Nolatan hasi zineten haurrekin filosofia lantzen?
Izaro Toledo: Duela urte batzuk, haur filosofiari buruzko ikastaro bat antolatu zuten Donostiako Tabakaleran, eta Filosofia ikasi genuen hainbat lagun elkartu ginen han ikastaro hartan. Orduan jakin genuen haur filosofia 1970ko hamarkadan AEBetan sortu zela, Matthew Lipman izeneko irakasle baten eskutik. Pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela proposamena Euskal Herrira ekartzea; euskarazko materiala sortzea eta saioak euskaraz egitea. Horrela sortu genuen Jakinmin elkartea, eta elkartearen bitartez egiten duguna da haurrei taldean filosofatzeko espazioak edo guneak eskaini, bai herrietan eta baita beste egitasmo batzuen barruan ere.
Filosofia, oro har, ez da zerbait erakargarria jende gehienarentzat. Nola lantzen duzue haurrekin? Nola egiten duzue haurrentzat erakargarri?
I.T.: Batez ere bilatzen duguna da taldean pentsatzea. Nahi duguna da haurrek pentsamendu kritiko, sortzaile eta arretatsua edukitzea, alegia, haurrek beraien kabuz pentsatzea, eta, gainera, besteei entzunez, elkarrekin eta taldean pentsatzea. Iruditzen zaigu taldean pentsatzeko biderik errazena pizgarriak ematea dela, gure burua aktibatzen duten galderen bitartez.
Maddi Nazabal: Filosofia ez zaigu erakargarria egiten lotzen dugulako Batxilergoko ikasgai batekin edo aspaldi hil ziren pertsona batzuen azalpenekin edo ulertzen ez dugun zerbaitekin. Baina guk aldarrikatzen duguna da filosofia ikasi baino gehiago, egitea. Eta hori, nik uste, badela erakargarria, planteatzen diren gaiak askotarikoak direlako: zoriontasuna zer den, laguntasuna zer den, mundua noiz sortu zen, zergatik gauden gu hemen, zer den gizakia izatea… Eta gai horiek elkarrizketa moduan planteatuta, badira erakargarria.
Beraz, duela ehunka urteko pentsalarien eta autoreen inguruan ez duzue jarduten zuen saioetan...
M.N.: Hori da, inongo momentutan ez dugu filosofo bakar baten izenik ere aipatuko. Are gehiago, guk hitz egitea baino gehiago, helburua izaten da haurrek hitz egitea, guk nahi duguna baita haurrak pentsatzera bideratzea, pentsatzeko aukera izango duten espazio bat eskaintzea, eta hori ez dator bat filosofiaren inguruan ditugun aurreiritziekin.
I.T.: Haurrei galdetzen diegu gai jakin baten inguruan zer den interesatzen zaiena, eta galdera horietatik abiatuta, hitz egiten dute beraiek elkar ulertzeko moduan eta beraiei interesatzen zaienaren inguruan. Ez dute jakiten filosofia egiten ari direnik; hitz egin egiten dute, beraien zalantzak agertu eta batak besteari entzun.
Eskoletan, herrietan... haurrek taldean filosofatzeko guneak falta direla iruditzen zaizue?
M.N.: Erabat. Eskolan ez da bilatzen bakoitzak berea pentsatzea; umeei esaten zaie zer ikasi behar duten, eta esandako hori ondo ikasten badute, ongi egingo dutela. Gure saioetan, eskema horretatik atera egiten gara. Baina gure aldarrikapena ez da bakarrik haurrek ez daukatela filosofatzeko espaziorik; helduok ere ez daukagu horrelako gunerik. Eta hori inportantea da; izan ere, metodologiak haur filosofia izena duen arren, ez da haurrentzako bakarrik. Helduentzako saioak ere egiten ditugu; hain zuzen ere, Azpeitian martxoan egingo dugu formakuntza saio bat. Saio horiek dira helduentzako espazioak aldarrikatzeko modu bat; erakutsi nahi dugu horrelako guneen beharra dagoela. Parrandan mozkorrak gaudenean ateratzen dira gai hauek, baina beste inon ez dugu hitz egiten horietaz. Goizaldeko ordu txikietan izaten ditugun momentu horietan, elkarrekin egoten gara eta elkarrekin pentsatzen dugu, eta uste dugu bestela ere behar ditugula horrelako espazioak.
I.T.: Gu eskolako irakasleak gara, eta saiatzen gara gure ikasgeletan pentsatzeko espazioak egon daitezen, baina konturatzen gara oso zaila dela. Ez baita bakarrik gai hauetaz hitz egitea, da nola hitz egiten den, ea arrazoiketa erabiltzen den, ea txandak errespetatzen diren, ea bestea entzuten den… Gai horien inguruan, gehiago edo gutxiago, etxean, tabernan edo beste lekuren batean hitz egin dezakegu, baina guk moduari garrantzi handia ematen diogu, eta beste espazio horietan moduak ez dira guk nahiko genituzkeen moduan kontuan hartzen, azkenean, gizartea beste erritmo batera bizi delako.
Azpeitian bihar hasiko zarete, baina beste hainbat herritan antzerako saioak egin izan dituzue eta egiten ari zarete. Zer moduzko esperientziak izan dituzue?
I.T.: Jakinmin elkartean geroz eta jende gehiago gaude, baina justu orain hizketan ari garen biok, Maddi eta ni, oiartzuarrak gara, eta Oiartzunen hasi genuen gure ibilbidea honetan. Oiartzunen badaramatzagu lau edo bost urte hilean behin horrelako saioak egiten, eta egia esan, haurrak oso gustura etortzen dira. Azpeititik eskatu ziguten Oiartzunen egiten dugunaren antzerako zerbait egiteko; beraz, formatua oso antzerakoa izango da, eta horregatik egingo ditugu saioak hilean behin. Oiartzunen igandeetan egiten ditugu, eta Azpeitian larunbatetan egingo ditugu. Iruditzen zaigu hilean behin maiztasun egokia dela, haurrek zerbait puntual gisa hartzen dutelako, baina, aldi berean, jarraikortasun bat emateko modua eskaintzen duelako. Nahi dugu goxoki moduko bat izatea, eta ez asteroko obligazio bat.
Oiartzunez gain, beste zein herritan egin izan dituzue edo egiten dituzue haurrekin filosofatzeko saioak?
M.N.: Toki askotan. Hasi, Oiartzunen eta Donostian hasi ginen, baina elkartera jende gehiago batu ahala, saioak ere toki gehiagotara zabaltzen joateko modua izan dugu. Egin ditugu saioak Usurbilen, Durangon (Bizkaia), Noainen (Nafarroa), Gasteizen, Bilbon, Errenterian (Gipuzkoa)… Toki bakoitzean izaera ezberdineko saioak izan dira; beraz, batzuek iraun egiten dute eta besteek ez. Gure asmoa da proiektua Euskal Herri guztira zabaltzea, baina oraingoz elkartean ez gaude horrenbeste jende, eta pixkanaka-pixkanaka joango gara. Bakoitza geure zonaldeko saioetara joateaz arduratzen gara; horrela antolatzen gara.
Saioetan erabiliko duzuen materiala ere zeuk sortu duzue, ezta?
M.N.: Hala da, bai. Orain Azpeitiko Udalak laguntza ekonomiko bat emango digun bezala, Oiartzungoak ere bere garaian eman zigun herrian saioak egiteko, baina pandemia etorri zenean, ezin izan genuen hilean behineko saioak egiten jarraitu. Orduan, pandemia garaia baliatu genuen materiala euskaraz sortzeko. Aurrez bazegoen haur filosofiaren inguruan zerbait euskaratuta, baina ez zegoen ezer euskaratik sortutakoa haurrekin filosofatzeko, eta geuk sortu dugu material hori. Egia esan, oso pozik gaude egindako lanarekin. Material hori erabiltzen dugu Oiartzunen, eta Azpeitian ere material hori erabili nahi dugu; Hamaika kutixi filosofiko izena du materialak.
Zenbat jendek izena eman du Azpeitiko saioetarako? Eta norbait azken unean animatuko balitz, aukerarik izango al luke saioetan parte hartzeko?
I.T.: Oraingoz, bederatzi umek eman dute izena, eta berez polita litzateke hamabost bat izango balira. Hortaz, norbait animatzen bada, lasai azaldu dadila; eta behin saioak hasita ere, ez litzateke arazorik egongo. Baina haurrak ez ezik, helduak ere animatu nahiko genituzke martxoaren 25ean, goizez, Azpeitiko Basazabal jauregian emango dugun formazioa saiora. Parte hartu nahi dutenek, dagoeneko eman dezakete izena.
M.N.: Formakuntza saioa izango den arren, inork ez dezala pentsatu filosofiaren inguruko eskola teoriko astun bat izango denik. Gure asmoa da haurrekin gauzatzen ditugun dinamiketako batzuk helduekin ere egitea, eta ziur gaude animatzen direnek oso ondo pasatuko dutela.