Bestaldetik

"Elizara gustura joaten ginen gu, gerokoaren pozetan"

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 31a, 09:08

Iosu eta Joxemiel Manzisidor, Iosuren etxeko terrazan. (Mailo Oiarzabal)

Arroagoian sortuak, nerabe zirela iritsi ziren Azpeitira Manzisidor bikiak. Jaiotzako loturari sendo eutsi diote eta eusten diote, lanean eta zaletasunetan parean ibili dira eta ibiltzen dira. Elkarrekin hasi zuten bizitzako maratoiari bestelako dozenaka maratoi erantsi dizkiote. Azkena, New Yorken. 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkariko Bestaldetik ataleko erreportajea da hau.

Manzisidor bikiak aipatzea eta biak korrika irudikatzea bat datoz. Besteak beste, guztira 41 maratoi dituzte hanketan. Joan den azaroaren 6an egin zuten orain arteko azkena, New Yorken. Elkarrekin, beste lasterketa asko egin izan dituzten gisara. Baina korrika ez ezik, lana ere elkarrekin egin izan dute eta egiten dute, eta zaletasunak eta lagunak ere partekatzen dituzte Iosu eta Joxemiel Manzisidorrek (Arroagoia, 1960).

Arroagoian eskolaratu ziren manzisidortarrak, eta Zestoako San Jose eskola publikoan jarraitu zuten ikasle ibilbidea. Koskortuta aldatu ziren eskolaz, baina ezin izan dute zehaztu zenbat urterekin; 9-10 urterekin dio Iosuk; "gehiagorekin" izan zela uste du, ordea, Joxemielek, 10-11rekin. Umetan, eskolatik irtendakoan "plazan futbolean" aritzen zirela gogoratu du Joxemielek, baina ohikoena "eskolatik baserrira" joatea izaten zutela erantsi du Iosuk. "Kalean asteburuan ibiltzen ginen gehiago, igandeetan elizara joan eta handik irtendakoan eta". Larretxeberri baserrian, izan ere, "eginkizunak" ez zituzten inoiz falta izaten. "Gaur egun ez gara joaten, baina garai hartan elizara gustura joaten ginen, ondorengoaren pozetan", dio Iosuk, irribarre batekin. Lau anaia dira guztira manzisidortarrak; bikiak dira zaharrenak, urte batzuetako koskarekin, baserrian bizi ziren garaian txikiak ziren beste bi anaiak, eta baserriko lanetan laguntzea bi zaharrenei zegokien, Iosuk eta Joxemielek azaldu dutenez.

Aitaren familian, berriz, hamahiru senide ziren. Aitona-amonek baserria saltzea erabaki zuten, eta Iosuren eta Joxemielen familia Azpeitira etorri zen bizitzera, Sanjuandegira. "15-16 urte" zituzten, eta Arroagoitik Azpeitirakoa aldaketa handia izan zela aitortu dute Manzisidor bikiek, urteen poderioz "Azpeitian oso gustura" bizitzera iritsi diren arren. "Gazteak ginen, baserritik asko irtetera ohitu gabeak", dio Joxemielek, bizileku aldaketaren hasierako talka gogoan. "Azpeitia herri dezentea zen, jauzi handia zen guretzako. Kale-kalea, ez ganadurik eta ez ezer...", gaineratu du Iosuk. Hala ere, nahiko azkar eta ondo moldatu ziren bi anaiak. "Hasieran lagunik ez" zuten, ez baitzuten inor ezagutzen, baina laster hasi ziren lagunartea osatzen. Bien bitartean, ordura arte bezala, "biak beti batera" ibiltzen ziren; "bikiak gara, bereiziezinak", Iosuren hitzetan. Gerora ere, hala ibili izan dira, beti elkarrekin.

Korrikaren boomak harrapatuta

Atletismoa ez da txikitatik datorkien zaletasuna. Eskola garaian futbolean aritu ziren zerbait, baina Azpeitira etorri ezkerokoa dute korrikarako joera. Arnas luzeko korrikalariak izan dira beti Manzisidor anaiak, eta egin dituzten maratoien zerrendan, Donostiakoa da gehien agertzen dena. Biek diote beren proba "kutuna" dela Gipuzkoako hiriburukoa: hamazazpi alditan korritu du Joxemielek, eta 11 aldiz Iosuk. Bereziki gogoan dute 1993koa, urte hartan maratoiaren Munduko Kopa jokatu baitzen Donostian, eta marka onarekin burutu zuten lasterketa hura bi anaiek, bi ordu eta 24 minutu pasatxotan.

Donostiako Maratoia izan da bikien proba kutuna. Argazkian, 1989koan. (Utzitakoa)

Hain zuzen ere, Donostiako Maratoiaren hastapenen bueltan –1978. urtean jokatu zen lehen aldiz proba hori– korrikaren halako "boom bat" gertatu zela gogoratu du Iosuk, eta boom horrek "harrapatuta" hasi ziren bikiak lasterketak kateatzen. "Herri lasterketak ugaritzen hasi ziren. Gure inguruan, Urrestillan, Azpeitian Jai Karnabalean... antolatzen hasi ziren lasterketak, eta horrela hasi ginen gu". Joxemielen hitzetan, "futbolean, txarrak; igerian, ezta atzeraka ere; bizikletan ezta pentsatu ere. Zeozer egite aldera hasi ginen korrika". Probatu, "egoki" moldatzen zirela ikusi, eta gustatu, denborarekin "bizio" bihurtzeraino, Iosuk dioenez.

Urte askoan batera egin dute atletismoan ibilbidea, baina ibilbide hori ez dute beti parareloan eraman. Hasi, esaterako, ez ziren elkarrekin hasi. Iosu goiztiarragoa izan zen, soldadu joaterako hasia zen hura atletismoaren bidean; Joxemielek, berriz, 24 urterekin ekin zion bide horri. Aurrerago, Iosuri tokatu zitzaion atletismo kontuak pixka bat lasaiago hartzea, semeak txikiak zirela, Joxemielek maratoiak kateatzen jarraitu zuen bitartean. Bestelakoan, "beti elkarrekin", entrenatzen zein lanean; igeltsero aritu ziren urte luzez, "Bonbillorekin", eta azken urteetan autobideko mantenimenduko lanetan ari dira. Biak ere "nahiko lan gogorrak", baina hamar orduko lanegunetan ere, lanetik irten eta beste ordu eta erdiko korrika saioa egitea izan da ohikoena manzisidortarrentzat urte luzez. "Gustuko lekuan, aldaparik ez", dio Iosuk. Inoiz nagitasunak joz gero, hura gainditzeko pizgarriak bazituzten inguruan. Izan ere, bikiak korrikarako lagunarte zabalaren parte ziren, "kuadrilla polita"; Azurmendi, Apalantza, Diego Garcia, Blanco, Iturralde... aipatu dituzte.

Realzale amorratuak

Azaroan, New Yorken, bere ibilbideko hogeita hirugarren maratoia osatu zuen Joxemielek, eta hemezortzigarrena, berriz, Iosuk. Aspalditik zuten begiz jota AEBetako hiririk handieneko lasterketa ospetsua, azkenean lortu dute desio hori betetzea, eta ez dira joan izanaz damutzen. Astebeteko egonaldia egin zuten New Yorken eta "esperientzia ederra" izan zela diote. "Bazeukan fama, eta halaxe da", dio Iosuk maratoiaz eta haren inguruan sortzen den giroaz. "Ikusgarria" da, Joxemielen esanetan. Ibilbide osoa ikuslez "beteta" zegoela nabarmendu dute biek: "Behobia-Donostian izaten da ba, Bulebarreko bukaerako irudia? Ba horrelaxe, ibilbide osoan". Gainerakoan ere gustura ibili dira Amerika aldean. Aitzakia bakarra aurkitu diote bidaiari: janaria. "Pizza eta saltxitxa zen dena, han ez zegoen garbantzurik eta dilistarik".

New Yorkekoa izan da atletismoarekin lotuta manzisidortarrek orain arte egin duten bidaiarik luzeena. Izan ere, etxetik gertuko lasterketak dira nagusi bikien palmaresean, Donostiako Maratoia guztien gainetik buruan dela. Bienak batuta dituzten 41 maratoietatik "zazpi edo zortzi" egin dituzte elkarrekin, hala ere. Egindako gutxiago izan arren, urrunekoak gehixeago dira Iosuren zerrendan: Sevillakoa (Espainia) bitan korritu du, eta Frankfurtekoa (Alemania), Turingoa (Italia) eta Bartzelonakoa ere probatutakoa da, besteak beste. Joxemielen zerrenda luzean, berriz, Pariskoa da urrutienekoa. Etxetik gertuago, Torrelavegan (Espainia), lehiatu zen Joxemiel anaiak probatu ez duen distantzia batean: 100 kilometroko lasterketa. Bakarra egin du, "probatzeko kapritxoa" zuelako, baina distantzia ultra luzeak ez zuen katigatu.

Iosu eta Joxemiel dominak jantzita, New Yorkeko maratoia bukatuta. (Utzitakoa)

Atletismoa bidaiatzeko edota bazter berriak ezagutzeko tresna gisara gutxi baliatu dutela aitortu dute, beraz, bi anaiek. Bietako inor ez da aparteko bidaiazalea, baina Iosuk badu erretiroa hartutakoan "autokarabanarekin eta" hara eta hona pixka bat gehiago ibiltzeko esperantza. Joxemielek, berriz, badu mendirako joera, eta mendi martxak ere bat baino gehiago ditu eginak. Bada, baina, bikiak lotzen dituen beste zaletasun bat: futbola, eta bereziki, Reala. Iosuren etxea duela hogei urtetik apaintzen duen bandera txuri-urdina da zaletasun horren lekuko. Atotxan jokatzen zuenean sarritan joaten baziren, Reala Anoetan jokatzen hasi zenetik klubaren bazkide dira Manzisidor anaiak, eta Donostiako taldearen etxeko partida gehienetan han izan ohi dira. "Horretan ere antzeko ideiak dauzkagu. Oso Realekoak gara", dio Iosuk, Joxemielek irribarre batekin "hau ni baino gehiago" bota badu ere.

Bikien arteko harremana eta lotura bereziki estua izan ohi dela esaten da, eta Iosu eta Joxemiel Manzisidor bat datoz horrekin. "Eskolan batera, soldaduskan batera, lanean batera, korrika batera... Bizi osoan ibili izan gara elkarrekin", laburbildu du Joxemielek. "Izaten ditugu haserrealdiak, baina beti bueltatzen gara", dio Iosuk. Azken horrek badu gutxienez beste maratoi bat egiteko ilusioa, "hartara bien artean 42 osatzeko", dio, maratoiaren kilometro kopuruaren zenbaki bera mugarritzat hartuta. Joxemielek, aldiz, azkena New Yorkekoa izan dela dio. Maratoietan ez, beraz, baina ziur Manzisidor anaiek elkarren ondoan korrika jarraituko dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide