Loren Azkue: "Pazientzia eskatuko nieke eskiatzaileei; badator elurra"

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 13a, 08:56

Loren Azkue, Astungo eski estazioan. (Utzitakoa)

Eskiatzaileak kexu dira, Pirinioetan elur gutxi egin duelako. Loren Azkue Astungo eski estazioko langilea da, eta hark dio antzeko egoerak bizi izan dituztela beste zenbait urtetan. Datorren astetik aurrera elurra iragarri dute.

2015az geroztik Astunen (Aragoi, Espainia) bizi da Loren Azkue (Azpeitia, 1990). "Ia gehiago naiz hemengoa azpeitiarra baino" dio barrez, eski pistetatik jaitsi berritan. Gaur egun, Astungo eski estazioko langilea da. Pirinioetan elur gutxi egin duen kontua eskiatzaile denen ahotan dabilen honetan, pazientzia eskatu du: "Hartu arnasa".

Lehen eski eta snowboard irakaslea zinen, baina gaur egun, mantenu lanetan aritzen zara Astunen.

Instalazioak zaindu, teleaulkietan lagundu, saltoak egin ahal izateko hodiak-eta gainbegiratu... Horrelako lanak egiten ditut. Pena ematen dit irakasle lana uzteak, askoz ere gehiago betetzen ninduelako lan horrek. Baina baldintza hobeak eskaini dizkidate lanpostu berrian. 

Abenduko zubian eta Gabonen bueltan ia ez du elurrik egin. Zer moduz joan da urte amaiera?

Pistak ez dira egoera onean egon, baina Formigal itxita eta Candanchu partzialki itxita egon direnez, jendea etorri da Astunera, eta, egia esan, mugimendua egon da; aparkalekua bete egin da. Uste nuen edozein egunetan itxi egingo zutela estazioa, eta ez da horrela izan. Beraz, lanean jarraitu dugu, eta eskertzekoa da pistak irekita mantentzeko apustua egin izana. Gaur-gaurkoz, bost teleaulki daude martxan Astunen.

Aurten denen ahotan dabil ez dagoela elurrik eta ezin dela eskiatu. Kexu dira eskiatzaileak. Zein da egoera?

Uste dut oso pazientzia gutxiko gizartean bizi garela, eta gero eta pazientzia gutxiago dugu, gainera. Pentsa, 1992. urtean otsailean zabaldu zituzten eskiatzeko pistak, elurrik ez zegoelako, eta duela sei urte, Errege egunez; garai hauen bueltara arte itxita egon ziren pistak orain dela sei urte ere. Sare sozialek gero eta gehiago eragiten digute; pozoia sartuta daukagu. Segituan esaten dugu: "Jada ez du elur gehiago egingo". Nire ustez, zera gertatu da: Ameriketako Estatu Batuetan hotz handia egin du, hotz gehiena han pilatu da, eta hemen ohi baino beroago egin du. Orain horren buelta dator; tenperatura hotzak iragarri dituzte datorren astetik aurrera. Hori bai, aldaketa klimatikoaren eragina hor dago; ez dut esango hori nabari ez denik. Izan ere, eguzkiak gero eta gaiztoago jotzen du. Eguzkiak irteten duenean, gero eta gehiago berotzen du, eta gaua iristean, gehiago hoztu. 

Hurrengo astetik aurrera dator aldaketa, beraz.

Bai, metro erdi elur egingo du datorren astean; hori esaten dute. Astelehenetik aurrera iragarri dute elurra. 

Zure arabera, aldaketa klimatikoaren eraginez nabari da tenperaturak epeltzen ari direla, baina egoera ez da hain katastrofikoa. 

Ez dut uste. Elurrari dagokionez, antzeko urteak izan dira. Memoria txarra daukagu, eta askotan ez gara gogoratzen beste urte batzuetako errealitateaz. Dena den, ez da normala eguzkiak nola jotzen duen. Gaur [asteartea], adibidez, goizean zero azpitik bost gradu egin ditu, eta hamar gradura arte igo da tenperatura egunean zehar. Goizetik arratsaldera hamabost graduko aldea lehen ez zen egoten inolaz ere, eta orain, normalago bilakatu da. Orain dela astebeteko egoera ez nuen sekula ezagutu Astunen, eta gutxiago garai hauetan. Sekula ez nuen ikusi hainbeste harri inguruotako pistetan. Oso elur gutxi dago, baina denbora gutxian aldatu egingo da egoera. Hain zoro dabil eguraldia...

Astun, asteazken honetan. (Loren Azkue)

Zuen enpresak murrizketarik aplikatu behar izan al du egoera tarteko?

Gu normal ari gara lanean, baina Candanchun, adibidez, jendeak oporrak hartu behar izan ditu behartuta. Formigalgo langileek ere beraien jaioterrira itzuli behar izan dute. Alde horretatik, zortea izan dut nik. 

Zure urte osoko lana eski munduari lotuta al dago?

Astunen eta Candanchun ez da jende asko bizi, eta bizi garenak, normalean, txapuzero samarrak izan ohi gara; hara eta hona ibiltzen gara, behar denean laguntzen. Neguan pistetan lan egiten dudan arren, udan horrela ibiltzen naiz, obran lanean, baita ostalaritzan ere. Hemen ostalaritzan edo obran lan egin dezakezu; ez dago besterik. Ez dago fabrikarik ere, eta gertuen dagoen okindegia Jakakoa [Espainia] da. 

Eskiari lotuta, ezingo da urte guztian lana izan, ezta?

Oso jende gutxik du zorte hori. Nahiko nuke, baina zaila da. 

Noiz arte izaten da eski denboraldia?

Aste Santuak erabaki ohi du hori. Aste Santuan elurra egiten badu, jendea eskiatzera etortzen da, baina elur gutxi baldin badago, hondartzarekin pentsatzen hasten da. Horren arabera, pare bat asteren gorabeheran, lehenago edo geroago bukatu ohi da sasoia. 

Zer esango zenioke elurrik ez zegoela eta Gabon buelta desesperatu samar pasatu duen jendeari?

Arnasa hartzeko. Gaur egun, denok eskuko telefonoari begira egoten gara, eta horrek zer esaten duen sinetsi egiten dugu. Haurra nintzela, aitarekin urtean behin joaten nintzen eskiatzera, eta teletestuan begiratzen genuen elurrik ba al zegoen Pirinioetan; abentura bat izaten zen. Batzuetan elur ona tokatzen zen eta besteetan ez, baina joan egiten ginen. Orain jendeak sakelakoari begiratzen dio, eta horrek esaten dionaren arabera, agian  joan ere ez da egiten. Uste dut abentura puntu hori ere beharrezkoa dela. Orain AEBetako antizikloia etorriko da, eta elur gehiegi izango da; ziur bat baino gehiago horregatik kexatuko dela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide