Herriko ondare historikoaren zati bat birtualki bisitatu daiteke 'Ignaziotar Lurraldea 360º' webgunean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 14a, 08:30

Azpeitiko ondare historikoa sarearen bitartez ezagutzeko aukera eskaintzen du Iraurgi Berritzenek eta Aldundiak garatutako proiektuak. Hain zuzen, Olazko nahiz Madalenako baselizak, Egibar baserria, parrokia... ikus daitezke 360 graduko errotazioa duen webgunean. Proiektua Fitur nazioarteko turismo azokan aurkeztuko dute.

Urola Turismoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomiaren Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamenduak iaz Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin elkarlanean garatu zuten Ignaziotar Lurraldea 360º proiektuak eman du lehen emaitza. Hain zuzen, dagoeneko birtualki ikus daiteke sarean Azpeitiko ondare historikoaren zati bat. Proiektuaren barruan Azkoitiko, Loiolako eta Azpeitiko zenbait interesgune digitalizatu dituzte, aireko nahiz lurreko irudiekin.

Azpeitiko herriari dagokion atalean, Olazko nahiz Madalenako baselizak, Egibar baserria, parrokia... ikus daitezke. Digitalizazioa 360 graduko errotazioa duen erresoluzio altuko argazkigintzan oinarrituta egin dute. Argazkiez gain, kontakizun edo narratiba multimediak ere txertatu dituzte webgunean, eta hala, erabiltzaileak eskura izango ditu gune horien deskribapenak ere.

Proiektua Loiolako Inazioren konbertsioaren 500. urteurreneko ospakizunen baitan garatu dute, eta helburua da San Inazioren figurari lotutako ondare esanguratsuena digitalizatzea eta turistikoki balioa ematea. Digitalizazioak, besteak beste, Loiolako santutegia, Zumarragako Antiguako baseliza eta Arantzazuko santutegia birtualki bisitatzeko aukera eskaintzen du. Datorren astean hasiko da Fitur nazioarteko turismo azoka, eta han aurkeztuko dute emaitza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide