Mari Azkue: "Etxera bueltatu nahi dute, baina inoiz ez da momentu ona"

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 24a, 12:00

Mari Azkue (ezkerretik hirugarrena) senideekin eta etxean hartu duen familia ukrainarrarekin. (Utzitakoa)

Gaur urtebete hasi zen Ukrainako gerra, eta gerratik ihesi, dozenaka familia etorri ziren Euskal Herrira zein Urola Kostara. Lasaon, Azkueren etxean, bizi da familia horietako bat.

Mari Azkuek (Lasao, Zestoa, 1975), haren bikoteak eta hiru seme-alabek gerratik ihesi zetorren familia ukrainar bat hartu zuten etxean duela ia urtebete. Ustez hilabete gutxirako kontua izango zena luzatzen joan da, eta, gaur, gerra hasi zela urtea bete den egunean, orain arte bizitakoak azaldu ditu Azkuek.

Nolatan erabaki zenuten gerratik ihesi zetozenei laguntzea? 

Bazkalondoren bat zen eta gure hiru gazteak bakoitza logela banatan zeuden telefonoak hartuta. Haserratu egin nintzen eta egongelara etortzeko esan nien, ikusi egin nahi nituela eta. Albistegia ikusten hasi ginen, eta Ukrainako gerrari buruz ari ziren; egunkaria irakurtzen hasi nintzen, eta han ere beste konturik ez zen. Hasi ginen irudikatzen zer izango zatekeen hango familia bat etxean hartzea, eta SOS Errefuxiatuaken izena ematea erabaki genuen. Esan ziguten etxe hutsak bilatzen ari zirela, eta beraz, ahaztu egin ginen kontuarekin. Baina handik aste eta erdira deitu ziguten esanez Ukrainatik konboi bat zetorrela, eta galdetuz oraindik ere laguntzeko gogoz jarraitzen al genuen. Baietz erantzun genien. Astelehen bat zen, eta asteartean, 09:30ean, iritsi ziren.

Zeintzuk etorri ziren?

Amona, haren alaba eta alaba horren bi seme-alabak; alaba 14 urtekoa, eta semea urte eta erdikoa.

Familiako gizonek han gelditu behar izan al zuten?

Bai. Amona alarguna da, baina umeen aitak han gelditu behar izan zuen, eta han jarraitzen du. Familia hona etorri zen garaian, zaurituta zegoen hura, hanka bat puskatuta zeukan, eta saiatu zen familiarekin batera hona etortzeko baimenak lortzen, baina ukatu egin zizkioten.

Zer egoeratan iritsi ziren hona?

Shock egoeran etorri ziren, eta oso triste eta nekatuta. Kharkivekoak dira, asko kolpatu duten hiria da hori, eta egoera gogorrak bizitzea egokitu zitzaien. Etxe azpietan ezkutatuta egon behar izan zuten, gero beren herritik alde egin, eta mugara iristeko behar izan zituzten bost egunak kalean pasatu behar izan zituzten, hotz handiarekin. Autobus batean iritsi ziren hona, jantzita zeukatenarekin eta eskuko bi maleta txikirekin.

Nola gogoratzen dituzu hasierako egunak?

Gogoan dut lehenengo egunetan lo pila bat egin zutela, eta negar asko. Gerora moldatzen ikasi dugun arren, hasieran elkarrekin komunikatzeko arazo handiak izan genituen, ingelesez ez zekitelako, eta horrek asko mugatzen gintuen. Egokitzapena ez zen erraza izan, baina saiatu ginen haiekin egoten eta goxotasuna eta epeltasuna ematen.

Ustez denbora gutxirako etorri ziren, baina luzatzen joan da kontua...

Uste zuten pare bat hilabeteren buruan itzultzeko moduan izango zirela, baina urtebetera doa, eta sekula ez da momentu ona etxera bueltatzeko. Kontaktu zuzena dute etxekoekin, eta han bizi duten egoera ez da batere samurra. Oraintxe, adibidez, argindar eten handiak dituzte, hotz handia egiten du... Eta horrez gain, beren herria berriz erasoko duten beldur dira.  

Azkueren etxean dagoen familia ukrainarra.

Egoerak hobera egingo balu, etxera bueltatuko al lirateke?

Bai, bai, etxera bueltatzeko asmoa dute; burua han dute, han izan dute beti.

Umeak eskolara ere joango dira. Zer moduz egokitu dira? 

Zaharrena bakarrik joaten da, eta, oro har, nahiko ondo moldatzen da. Nik uste integratzen gehiago saiatuko litzatekeela hemen gelditzeko asmoa izango balu; baina burua han duenez, gehiago kostatzen ari zaio edo ez du horrenbesteko ahaleginik egiten. Hizkuntzari dagokionez, berriz, asko ari da ikasten. Euskara ulertzeko gai da, eta dagoeneko ez daukagu itzultzailearen beharrik.

Ama eta amona ere ari al dira euskara ikasten?

Umeak gehiago, baina haiek ere ari dira saiatzen. Hizkuntza jakiteak, gure arteko komunikazioa  asko hobetzeaz gain, sekulako askatasuna eman die eurei ere kalean ibiltzeko zein hemen inguruan mugitzeko.  

Zuentzat, familia gisa, zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Esperientzia oso aberasgarria, baina baita sekulako erronka ere. Egituratutako bi familia gara, bakoitza bere ohiturekin, ohitura oso desberdinekin gainera, eta hasieratik saiatu izan gara familia bakoitzak bere espazioa izan dezan, nahiz eta etxe berean bizi. Beraiek etxearen goiko partean bizi dira, gu behekoan, eta sukaldea, egongela eta ataria partekatu egiten ditugu. Gune horietan asko egoten gara elkarrekin, baina gauzak bereizten ere jakin dugu, eta nik uste horretan asmatu egin dugula. Adibidez, bazkaltzeko ordutegi desberdina daukagu, baina beti elkarrekin afaltzen dugu. Haiek zerbait prestatzen dute, guk beste zerbait... jan festa izugarria ibiltzen dugu, eta alde horretatik, oso-oso harreman polita egin dugu. Guk asko jarri dugu, eta haiek ere bai. Lau nerabe etxean izanda, ez da erraza, baina esan beharra dago urtebetean ez dugula izan eztabaida edo haserrealdi txikienik ere. Horrez gain, balio izan digu ikasteko arazoei daukaten tamaina eta garrantzia ematen. ­

Beste ukrainarrekin ba al daukate harremanik?

Gehienbat familian ibiltzen dira, baina kalean topo egiten dutenean eta, egoten dira. Bermeon [Bizkaia] dituzte lagun minak, eta haiek tarteka etortzen dira etxera asteburua pasatzera eta; indarrak hartzeko oso ondo etortzen zaie hori. Zumaian edo Azpeitian bizi den ukrainarren bat ere ekartzen dut tarteka etxera, behar izaten dutelako elkarrizketa sakonak izatea ere. 

Gogorra egingo al zaizue zuen etxea utziko duten eguna?

Seinale ona litzateke, baina bai, oso-oso gogorra egingo zaigu; irudikatze hutsarekin... Batez ere umeengatik, urtebete eta gero, ez baitut pentsatzen nireak ez direnik. Behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu lanean hasteko aukeraz, eta ezezkorik ez dute esaten, baina urratsa ere ez dute egiten. Momentuz, dirulaguntza txiki bat jasotzen dute, etxeko gastuak eta bestelako gastuak guk ordaintzen ditugu, eta eroso daude. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide