Sansebastianak 2023

Helduen danborradak festaz blaitu du Azpeitia

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 20a, 02:30

San Sebastian bezperako hitzordu jendetsua ez da iragarritako eguraldi kaskarraz libratu, baina danborradan parte hartu duten 1.500 lagun ingururen festarako gogoa nagusitu da. Ardozaleak taldeak zegokion omenaldia jaso du udaletxean bandera igoeraren ondoren, aurten 50 urte bete dituelako danborradan. Plazako egonaldia bukatzeko, Batasuna jo dute lehen aldiz kalean danborradako 30 taldeek elkarrekin.

Eguraldia solasaldi askotarako gaia izan ohi da beti, baina aste honetan joera orokorra ikaragarri indartu da Azpeitian. Inoiz iritsiko ez zela zirudien negua iritsi da azkenean, noiz, eta sansebastianak ospatzeko puntuan, aurreko bi urteetan ospatu ezin eta azpeitiarrek aurten aparteko gogoarekin ospatu nahi zituzten danborradekin batera.

San Sebastian bezperan euria espero zen, danborradarako izan litekeen eguraldi klase eskasena, alegia. Eta euria egin du, gogotik egin ere, danborrada hasi denetik bukatu den arte ia etenik gabe. Euria, eta haize zakarrak lagunduta, gainera. Plastikoz estalita zein estali gabe, hasterako blai ziren helduen danborradaren kide gehientsuenak; goizean baino epelago egin du, sikiera, gauez. Behin bustita, ordea, festarekin aurrera egin dute guztiek, danborrak astinduz eta dantzan, festarako gogoz ziren eta. Bizkor ibili dira, gainera; izan ere, danborradan 30 talde direnetik gauerdian bandera igotzeko ia korrika iritsi izan dira azken taldeak plazara gaerdirako, bandera igotzeko. Gaur, ordea, hamabietarako ordu laurden falta zenerako talde guztiak plazan zeuden.

Eta plazan, behin ondo baino hobeto bustita, ohiko festa osoa eskaini dute, danborradak astinduz eta dantzan. San Sebastian Martxarekin herriko bandera igo ondoren, eguneko omenaldiaren txanda iritsi da. Ardozaleak taldeak 50 urte bete ditu gaur helduen danborradan, eta Martxial Elorza eta Iñaki Portilla taldekideak igo dira udaletxera Nagore Alkorta alkatearen eskutik zegokien oroigarria jasotzera, plazan elkartutako guztiek danborrak haien omenez astintzen zituzten bitartean.

Plazako emanaldia bukatzeko, berriz, aurten Azpeitiko danborradan lehen aldiz entzun ahal izan den pieza jo dute, dotore jo ere: Batasuna. Ondoren, plaza husten joan dira taldeak, bakoitza bere tokira itzultzeko, lanak ondo beteta eta herria festaz blai utzita.

San Sebastian egunez, gehiago

Helduen danborrada sansebastianetako festa egitarauaren lehen hitzordua izan da, baina urtarrilaren 20ak luze joko du aurten ere Azpeitian. Hau da San Sebastian eguneko festa egitaraua:

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldeko kideen eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen goiz eresia, kalez kale.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egingo dute plazatik hasita, eta Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izango dituzte lagun.
  • 10:15. Udal ordezkariak udaletxearen aurretik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
  • 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean barrena.
  • 10:45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako eta Azketa ahots taldeko kideek parte hartuko dute elizkizunean. Ignacio Arakistain arduratuko da elizkizunean organoa jotzeaz.
  • 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Gainera, taldeak plazan direla, Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa Aitor Expositok egin du, Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak gai hartuta.
  • 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea. 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide