Sansebastian festek helduen danborradarekin egiten dute eztanda. Arropak, barrikak, danborrak eta atabalak prestatu, poteoa egin, eta afaltzera, 22:00etarako denak ilaran egoteko. Baina batzuk lasai ibili ahal izateko, beste batzuek lana egin behar izaten dute; soziedadeen kasuan, adibidez, uneko batzordean parte hartzen duten kideek. Eta ile apaindegietan, buru-belarr aritu ohi dira langileak, kantinerak eta banderadunak danborradarako prest izan daitezen.
Azken urteetan ugaritu egin da katerin zerbitzua kontratatzea erabaki duten taldeen kopurua. Dena den, oraindik badira batzordekideek afaria prestatzen jarraitzen duten elkarteak: Harkaitza eta Oilo-Soro, adibidez. Mikel Ibarzabal Harkaitza elkarteko kide da, eta aurten batzordekide izatea egokitu zaio. Hori dela eta, San Sebastian bezperako afaria prestatu beharko du, batzordeko gainerako kideekin batera. Abendutik ari dira astero bilerak egiten, eta urtarrilaren hasieran erabaki zuten afarirako menua: hasierakoak, legatza, azpizuna piperrekin eta pastelak.
"Danbor jotzaileak soziedadera etorri aurretik izan behar dugu dena prest. 19:00etan hasiko gara afaltzen, eta 22:00etarako denok prest izango gara; denerako astia ematen du. Lana da, baina danborra jotzeko denbora ere izango dugu. Izugarri gogotsu nago gainera", esan du Ibarzabalek.
Afari batekin nahikoa ez, eta Harkaitza taldea banderaren jaitsieran ere izango denez, San Sebastian egunez ere prestatuko dute afaria batzordekideek. "Banderaren jaitsieran aterako direnetzat afaria ere jarriko dugu; ohiturari jarraituz, baratxuri zopa eta saiheskia izango dira afaltzeko", adierazi du Ibarzabalek.
Oilo-Soron ere buru-belarri
Oilo-Soro elkartean ere batzordekideek prestatuko dute aurtengo afaria. "Gure elkartean batzorde bakoitzak erabakitzen du katerin zerbitzua erabili edo ez, eta guk afaria geuk prestatzea pentsatu dugu", azaldu du Aitor Berasategik. Egun osoko lana izango dutela aurreikusten dute, baina ondo antolatuta, egiteko denak gauzatzeko moduan izango direla uste dute. "Urtarrilaren 18an mahaiak prestatu eta elkartea apainduko dugu. 19an, berriz, goizean hasiko gara ahal dugun guztia aurreratzen, saltsak, adibidez. Batzordeko zortzi kideok 17:00etarako elkartuko gara azken prestaketak egiteko".
19:00etan hasiko den afarira joaten diren Oilo-Soroko danbor jotzaileek honako menu hau dastatuko dute: sarrerakoak, arrain zopa, bakailaoa saltsan, arkumea edo txuletak. "Eta ezin dute hutsik egin EganĚaneko pastelek", esan du Berasategik. Otordua prestatzeak lan handia eskatzen badu ere, horrek ez dio danborra jotzeko gogoa kendu Berasategiri: "Egun berezia izaten da, eta ziur nago batzordeko zortzi kideok aterako garela ondoren danborradan".