Atzera begira

Garai zailak santa eskearen tradizioari eusteko

Leire Ibar 2023ko ots. 4a, 10:00

Matxinbentako santa eskeko taldea, aspaldiko argazki batean. (Utzitakoa)

Santa Ageda bezpera da gaur. Koronabirusaren pandemiak ekarritako ezinik ez da aurten, baina hala ere, Matxinbentako taldea ez da eskera irtengo, urteetako usadioa etenez. 2023ko otsaileko Uztarria aldizkariaren Atzera begira atalean talde horren ibilbideari eskainitako erreportajea da hau.

Neguko jaietako bat da Santa Ageda, Agate Deuna edo Dona Agata izenez ezagutzen eta otsailaren 5ean ospatzen den eguna. Hala eta guztiz, bezperan herriratu izan da Euskal Herrian mendez mende mantendu den usadioa; baserriz baserri koplak kantatuz eskean joatearen ohitura, alegia. "Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna", dio inguruotan zabalduen dagoen kopletako batek. Antzinako tradizioari eustea geroz eta zailagoa bilakatzen ari dela aitortu du, ordea, Xabier Olaizola Matxinbentako santa eskeko taldeko partaide ohiak.

Ohitura horren jatorriaren nondik norakoak argitzea zaila bada ere, bada neguko solstizioaren ondoren, otsailean oraindik lo dagoen lurra iratzartzeko xedearekin gauzatutako ekintza dela esaten duen teoriarik; lurra kolpatuz, izadia esnatzeko helburuarekin egiten zela, hain zuzen ere, santa eskea. Bada ondoren Elizak gentil ohitura bereganatu zuela dioenik ere, baina nork daki. Jakinekoa da, ordea, urteak joan eta urteak etorri, eskuan makilak hartu eta baserriz baserri edo etxez etxe kopla zaharrak kantatuz aritzeko ohiturak bizirik jarraitzen duela Euskal Herrian. Azpeitian ere bada tradizio horri azken hamarkadetan eutsi dionik, horren erakusgarri izanik, esaterako, Matxinbentako taldea, zeinak otsailaren 4an Izarraizko magaleko baserri ugari zein Azpeitiko kaleak kantuz alaitzen jardun izan duen. Orain arte, trikirilariz, pandero jotzailez eta bertsolariz lagundutako hamar pertsona inguruko taldeak baserritarrez jantzita eguna kantuan pasatzen zuen. Aurten, dena den, ez dira santa eskean irtengo.

Ibilbidea "erosoago"

Azken urteotan, goizean goiz elkartu eta Santa Ageda egunaren bezpera kantuz alaitzeko jardunari hasiera ematen zion Matxinbentako taldeak, inguruko baserri gehienetako atarietara bertaratuz. Baserrietan abestu, eta bertakoek kafea eman ostean, Loiola Irratiak martxan ziharduen garaietan, kopla batzuk kantatzeko ohitura zutela adierazi du Olaizolak. Ondoren, kalera jaitsi eta kantaz kanta taberna askotatik igarotzen ziren, hasi Alde Zaharrekoetatik eta Landeta auzokoetara arte. Taldean "giro ederra" sortzen zela, eta eguna aurrera joan ahala, baserrietan eskainitako mokaduekin eta txikitoekin bertsolaria ez zena ere bertsolari bihurtzen zela azaldu du taldekideak. Jan-edanaz gozatzeaz gain, eskean lortutako dirua bazkari edo afariren bat antolatzeko aprobetxatzen zuten.

Azpeitiarrak esandakoaren arabera, baliabideen hobekuntzekin batera "erosoagoa" bilakatu da santa eskeko ibilbidea gauzatzea. Izan ere, baserri batetik besterako toki aldaketa furgoneta bidez egin izan dute azkenaldian, eta bazen lehen bide guztia oinez egiten zuenik. Otsailaren 4ko goizean kantuan hasi, iluntze osoa horretan pasatu eta hurrengo eguneko goizean amaitzen zuten jarduna.

Bilakaera izan du

Antzina, mutil gazteak bakarrik ibil zitezkeen gau horretan kantari, baina XX. mendeko azken hamarkadaz geroztik, emakumeek nahiz adin guztietako herritarrek parte hartu izan dute jai horretan. Olaizolaren arabera, 1980ko hamarkadan, bera gazterik kantuan hasi zenean, gizonezkoek bakarrik osatzen zuten taldea. Azken urteetan, ordea, emakumeek zein gizonek parte hartu dute ospakizunean. 30 urte inguruz aritu da Olaizola Santa Ageda egunaren bezperan kaleak kantuz alaitzen, eta aitortu du "gauzak asko aldatu" direla. Besteak beste, urtetik urtera, gero eta baserri gehiago gelditu dira hutsik. "Ni santa eskean irteten hasi eta berehala ekin zioten Ibai-Eder urtegia eraikitzeari, eta ur azpian gelditu ziren baserri batzuk". Hala eta guztiz, oraindik badaude urtez urte bisita egitera joaten diren baserriak, eta bertakoek "ilusio handiz" hartzen dituztela adierazi du. Nahiz eta, kontrara, "lata ematera" joaten direla esaten duenik ere badagoen. Dena den, Olaizolak jakinarazi du orokorrean herritarrek oso gustura eta esku zabalik hartzen dituztela. Hark dioenez, ederra da etxe atarira joan eta jende bolumena ikustea, jende gutxi egonez gero "tristura" sartzen baitzaio.

Xabier Olaizola, koparekin, gaztetan, santa eskean. (Utzitakoa)

Eskean irteteko ohitura zuten parte hartzaileen kopuruak ere gorabeherak izan ditu urteetan zehar. Normalean, hamar lagun inguru elkartu izan dira. "Bizi izan ditugu 11 lagunetik gora elkartu garen garaiak ere, baina oso gutxitan suertatu da hori", dio. Taldearekin batera aritu izan dira urte luzez Iñaki Garmendia Laja trikitilaria eta Jesus Alberdi Egileor bertsolaria. Azken urteetan bi bertsolari jardun dira Matxinbentako taldearekin santa eskean; izan ere, egunean zehar mila bertsotik gora kantatu behar izaten zituzten, eta bertsolari bakarra izanez gero, ahotsik gabe gelditzen zen hura egunaren amaierarako. Esaterako, behin baino gehiagotan etorri izan da Astigarragatik (Gipuzkoa) Agin Laburu bertsolaria.

Santa eskeak pandemia garaian izan duen etenak ere ondorioak utzi ditu. Izan ere, Olaizolak adierazi duenez, "oso zaila" da urte batean gelditutako ohiturari berriro heltzea: "Gogoa behar da, eta bateren bat behar da indarra atera eta eguna antolatzeko".

Koplen hitzetan jorratzen diren gaiek ere izan dute bilakera urteotan. Izan ere, nahiz eta lurralde batetik bestera edo herri batetik bestera abestiak aldatzen diren, gaur egun kantatzen diren doinuak ez dira lehen kantatzen ziren berberak; zenbait egokitzapen izan dituzte. Badira herri guztietako kopletan mantentzen diren hitzak, baina aipagarria da badirela bertsolariek bat-batean botatzen dituzten errimak ere. Berezia da, halaber, Ablitasen, Nafarroan, zabaldutako kondaira. Zera esaten zen bertako bizilagunen artean: Santa Ageda bezperan udako ekaitzen banaketa erabakitzen zela.

Sua itzaltzen

Azpeitiko ikastetxeek Santa Ageda bezpera ospatzen jarraituko dute, ikasleek eskuan makila hartuta eta lepoan kolore bizidun zapia jantzita alaituko baitituzte herriko kaleak kopla zaharren doinupean. Badirudi, hala ere, Matxinbentako auzotik zetorren ohiturari eutsiz eta elkar animatuz osaturiko taldeak aurten ez diola tradizioari jarraipenik emango.

Bat baino gehiago izan dira azken urteotan santa eskearen ohiturari eusten zioten taldeak, baina, gutxinaka-gutxinaka, desegiten joan dira, eta gauza bera gertatu da orain arte Azpeitian indar handiena zuen taldearekin: Matxinbentakoarekin. Etorkizunean berriro usadioari heltzea baztertzen ez duten arren, behin sua itzalita berriro piztea oso zaila dela adierazi du Olaizolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide