Arauntza Riders kirol kluba sortu dute, mendi txirrindularitzako eta patinajeko diziplinak lantzeko

Maialen Etxaniz 2023ko ots. 9a, 13:59

Azpeitiko hainbat mendi txirrindulari, artxiboko irudi batean.

Lagun Onak BTT deseginda eta multikiroleko talde gisa erregistratu ostean, mendi bizikletako eta patinajeko diziplina guztiak landuko ditu Arauntza Riders kirol klubak. Modu horretan, mendiko bizikletan nahiz patinajeko askotariko modalitateetan federatu nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dute. Besteak beste, mendi txirrindularitza, skate, BMX, scooter, dirt eta roller modalitateak landu eta hauspotuko ditu Arauntza Ridersek. 

Azken urteetan Lagun Onak BTT bezala aritu ostean, bide berri bati ekitea erabaki dute Azpeitiko mendi bizikletako eta patinajeko diziplina desberdinetan ibiltzen diren kirolariek. Hain zuzen, Arauntza Riders kirol kluba sortu dute, mendi txirrindularitzako nahiz patinajeko askotariko modalitateetan aritzen diren herritarrei erraztasunak emateko eta kirol horiek herrian errotzeko nahiz ikusgarritasuna emateko. 

2021ean sortu zuten Lagun Onak BTT, Azpeitiko mendi bizikleta taldea. Garmendikampen bueltan elkartzen ziren gazteek sortu zuten taldea, Lagun Onak Txirrindulari Elkartearekin hitz egin ostean. Urteak aurrera joan bezala, ordea, gauzak aldatu direla azaldu du Lagun Onak BTTko sortzaileetako bat den Iñigo Garciak. Bidean aurkitutako "zailtasunei eta trabei" erantzuteko bide propioa hartzeko hautua egin dutela azaldu du: "Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak errepideko txirrindularitza jorratzen du, eta praktikan oso desberdinak dira mendiko txirrindularitza eta errepidekoa. Finean, mendiko txirrindularitzak bestelako arriskuak eta zailtasunak ditu, izan mendi jaitsierak egiteko erabiltzen ditugun lursailen erabileragatik edo kirolak berak dituen arriskuengatik. Horrek kezka sortzen zien Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kideei, eta, ondorioz, gure kabuz lanean hastea erabaki genuen". Testuinguru horretan iritsi zen Azpeitiko skate parke berria, eta horrek eman zien Arauntza Riders sortzeko azken bultzada. Horrela azaldu du Garciak: "Mendi txirrindularitzan aritzen garenok skate parkearen bueltan ere ibiltzen gara. Finean, harreman zuzena daukagu, eta jende antzekoa ibiltzen gara batean eta bestean. Hori dela eta, azken urteetan skate parkea berritzeko prozesuan parte hartu dugu. Orain, skate parke berria martxan eta indartsu dagoenez, bi kirolak –mendi txirrindularitzako nahiz patinajeko diziplina guztiak– batera kudeatzeko kluba sortzea erabaki dugu. YK Riders ere Arauntza Ridersen parte da". 

Arauntza Riders izena jarri diote klubari taldekideen hastapenei erreferentzia eginez. "Guretzako leku berezia da Arauntza, gehienok han ikasi baitugu bizikletan jaitsierak egiten. Arauntza eta Sainoa inguruetan trebatu gara azken urteotan, eta han ditugu hastapenak. Horregatik jarri diogu klubari izen hori", azaldu du Garciak.

Federatu lizentziak, martxan

Arauntza Riders kirol klubaren helburu nagusia da mendiko bizikletan nahiz patinajeko edozein modalitateetan aritu nahi duten herritarrei erraztasunak ematea. Hori dela eta, bi kirol horietako edozein diziplinetan aritzeko litzentziak egiteko aukera eskainiko dutela azpimarratu du Garciak: "Aseguruak eta federakuntzak egiteko gai gara, eta herritarrek hori jakin dezaten nahi dugu. Besteak beste, mendi txirrindularitza, skate, BMX, scooter, dirt eta roller modalitateetako lizentziak izapidetzeko aukera eskainiko dugu aurrerantzean".

Urte berriarekin batera hasi dira lehen izapideak egiten, eta hainbat dira mendi txirrindularitzan nahiz patinajean federatu diren herritarrak. "Hamar lagun inguru gaude mendiko jaitsieretan lehiatzeko federatuta, eta patinaje arloan sei lagun inguru. Pixkanaka-pixkanaka pertsona gehiago gara federatuta gaudenak, eta skate parkeak hartu duen indarra ikusita, jende gaztea lehiatzen hasteko erraztasunak eskaini nahi ditugu.", dio Garciak.

Jendeak klubaren berri izatea nahi dute, eta datozen aste eta hilabeteetan taldea herriratzeko lanean hasiko direla aurreratu dute: "Zaila izango da jendeak gure jarduna ezagutzea, baina saiatuko gara hainbat gunetan taldearen berri ematen, igerilekuan edo kiroldegian, esaterako". 

Lehiaketetan parte hartzeko ekipazioa aldatu beharko duten arren, aurten horretarako baliabiderik ez dutela azaldu dute Arauntza Riderseko kideek. Dena den, datorren ikasturtean helduko diote egiteko horri. "Aurten, orain arteko ekipazioarekin arituko gara, baina dagoeneko badugu logo berria, eta baliabideak izan bezain pronto sortuko dugu Arauntza Ridersen ekipazioa", kontatu dute. 

Skate parkeko artxiboko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide