Loiolako Santutegiko parkea mantentzeko eta kontserbatzeko hitzarmena berritu dute udalak eta Aldundiak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 10a, 09:10

Loiolako Santutegia.

Lau urteko hitzarmena iraungita, erakundeek beste lau urterako akordioa berrituko dute. Kantinako komunak garbitzea nahiz mantentzea ere jaso dute akordio berrituan, eta mantenu lan guztietarako 90.000 euro eskuratuko ditu udalak. Bestalde, aurrerantzean Loiolan egiten diren ekintzen berri udalari eman beharko diote horien sustatzaileek.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Loiolako Santutegiko parkea mantentzeko eta kontserbatzeko akordioa berritu dute. 2019. urtean egin zuten Loiolako Santutegian mantenuak egiteko hitzarmena, eta beste lau urterako hitzarmena egin dute orain. Azpeitiko udal ordezkariek joan zen asteartean egin zuen otsaileko ohiko udalbatzarra, eta Aitor Bereziartua Barne Antolaketa, Ingurugiro eta Auzo batzordeburuak adierazi zuenez, urteetan 30.000 euroko hitzarmena adostu izan dute bi aldeek, baina 2019. urtean egin zuten azken hitzarmenean ekarpena 84.000 eurora igotzea adostu zuten.

Gaur, otsailak 10, lau urte beteko dira lehen hitzarmen hura sinatu zutela, eta horregatik berritu dute, hain zuzen, akordioa. Gainera, ohiko mantenu lanez gain, hitzarmen berrian jaso dute Loiolako kantinako komunen garbiketa eta mantenua egitea ere. Horretarako, 6.000 euro gehiago jartzea adostu dute udalak eta Aldundiak. Hori horrela, udalak 90.000 euroko laguntza jasoko du Aldunditik.

Bestalde, beste puntu bat ere gehituko dute hitzarmen berrian. Hain zuzen, Loiolan ekintzak egiteko baimenarekin du zerikusia horrek. Aurreko hitzarmenean jasota zegoenez, Loiolan ekintzaren bat egin behar bazuten, baimena Aldundiari eskatu behar zioten haren sustatzaileek. Dena den, aurrerantzean ez da horrela izango; udalari eskatu beharko zaio baimena eta erakunde horrek jakinaraziko dio Aldundiari. Hala azaldu zuen Bereziartuak udalbatzarrean: "Ekintzak egiteko baimena azken orduan eskatzen zen askotan, eta erantzuna jasotzerako, ekintzak eginda egoten ziren. Ez zen funtzionatzeko modu egokiena, eta proposatu genuen baimena udalari eskatzea eta udalak Aldundiari jakinaraztea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide