Urko Egañak San Antontxu bertso paper lehiaketa irabazi du

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 16a, 10:00

Urko Egaña eskubian, saria eskuetan duela. (Utzitakoa)

Mungian (Bizkaia) antolatzen duten bertso paper lehiaketaren XXV. edizioan izan da saritua bertsolari azpeitiarra, helduen mailan.

Alde bakarreko begiradaz izenburu duen bertso sortarekin Mungiako (Bizkaia) San Antontxu XXV. bertso paper lehiaketan helduen mailako lehen saria eskuratu du Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak. Gainera, aurtengoa ez da lehiaketa horretan Egaña saritu duten lehendabiziko aldia. Iaz bigarren saria lortu zuen Nire sindromea izenburudun bertso sortarekin.

Hona hemen Egañaren bertso sorta irakurgai:

Alde bakarreko begiradaz

Doinua: Auséncia (Imanol kanta 11A/Bra  egokituta)

1.- Soka batez zintzilikatuta nahiz
eskumuturreko zainak moztuta
edo gas hilkorren bat arnastuta
hiltzea amesten zuen baten nahiz,
batenbat mindu nezakeen usaiz
aurretik barkamena eskatuta
eta hitzak oso ondo neurtuta
bertsoak jartzen saiatzen nintzen maiz.
Baina gaur bai, suizidioaren gaiz,
bi alde dauzkala aintzat hartuta,
hots, neure aldetik begiratuta
errespetuz ahaleginduko naiz.

2.- Kanpoko guztia barneratzean
inoiz ez da izaten atsedenik
ez baita korapilatzen ez denik
buru barrukoa martxan jartzean.
Korapiloa korapilatzean
pilatzeak nahiz ez izan etenik,
ez da arrazoirik ez gaituenik
pozten korapiloa askatzean.
Suizidatzean min denak atzean
uzten diren ustean ziurrenik
utziko du norbait mindu duenik
utzi dizkion min denak hartzean.

3.-Norberaren buruan zer dagoen
norberak ezin badu kontrolatu,
ezingo du nahi bezala kontatu
nahiz berak jakingo duen ondoen.
Egoera horretan den askoren
zailtasunak ezin dira sailkatu
eta ezin dute asimilatu
sarri ere gutxi nola asko den!
Zer ez ote da zail errez baino le(he)n?
Zail dena errez nahi da bilakatu,
baina hori ezingo da gauzatu
behin buruaz beste egin ondoren.

4.- Basamortuan ura aurkitzea
ahal dela entzun diot askori
baina ez nion entzungo inori 
erreza denik bila aritzea.
Ez du merezi egarriz hiltzea
ura badarie hainbat zulori.
Beti dago irtenbide bat! Edo bi!
Ziur bat ez dela suizidatzea!
Etsi-etsian bizitza kentzea
nahi dutenak ez al dira erori
irtenbidetzat jo nahi duten hori
ez ote den bidetik irtetzea?

5.- Burumakur dabilenaren bitsa
ari baldin bada lurrera jausten
eta arimaz ari bada husten
hau ez da bere zerrailaren giltza!
Bele beltzak inguruan dabiltza
eta zail da argi pixkat ikusten
baina saiatu argi horri eusten
hori baita irauteko baldintza.
Suizidioak ez ditu bizitza
okertzeko aukerarik zapuzten,
ostera ez dio hobetzen uzten
betirako itzaliz argi printza.

6.- Ziur egunak igaro direla
minez, nahigabez eta etsipenez
negar malkotan itotzeko senez
edo beste modu batez bestela.
Maiz egunkarietako eskela
propioa sortuz minen baimenez
jakinda bildurrak duen kemenez
mina areagotu dezakela.
Eutsi goiari ahal den bezela
be(he)tik irtetzeko itxaropenez
buruaz beste egin baino le(he)n ez
ahaztu beste bururik ez dela!

7.- Maitasun, osasun zein bestelako
arazoak daude beti sustraitzat.
Maiz sustraiok sekulako zuhaitzak
bihurtzen dira konturatzerako!
Eguraldi txarra atertzerako
baretuta izango dira gaitzak
eta itxaropena hartuz aintzat
ez genuke ezer faltan botako.
Presta gaitezen datorrenerako
nahiz gaitz asko dakarren maiz ekaitzak,
helduko dira gustuko emaitzak
non ez den irrifarrerik faltako.

8.- Bizipenek irakasten digute
zenbait bide oker nola zuzendu,
elkar entzuten jakingo bagendu
maiz laguntzen lagunduko liguke.
Zenbat aholku eta hitz errute
gura izan ditudan nabarmendu,
baina hemen minduak sufritzen du
gure bigarren plano baten truke.
Bere erru eta bere bertute
bizitza da bizitzaren ukendu,
gaur eman eta bihar igual kendu
bizitza gauz hauek osatzen dute.                   

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide