Sansebastianak 2023

Komunitatearen parte, festaren bidez

Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 18:00

San Martin egoitzako sansebastianetako une bat.

San Martin egoitzako egoiliarrak sansebastianetan murgilduko dira datozen egunetan. Bisitak izango dituzte, eta festa girorik ez da faltako.

K alean nabaritu ohi da sansebastianak iritsi direla: bertako eta inguruko herrietako lagun ugari han-hemeka, megafoniatik entzuten den musika, saltokietako apaingarriak, balkoietan banderak... Baina bada festak ospatzeko beste modu bat ere; San Martin egoitzakoa, adibidez.

"Egoiliarrek komunitatearekin harremana manten dezaten" festa eta egun esanguratsu guztiak ospatzen dituzte San Martin egoitzan. "Azken urteetan, arreta pertsonarengan jarrita lan egiten saiatzen ari gara, eta halako jarduerak egitea egokia da egoiliarrentzat; horren barruan kokatzen da sansebastianak ospatzea", adierazi du Marian Mangas egoitzako psikologoak.

Sansebastianen bueltan, ekintza ugari egiten dituzte egoitzan. Festak hasi baino bizpahiru egun lehenago, herriko kaleetan eta saltokietan egiten den bezala, zentroa apaintzen dute –koilarak, txapelak zein girlandak... jartzen dituzte eraikinaren barruan, eta kanpoaldean banderolak–. "Adinekoek, normalean, hormetan jarri behar diren apaingarriak itsasten laguntzen digute", gaineratu du Mangasek.

Era berean, giro handiagoa sortzeko, festetako musika jartzen dute: "Egoitzako solairu denetan jartzen dugu entzungai danborradako abestien diskoa. San Se- bastian egunean, gainera, bazkari berezia prestatzen saiatzen gara". Horrez gain, bisita bereziak izaten dituzte egoiliarrek: hilaren 19an haurrak joaten dira egoitzara, egoiliarrekin pieza batzuk jotzera. Gero, egoitzako kideek danborrada egiten dute, eta arratsaldean, DBHko ikasleek egiten dute egoitzara bisita.

San Sebastian egunean ere jai giroan segitu ohi dute San Martin egoitzan. Hain zuzen ere, goizean goiz, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeetako kideek egiten duten danborrada egoitzara joaten da, eta eraikinaren aurrean pare bat kanta jotzen dituzte bi talde horietako kideek.

Oroitzapenak

Horrelako ekintzek oroitzapen ugari ekartzen dizkiete egoiliarrei. Hala dio Mangasek: "Azpeitiarrak direnek gogotsu bizitzen dituzte festak. Orain egoitzan egon arren, urte gehienak kalean igarotakoak dira, eta urte horietako oroitzapenak izaten dituzte; sasoi batean, sansebastianak Elizari lotutako festak zirela gogoratzen dute, batik bat, eta danborradarik gabeko San Sebastian jaiak ere gogoan dituzte. Hala ere, gehienbat poztasunarekin lotzen dituzte festak. Gehienentzat egun handia da San Sebastian eguna".

Azken urteetako ospakizunetan, pandemiak eraginda, aldaketak egin behar izan dituzte, baina aurrerantzean normaltasunera itzultzea espero dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide