Sansebastianak 2023

Aurten bai!

Mikel Odriozola 2023ko urt. 17a, 17:00

Mikel Odriozola Udaleko Festa batzordeburuak San Sebastian jaien gehigarrirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aurten bai!, askotan eta gauza askotarako erabilitako leloa. Bi urteko etenaren ostean, San Sebastian festak ospatzeko moduan gara aurten, eta pozik, oso pozik nago. Pandemiaren ondorioz, azken bi urteetako San Sebastian festak bertan behera utzi behar izan genituen, eta hori ez zen batere erraza izan niretzat ere, Festa batzordeburu eta festazale bezala. Helduen eta haurren danborradetan parte hartzen duten taldeak eskertu beharrean nago, erabakia hartzerakoan izan zuten jarreragatik eta konpromisoagatik. Dena den, joan zen urtean, denon artean, haurren danborrada ospatu ahal izan genuen martxoaren 13an. Neurririk gabe, musukorik gabe eta haur haien poza zein irribarreak ikusiz disfrutatu ahal izan genuen, bai beraiek, bai guk.

Ardozaleak taldeko kideak aurten 50. aldiz aterako dira danborradan. Kuadrilla hura, lagun haiek, behinola danbor talde bat osatzeko ideia izan zutenak eta herriko festan parte hartzeko hautua egin zutenak. Zenbat talde diren egun parte hartzaileenetakoa den festako danborrada osatzen dutenak: ez dezala etenik izan, eta izan dezala edonork danborradan parte hartzeko aukera.

Helduen danborrada prestatzen hasita gaude. Hasiak gara bilerak egiten, hasiak gara entseguekin, hasiak gara urduritzen (aupa Urko!), baita festa aurreko afariez eta lagun giroaz gozatzen ere. Eta zeinen garrantzitsua den giro hori, zenbat eman duen eta emango duen. Zeinen beharrezkoa den festa batzordeburu berri batentzat horrelako kuadrilla izatea, danborrada barrutik ezagutzeko eta babesa sentitzeko. Eskerrik asko, eta bejondeizuela.

Hasi gara bidea egiten, martxan da batzordea. "Hau da gure danborradie". Bai gurea, herriarena. Beraz, izan gaitezen parte aktibo, festan eta antolaketan. Festa batzordeburua aldatuko da, udal ordezkariak ere bai, baina danborradak hor jarraituko du beti.

Napoleoi trajeari barrenak hartzen edota zapata beltzak probatzen, danborrak armairutik ateratzen edota karroza prestatzen. Aiton-amonak, gurasoak, irakasleak, boluntarioak. Zenbat maitasun dagoen haurren danborradan, zenbat mimatzen den eta zeinen ederra den. Zer garrantzitsua Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren, Iraurgi Ikastetxearen, Juan Antxieta musika eskolaren eta Itsasi kultur taldearen lana. Zenbat inplikazio eta zenbat maitasun, eta zer beharrezko tresna haurren danborradaren antolaketan. Zorionak, zuei!

Azpeitiko Udal Musika Banda, zeinen pieza garrantzitsua danborradan, eta nola ez, herriko festetan. Askotan lo gutxi eginda, nekatuta, baina beti giro onean; nekaezinak zarete!

Eta ez dezagun ahantz: Azpeitiko danborrada ez dute danbor taldeek bakarrik egiten. Azpeitiko danborrada kale izkinetan edota balkoietan desfilea ikusten egoten zaretenok ere egiten duzue, nola ez. Bi sokak ezkonduta, lepokoari korapiloa eginda eta auskalo zenbat urte dituen makila denak otarrean prest dituzte urteko lehen irteera egiteko. Lepokoa, gerrikoa... Atera aurreko tripetako kilima haiek, zer oroitzapen. Zorte on, mutilak. Zezen poteoan ikusiko gara, luza!

Eskerrak eman nahi dizkiet antolaketan aritzen diren boluntarioei, udal teknikariei eta brigadako langileei, udaltzainei, soinu teknikariei, eta era batera edo bestera herritarrok festaz gozatzeko lan egiten duten guztiei.

Gozatu sansebastianak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide