Bertso Eguneko festa, Azpeitira

Andoni Elduaien 2023ko urt. 26a, 09:47

Aurten ez dute areto barruko bertso jaialdirik egingo. (Kulturaz)

Bertsozale elkarteak Azpeitian egingo du 2023. urteko Bertso Eguna, eta egun osoko egitaratua prestatu du. Bertso poteoa eta bertso bazkariak nahiz afaria egingo dituzte eguna ospatzeko.

Etzi, 2023. urteko Bertso Eguna egingo dute Azpeitian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia igaro berri den honetan, Bertsozale elkarteak bestelako Bertso Eguna antolatu nahi izan du aurtengorako. Hain justu, Bertsozale elkarteko Gipuzkoako koordinatzailea da Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990), eta egunaren antolaketan buru-belarri aritu da joan den irailaz geroztik.

Azken urteetan, lurraldez lurralde ari da egiten Bertsozale elkartea Bertso Eguna. Iaz, Izpuran (Nafarroa Beherea) ospatu zuten. Artetxek adierazi duenez, aurten Bertso Eguna Gipuzkoan egitea egokitzen zen, eta hainbat arrazoigatik hautatu dute Azpeitian egitea. "Historikoki bertsozalea izan den herria da, eta kultur mugimendu indartsua duen lekua. Horrez gain, azpiegitura aldetik ere egitaraua antolatu ahal izateko aukera desberdinak eskaintzen ditu", azaldu du koordinatzaileak. Gainera, halako egun bat antolatzeko bertso eskolekin elkarlana izatea "ezinbestekoa" dela ere nabarmendu du hark. "Gure kasuan, zorionez, Erniarraitz bertsozale elkartea izan dugu elkarlanerako, eta noski, horrek ere eragin du herriaren hautaketan". Azpeitiko Udalak ere egunari "harrera ona" egin diola adierazi du elkartearen Gipuzkoako koordinatzaileak.

Egun "informalagoa"

Artetxek uste du Bertso Eguna "testuinguru berezian" datorrela, eta hori horrela, egitarau "informalagoa" prestatu nahi izan dute. Aurtengo berrikuntza nabarmenena da Bertso Egunean beti egin izan den bertso jaialdi nagusia kendu izana. Hala azaldu du Artetxek: "Orain arte, antzoki batean egin izan da eguneko bertso saio nagusia. Udazken osoa txapelketan eta jaialdiz jaialdi ibili gara, ordea, eta horregatik, jaialdi nagusia ez egitea erabaki genuen. Bost bertso bazkari egingo ditugu, eta gaueko ekitaldia ere informala izango da. Festa eta elkarrekin egoteko gunea eskaini nahi ditu larunbatean Bertso Egunak".

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako Azpeitian, eta guztira, 25 bertsolari arituko dira han bertsotan. 11:30ean hasita, poteo librea egingo dute herriko kaleetan zehar. Goizean, nahi duen orok izango du poteora batzeko eta bertsotan egiteko aukera. "Ez dugu bertsolaririk lotu goizeko bertso poteorako. Lehen, tabernan entzuten ziren bertsolariak bertsotan. Orain, berriz, gero eta gutxiago. Herriko bertsolariei aukera emanez, tabernara joan eta bertsotan lasai aritzeko gunea izatea nahi dugu goizeko poteoa", adierazi du Artetxek.

Kaletik herriko bost elkartetara eramango dute gero bertsoa. Hain zuzen, Azpeitiko Oilo-Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Ollagorra eta Txalintxo elkarteetan bertso bazkariak egingo dituzte, 14:30 inguruan hasita. Mota ezberdineko bertso saioak izango dira elkarte bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoak edota bertso saio musikatuak. Ziripot elkartean, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo ariko dira bertsotan gaiekin eta bertso jarriekin. Bertso jarriekin, berriz, Oier Etxeberriak eta Irantzu Idoatek jardungo dute bertsotan. Imanol Artola Felix izango da elkarte horretako gai jartzailea. Oilagorra elkartean, libreko saioa osatuko dute Jone Uriak eta Sustrai Colinak; baita Zulo Zabalen ere. Azken elkarte horretan Miren Artetxek eta Saioa Alkaizak girotuko dute bazkalostea.

Txalintxo elkartean bertso saio musikatua egingo dute Ane Ezenarro gai jartzailearen aginduetara. Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus nahiz Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Gari Otamendi zein Ixak Arruti musikariek osatuko dute saioa. Oilo Soron, ostera, Unai Iturriaga eta Jexux Mari Irazu bertsolariak izango dira protagonista.

Arratsaldean, poteoa egin ostean, bertso afaria egingo dute iluntzean Azoka Plazan. Afalostean hasiko dira bertsotan Aissa Intxausti, Ander Fuentes, Ane Labaka, Eñaut Martikorena, Joanes Illarregi, Josune Aramendi, Maddi Aiestaran, Maialen Lujanbio, Peru Abarrategi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi. Artetxek adierazi duenez, "jende asko" ari da bazkarirako nahiz afarirako txartelak erosten. "Aurreikuspenak ondo bete dira", nabarmendu du azkoitiarrak.

Txartelak, salgai

Guztira, bost bertso bazkari egingo dituzte bost elkartetan, eta gauean, Azoka Plazan bertso afaria egingo dute. Txalintxo elkartean bertso bazkari musikatua egingo dute, eta Oilo-Soro elkartean, libreko saioa. Bi elkarte horietarako txartelik ez da gelditzen dagoeneko. Bai, ordea, Zulo Zabal, Ziripot eta Ollagorra elkarteetan izango diren bazkarietarako eta plazako afarirako. Bazkarirako edo afarirako txartelak nahi dituztenek, bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dituzte

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide