Manex Beristain: "Konturatu naiz barrea ere entrenatu egiten dela"

Nerea Uranga 2023ko ots. 15a, 12:30

Manex Beristain. (Argazkia: Nerea Uranga)

Barreterapia tailerrak eskaintzen ari da han-hemenka Manex Beristain azpeitiarra. Barrea tresna gisa hartuta, "alaitasuna eta samurtasuna" lantzea du helburua. Barre egiteak "onura asko" dituela dio.

Era askotako dinamikak baliatzen ditu Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) barrea eragiteko eskaintzen dituen barreterapia tailerretan. Barrea tresna duela, alaitasuna eta samurtasuna lantzea du helburu Beristainek: "Alaitasunak beregain emozio denak hartzeko indarra, kapazitatea eta erremintak ditu, tristurak ez bezala. Amorrua, tristura, nazka... emozio horiek denak ere beregain hartzeko eta sustengatzeko kapazitatea du alaitasunak, batik bat gugan alaitasun iraunkorra eta sendoa eraiki nahi dugunean". Hainbat tokitan eta hainbat adineko pertsonekin ari da saioak egiten; eskualdean, esaterako, Azpeitian Baigera jubilatuen elkartean eta Udal Liburutegian, Azkoitian Biziloren eta Zestoan Portale kulturgunean eskaini ditu; Arroabean, berriz, taldea sortzear da.

Nolatan murgildu zinen barreterapian?

Beti konexio oso gertukoa izan dut jolasarekin, bai irakasle ikasketak egin nituenean, bai Xiba pilota proiektuan ibili nintzenean ere. Hezkuntzan lanean nenbilenean, ikasleen artean gatazkak sortzen zirenean, mugimendu edo psikomotrizitate gelara jotzen nuen dinamikak egitera, gatazkaren ondorioz barrenean zuten hori burutik gorputzera eraman zezaten. Lurrean bukatzen genuen, meditazio saio batekin edo, eta konturatzen nintzen gazteek izugarrizko askatze prozesua egiten zutela; hor zerbait gertatzen zela. Orduan, Gorputz Hezkuntza ikasgaiko saioetarako barreterapia, clown eta antzerki dinamikak lantzen hasi nintzen. Iaz, hezkuntzan pixka bat beteta nengoen, hura utzi eta zerbaitetan formatzea erabaki nuen: barreterapiako formazioa egin nuen Bartzelonan, online beste bi ikastaro egin nituen, clowna ere bai... Eta hortik abiatu nintzen.

Zer onura ditu barre egiteak?

Onura asko ditu. Alde batetik, fisikoa, hormonala; barre egiteak ongizatearen hormonak askatzen ditu. Normalean erabiltzen ez ditugun giharrak –aurpegikoak eta sabelekoak– entrenatzen ditugu barre eginda; diafragma askatzen da, eta lo egiteko lasaiago zaude. Onura emozionalak eta sozialak ere baditu; beste batekin barre egiteak tentsioak askatzen ditu, eta depresiorako arriskuen aurrean ere nolabaiteko prebentzio lana egiten du. Barre benetan edota probokatuta egiten dugun, gure garunak ez du bereizten, berdin-berdin askatzen ditu hormonak: oxitozina, dopamina...

Kostatu egiten al da barre egitea?

Barreterapia saioetara datozenek esan ohi dute aspaldian ez dutela barre asko egin, alaitasuna galdu dutela, eta barrena hustea, jolastea, askatzea… behar dutela. Bilatzen ditugu ondo pasatzeko une zehatzak, baina gero eguneroko gurpil bizira itzultzen gara. Barreterapiak niri barrenean alaitasunaren tenplu hori eraikitzen lagundu dit, eta une zailetan horra jotzen dut. Hor eraikitzen joan naizen zerbait badago, eta laguntzen dit biziarekin, argiarekin, konektatzen. Barre mota asko daude, eta horiek lantzen ditugu barreterapia saioetan. Konturatu naiz barrea ere entrenatu egiten dela. Gero eta gehiago entrenatu barrea, orduan eta errazago ateratzen da.

Nola eragiten da barrea?

Barreak daukan gauza ederra da kutsakorra dela, eta jolasen bidez ere eragin daiteke. Azkenean, barreterapiaren oinarria jolasa da. Jolasean hanka sartuz barrea ere eragin daiteke; hanka sartzen dugunean, eta ez dagoenean juiziorik edota epairik, hori ospatu egiten dugu, eta barrea sortzen da. Norbera egoera barregarrian aurkitze horretan ere badago barrea; baina hori, besteekin batera egiten dugunean. Barre eginez gorputza askatzen dugu era askotako jolasak eta dantza eginez. Barre sakona ere lantzen dugu, lurrean etzanda  aurretik bizi izan ditugun esperientzia guztiak gogoratuz.

Pertsona bakoitzaren arabera ere izango da, ezta? Batzuk barre errazekoak dira, eta beste batzuei kostatu egiten zaie.

Barre errazekoak direnek ikaragarrizko jokoa ematen dute tailerretan, saioa pizten dutenak dira, eta gainontzeko partaideak kutsatzen dituztenak. Jende askok esan izan dit: "Nik ez dut behar horrelako saiorik, barre asko egiten dut eta". Izan daiteke barre egitea benetan ez duela behar, edota tailerren kontuari erresistentzia diola. Jendea egoera deserosoetan jartzen dut saioetan; izan ere, jolasean barneko ume horrekin konektatzea ez da hain erosoa, baina behin hori gainditutakoan, alaitasunarekin egiten da topo, eta ederra da hori, beste gorputzaldi bat sentitzen da.

Adinekoekin, nerabeekin... desberdin lantzen al da barrea?

Adin bakoitzak bere beharrak ditu, eta tailerretako partaideen arabera, jolasak moldatu egiten ditut. Nik tailerrerako gidoi bat osa dezaket, baina gero, bukaerarako, erabat desberdin joan daiteke. Hau da, agian, jolas batek izugarrizko arrakasta izan dezake talde batekin, eta kasu horretan, jolas hori garatu egiten dut saioan. Bestela ere gerta daiteke: nik jolas bat proposatzea, eta tailerreko partaideek hori egiteko energiarik ez izatea; kasu horretan, jolasa bukatutzat eman, eta beste bati heltzen diogu. Nerabeen kasuan, esaterako, gorputzarekin konektatzea behar dute, eta horretarako jolas dinamikoak erabiltzen ditut. Nerabeekin eta umeekin, berriz, lurrean egiten ditut dinamika asko. Helduekin ahozkotasuna asko lantzen dugu, eta ahozko eta inprobisazio jolasak egiten ditugu batik bat. Adinekoek hitz egitea behar izaten dute, eta sormen jolasak egiten ditugu. Horiekin gorputza ere lantzen dugu, baina bakarren bat gurpildun aulkian egon daiteke, eta orduan dantza egin arren, eskuen dantza egiten dugu, begirada jolasak, imitazio jolasak… Barrea da tailer hauetako tresna, eta nik barreterapia izena jarri diet saioei, baina txirinbolo tailerra deitu izan banie ere berdin-berdin, bizitzen dena zer den da kontua. 

Jendea zeren bila joaten da barreterapia tailerretara?

Barre egiteko edota alaitasunarekin konektatzeko beharra dutelako etortzen dira asko, beste batzuk beren bizitzan zerbait gertatu zaielako edota erritmo bizian dabiltzalako deskonektatu beharra sentitzen dutelako. Badira, ordea, kuriositateak bultzatuta, probatze aldera datozenak ere. Momentuz tailer hauek ez dira asterokoak, bi-hiru hilabetean behingoak dira; oraingoz, tailer solteak eskaintzen ari naiz, eta jendea ongizate bizipen baten bila eta une eder bat pasatzera, dibertitzera, barre egitera, dantza egitera, garrasi egitera, askatzera... etortzen da. 

Bestearen barrearen beldurra ere izaten da, barregarri gelditzearena...

Bai, jende askok badu hori. Nerabeekin egindako saio batean gertatu izan zait, batek ondokoa lurrean barrez lehertzen, disfrutatzen, ikustea, eta auzolotsa sentitzea. Kasu horretan, bestea barrez ikusita lotsatzen ari den horrek sufritu egiten du, berak ezin duelako era horretan askatu, konektatu. Adinekoekin egindako beste saio batean, berriz, jolas erraz bat proposatu nuen, eta emakume bat jolas hori egiten hasi orduko barrez hasten zen hanka sartzen zuelako; ez zen gai barre lasai egiteko, eskuarekin ahoa ixten zuen, bekatua egiten ariko balitz bezala, lotsatuta. Askotan, saioetan ezustekoak hartzen ditut, eta zer landu dezakedan ikusteko ateak zabaltzen zaizkit.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide