Erretratua

Jose Mari Azpiazu: "Gorputzak baino gehiago mugitzen nau bihotzak mendian"

Leire Ibar 2023ko ots. 13a, 09:17

Jose Mari Azpiazuren erretratua. (Olatz Alkorta)

Gaztetatik bere bi pasioak diren mendia eta idazkuntza uztartzea lortu du Jose Mari Azpiazuk, 55 urte mendiari eskainiz, bai eta bederatzi liburu argitaratuz ere. Hark azaldu du ez duela bizitza proiekturik gabe ulertzen. Berea da Erretratua 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunan hasi zen lehen pausoak ematen Jose Mari Azpiazu (Azpeitia, 1953), 15 urte inguru zituela, eta ez zen denbora asko pasatu ordutik kanpoko hainbat mendirekin amesten hasi zenera. Lagun Onaken babespean elkartutako kideek –hala nola Azpiazuk berak, Jesus Mari Mendizabal Errexilek, Jose Luis Orbegozok, Joxe Urbieta Takolok, Pako Lertxundik eta Juan Mari Olaizolak osatutako taldeak– orain hain ezaguna den Izarraizko harrobian eman zituzten lehen pausoak, eskalatzeko lehenengo zortzi bideak irekiz. "Orduan eskalatzea beste helbururik ez geneukan; ahalik eta konpromiso handieneko bideak egiten hastea ́zen gure nahia". Giro horretan murgildurik, taldea amesten hasi zen pixkanaka, baita "amets horiek mahai gainean jartzen" ere. Taldeak gutxieneko konpromiso maila bat izan behar zuela zehaztu zuten, eta kideek "izugarrizko ilusioarekin" heldu zieten erronka berriei. Amets horietatik sortu zen lehenengo espedizioa: 1976an Peruko Cordillera Blancako Salkantay mendira egin zutena. Gailurra egitea lortu ez bazuten ere, Azpiazuk adierazi du gauza asko ikasita itzuli zirela handik.

Mendirako grinaz gain, Azpiazuk idazteko zatelasuna ere bazuen garai hartan, eta Extreme zein Desnivel bezalako aldizkari entzutetsuetan idazten zuen. Hala, 25 urte inguru zituela sortu zitzaion bere lehenengo liburua izango zena idazteko aukera "berezia": Bartzelonako argitaletxe batetik Alpinismo español en el mundo izenburua izango zuen liburua idazteko proposamena jaso zuen. "Edozein pozteko moduko" eskaintza izan zela aipatu badu ere, 25 urteko gazte batentzako "ardura handiegia" iruditzen zitzaiola azaldu du: "Garbi neukan ni baino helduagoak eta ospetsuagoak ziren beste mendizale batzuen babesa beharrezkoa nuela liburu hura idazteko, bestela ez niola proeiktuari eutsiko". Hori horrela, garai hartan Euskal Federazioko lehendakari zen Pako Iriondorekin eta Euskal Herrian punta-puntakoak ziren hogei mendizalerekin elkartu zen, eta haien laguntza izango zuela bermatu ostean, Bartzelonara deitu eta baiezkoa eman zuen. 1980. urtean kaleratu zuen liburua, eta arrakasta handia izan zuen, 15.000 aletik gora saldu baitzituzten.

Handik gutxira, Josu Bereziartua alpinista azpeitiarrak egindako proposamenari ere eutsi zion Azpiazuk. Bereziartuak Himalaiara joateko proiektua zuen esku artean, Annapurna II-rako espedizioa, hain zuzen ere, eta hara joateko gonbidapena egin zion Azpiazuri. "Arrisku handiko espedizioa zen hura, elur jausi asko izaten baitira han. Dena den, proiektuak aurrera egingo zuela esan zidan. Josu pertsona sinesgarria eta indartsua zen niretzat, eta haren egitasmoak maitemindu egin ninduen". Gauzak horrela, talde bateratu bat izatea lortu zuten, eta "lan askoren ondoren", baldintzak zehaztu zituzten. Honako hauek ziren bi baldintza garrantzizkoenak: batetik, erabaki zuten ez zela espedizio bakar bat izango, baizik eta jarraipena eman behar zitzaiola; eta bestetik, gaia serio hartu nahi zuten gazteentzako eskola eta ate bat izan behar zuela proiektuak. Ondorioz, Annapurna II-koaz gain, Azpeititik beste bi espedizio egin zituzten, Everest eta Yalung Kang mendietara. "Azpeititik hiru espedizio oso interesgarri egin genituen. Gero jarraipenik ez zuten izan, ordea; hori da pena".

Azpiazu, Sanagustinpean. (Leire Ibar)

Bizipenak paperean

Azpiazuk bere bi pasioak, mendizaletasuna eta idazkuntza, uztartu izan ditu, eta bere ibilbidean zehar hainbat liburu ontzea egokitu zaio. Behinola, Euskal Herriko mendiei "merezitako omenaldia" egiteko nahia sortu zitzaion, eta hortik jaio zen Nire barneko mendiak liburua. Azpiazuk garbi zeukan ez zuela GPSrik erabili nahi liburua osatzeko: "Bertako mendiak ezagutzen dituzten pertsonekin jarri nahi nuen harremanetan, gauza asko ikusiko eta ikasiko nituelako". Horrez gain, liburu "ezberdina" egitea ere nahi zuen, "haratago zihoan" liburu bat. "Bihotza gehien mugitu didaten mendien inguruan idatzi nahi nuen. Baina bizitzan bihotza ez dizute mendiek bakarrik hunkitzen, geure barnean ditugun mendiek ere bai; gure zalantzek, gure beldurrek...". Liburua 2015ean kaleratu bazuten ere, bost urte igaro ziren Euskal Herriko 500 gailur inguru egitetik liburuaren gaineko azken erabakiak hartu zituen arte.

Ondoren, Sebastian Alvaro alpinista eta Al filo de lo imposible telebista saioko zuzendari eta sortzailearekin trilogia bat sortzeko erronkari heldu zion. Azken lana iazko azaroan bukatu eta hiru liburuz osatutako bilduma kaleratu zuten. Lehenengoa La vida en el límite de la vida da, mendien ingurukoa; bigarrena La vida en los confines de la Tierra, poloei buruzkoa; eta hirugarrena, La vida en los vacíos del planeta, desertuen ingurukoa. "Ez genituen edozein moduko liburuak egin nahi, formatua ere berezia izatea nahi genuen. Ondo dokumentatutako eta ederrak ziren pasarteak kontatu nahi genituen, maitemintzeko modukoak. Gainera, istorio asko kontatzea nahi genuen, istorio labur eta anitzak, eta mundu guztiko argazki ikusgarriekin laguntzea testuak".

Bizipoza

Azpiazuk bere burua kirolaritzat ez duen arren, "mendiko mistikaren barruan" dagoela sentitzen du. "Gorputzak baino askoz ere gehiago mugitzen nau bihotzak ni mendian". Hark adierazi duenez, zerbait gustatuz gero, "bizia" ematen du horregatik; eta horren adibide da mendia. "Mendia eskola bat da, eta beste bizi ikuspegi bat ematen dizu. Asko ikasten da mendian, umilago izaten, esaterako, baita muturreko egoeretan barre egiten ere". Hala eta guztiz, garbi utzi du mendiaren handitasunaren aurka ez dagoela "zer eginik".

Azpeitiarrak aipatu du "jaio zen ume hura oraindik bizirik" mantentzen duela, eta hori dela "zaindu" beharrekoa. "Barruan daukagun ume hori hiltzen denean gu ere hil egiten gara". Azpiazuk esan duenez, ez du bizitza "proiekturik eta umiltasunik gabe" ulertzen, eta "inguruko gauzez maitemintzen" ikasi behar dugula esan du. "Lokomotoreei funtziona dezaten ikatza botatzen zaien eran, bihotzari ere ikatza bota behar zaio, bizipoza eman behar diogu. Eta bizipoz hori mendiak ematen dit niri".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide