillegin egingo dela ere adostuta dute dagoeneko udalak eta aldundiak, eta zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen dituen Matia fundazioak garatuta dauka eraikinaren aurreproiektua. Kontu horietan adostasuna adierazi dute bi aldeek, eta udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa martxan jarri du, gune hori etxebizitza erabilerarako izendatuta dagoelako.

Egoitza berria Perdillegin egiteko, han kokatzen den eta Perretxiko izenez ezagutzen den eraikina bota egin beharko dute, baita Juan Antxieta musika eskola, Atzegi nahiz Udal Euskaltegia hartzen dituen eraikina ere. Hori horrela, musika eskola Dinamora lekualdatuko dute, eta Udal Euskaltegia eta Atzegi Perez Arregi plazako Telefonica zenaren gunera.

Gaur-gaurkoz, proiektua gauzatu ahal izateko finantziazio formula aztertzen ari direla adierazi du alkateak: "Aldundia eta udala proiektua gauzatzeko finantzazio formula ezberdinak aztertzen hasiak dira".

Era berean, eraikin berriaren proiektua martxan jartzen hasi zirenean, San Martin egoitzako fundazioa nola zegoen aztertzea erabaki zuten, helburua fundazio horri eustea zela kontuan izanda, dimentsio horretako proiektu bati ekin aurretik entitatearen egoera xehetasunez ezagutzeko. "GSR enpresa kontratatu genuen San Martin egoitzaren bideragarritasun azterketa egiteko; finantziazioari nahiz langileen kudeaketari dagokionez, egoera zein zen jakin nahi genuen. Emaitzak esku artean izanda, kudeaketari dagozkion zenbait neurri hartu behar zirela ondorioztatu genuen, fundazioa bizirik mantendu nahi bazen behintzat. Eta zuzendaritzan aldaketa egitea erabaki genuen", azaldu du alkateak. Gaur-gaurkoz, GSR arduratzen da San Martin egoitzako zuzendaritzaz; Beatriz Gelbenzu da egoitzako zuzendari berria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide