Kolore berdedun aldarriak badu bere lekua Azpeitian 2022az geroztik. Baigera I eraikinean hartu du leku, hirugarren solairuan. Han ireki dute Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen egoitza berria. Minbizia duten pertsonei nahiz haien senideei laguntzea da elkartearen helburu nagusietako bat, baina minbiziaren inguruko sentsibilizazioa lantzea eta horri aurre egiteko ikerketa lerroak martxan jartzea ere bada haien egitekoa. Finean, "osasunean hezteko, minbizia dutenei eta haien senideei laguntzeko eta minbiziaren diagnostiko eta tratamendu hobea ahalbidetuko duten ikerketa-proiektuak finantzatzeko" egiten du lan Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak.
Azpeitiko bulegoa da Gipuzkoan ireki duten azkena; izan ere, elkarteak Zumarragan, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Tolosan eta Irunen ere baditu egoitzak. Orain, Azpeitiko topalekua herriratu nahi dute, "jendeak elkartearen berri izan dezan". Oihana Palacin gizarte langilea, Laura Mongelos prebentzioko psikologoa eta Yolanda Cervero psikologoa dira Azpeitiko egoitzan lan egiten duten adituak, eta haiek eman dituzte elkartearen inguruko xehetasunak.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea irabazi asmorik gabea da, eta, horrenbestez, doako zerbitzuak eskaintzen ditu; besteak beste, arreta psikologikoa, arreta eta orientazio soziala, logopedia zerbitzua, talde tailerrak, boluntariotza eta laguntza, aholkularitza medikoa, aholkuraritza juridikoa eta tabakoa uzteko terapia. Azpeitiko egoitzan laguntza psikologikoa, aholkularitza eta gizarte arreta eskaintzen dituzte bertatik bertara, baina bestelako egitekoetarako baliabideak ere jartzen dituzte. "Saiatzen gara ahalik eta ondoen erantzuten herritarren beharrei, eta horretarako dugu 24 orduko arreta zerbitzua", kontatu dute. Dena den, aditu bakoitzak bere egitekoa du, eta horiek aletu dituzte.
Desoreka sentipenei aurre
Minbiziak berak eta horri aurre egiteko tratamenduek eragindako ondoez emozionalari aurre egiteko laguntza psikologikoa eskaintzen du Cerverok. "Prozesu onkologiko batetik igarotzean, aldaketa asko egoten dira tratamendua jaso duen pertsona horren bikote, familia, gizarte eta lan arloan. Aldaketa horiek kudeatzeko laguntza behar izaten dute minbizia duten pertsonek; izan ere, ohikoa da gaixoek tratamenduak amaitutakoan emozio kontrajarriak izatea. Hau da, senti dezakete poztasuna eta lasaitasuna tratamenduak amaitzeagatik, baina, aldi berean, litekeena da hutsunea eta segurtasun eza ere sentitzea", azaldu du. Desoreka sentipen horri aurre egiten saiatzen dira Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartekoak, gaixoekin ez ezik, haien familiekin ere saioak eginez. "Ahalegintzen gara gaixotasunak pazientearen arlo sozial desberdinetan eragindako aldaketa emozionalak orekatzen, egoera samurragoa izan dadin. Bakarkako, binakako nahiz familiako saioak eskaintzen ditugu", argitu du Cerverok.
"Pertsona bati minbizia diagnostikatzen dioten lehen unetik bertatik gaixotasuna amaitzen den unera arte laguntza eskaintzea" da elkartearen xedea. Hori dela eta, eragin psikologikoak ez ezik, gaitzak izan ditzakeen bestelako ondorio sozialen inguruko informazioa ematea ere bada elkartearen lehentasuna. Horrenbestez, gizarte arloko laguntzen inguruko aholkularitza eskaintzen dute egoitzan. Oihana Palacin arduratzen da horretaz: "Minbizia detektatzen dioten edozein pertsonak ezustean jasotzen du berria, eta ezjakina da zentzu askotan. Hori dela eta, erakundeek minbizia duten pertsonei bideratutako prestazioen nahiz baliabideen inguruko informazioa eta orientazioa eskaintzen dizkiegu herritarrei. Era berean, minbizia duten pertsonek gaixotasunak eraginda lan arloan dituzten zailtasunei ere erreparatzen diegu, traba horiei aterabidea emateko". Palacinek zehaztu duenez, baliabide materialak ere eskaintzen dituzte, hala nola ortopedia materiala.
Jatorrira jo, sentsibilizatzeko
Azpeitian arreta eta zerbitzua eskaintzeko bulego berria ireki duten arren, aretoz kanpoko ekintzak ere egiten dituzte elkarteko kideek, "jendearen kontzientzia pizteko asmoz"; izan ere, haien hitzetan, "ebidentzia zientifikoek frogatu dute tumore jakin batzuen detekzio goiztiarra eraginkorra dela gaitzak eragiten duen inpaktua murrizteko". Hala, askotariko informazio kanpainak, hitzaldiak eta ekintzak antolatzen dituzte herritarrak sentsibilizatzeko. Esaterako, bularreko nahiz azaleko minbiziaren inguruko saioak egin izan dituzte Azpeitian. Era berean, zenbait substantziaren kontsumoak osasunean sortzen dituen eraginak aztertzen dituzte, horien ondorioak gizarteratzeko. Joan zen urtean, esaterako, Gaztelekuko erabiltzaileekin elkartu ziren Minbiziaren Aurka Gipuzkoaneko kideak. "Interesgarria izaten da gazteekin saioak egitea, haiek baitira etorkizunean minbiziaren ondorioak jasan ditzaketenak, lehen pertsonan zein bigarrengoan, eta ezinbestekoa da zenbait balio barneratzea". Mongelosek eskaintzen ditu tabakoa uzteko saioak. Sentsibilizazio kanpainak ez ezik, boluntarioak lortzeko deialdiak ere egin dituzte herrian, eta hori da aurrera begira duten erronketako bat. "Egiten dugun lana gizarteratzeko, ezinbestekoak dira giza baliabideak, eta boluntario sarea handitzea eta indartzea lortu nahi dugu; izan ere, badago minbizia gertutik ezagutu duen jendea, orain antzeko egoeran daudenei laguntzeko prest dagoena. Nahiko genuke sen altruista edo boluntario hori duen jendea gurekin lan egitera animatzea, eta horretarako ere lan egingo dugu datozen hilabeteotan", adierazi du Cerverok.
Kasu ugari eta askotarikoak
2022. urtean 433 herritarrek jo zuten Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Azpeitian duen bulegora, prebentzio zein aholkularitza zerbitzuak, laguntza soziala edo arreta psikologikoa jasotzeko. Ez dituzte arlo bakoitzeko estatistikak jakinarazi, baina azpimarratu dute kasuak "askotarikoak" izan zirela: "Arreta jaso zutenen ehuneko handi batek azaleko minbiziaren inguruko kanpainaren barruan antolatutako ekintzetan parte hartu zuen. Pazienteen profila anitza da, baina guztiak dira 18 urtetik gorakoak. Adinaren arabera, desberdinak dira beharrak. Arlo psikologikoan adin tarte zalabeko herritarrak artatzen ditugu, aurrez esan bezala, bakarkako, binakako nahiz taldekako saioak eskaintzen ditugulako. Horrenbestez, minbizia dutenak, haien senideak, seme-alabak, lagunak... etortzen dira, baita dolua igarotzen ari direnak ere", azaldu du Cerverok.
Beste profil bateko herritarrak ere badaudela zehaztu du Palacinek: "Badaude gaixo paliatiboagoak, behar tekniko zehatzak dituztenak: ohe artikulatuak, ibilgailuak, dutxarako aulkiak... Horrelako eskaera ugari jasotzen ditugu". Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, azken hilabeteetan "jende ugarik" jo du Baigerako bulegora zerbitzu eske, eta "pozik" daude. Dena den, uste dute asko direla zerbitzuen berri jaso ez duten herritarrak, eta haien beharrak zein diren ere jakin nahi dute. Hori dela eta, urte honetan zehar ere askotariko jarduerak antolatuko dituztela aurreratu dute, eta interesa duten baina zerbitzura jotzera ausartzen ez diren herritarrei bertaratzeko deia egin diete.