Aizkolariak eta harri-jasotzaileak urre bila ariko dira igandean Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 24a, 10:45

Antolatzaileak, Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburua eta hainbat finalista atzoko aurkezpenean, Azpeitiko udaletxean. (Nerea Uranga)

Iker Vicente-Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV-Ioritz Gisasola Zelai IV, Mikel Larrañaga-Txomin Amundarain eta Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia Basozabal bikoteak lehiatuko dira aizkoran, eta Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, berriz, harri-jasotzen; Mikel Lopetegi Urrak, min hartuta, ezingo du. Aizkora eta harri-jasotze erakustaldiekin osatuko dute Txikuri pilotalekuan 12:00etan hasiko den jaialdia.

XXIII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren finalak jokatuko dituzte igandean, 12:00etan hasita, Urrestillako Txikuri pilotalekuan. 10:30ean irekiko dute leihatila eta sarrerak 25 eurotan salduko dituzte han. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten finalak Azpeitiko udaletxean, igandean Urrestillan ariko diren kirolarietako batzuk bertan zirela.

Lau bikotek jokatuko dute aizkolarien txapelketa. Sailkatze faseko hiru multzoetako onenak daude, batetik: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Txomin Amundarain (A multzoa); Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a (B multzoa); eta Iker Vicente eta Jon Rekondo (C multzoa). Horiekin batera, multzo bakoitzeko bigarren sailkatuek jokatu zuten finalaurrekoaren bikote irabazlea lehiatuko da finalean, Hodei Ezpeletak eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek osatutakoa. 45 ontzako enbor bat kolpeka eta beste bat erlojupekoan; kanaerdiko bat zutik; 65 ontzako bat abiadura proban; 45 ontzakoa zutik eta kanaerdiko bat etzanda; eta, azken proba luzean, bina kanaerdiko, 60 eta 65 ontzako enbor moztu beharko dituzte aizkolari bikoteek finalean. Lan guztietan egindako markak batuta erabakiko da sailkapena.

Harri-jasotze txapelketan, berriz, lau kirolari ziren lehiatzekoak, baina Mikel Lopetegi Urra zarauztarra kanpoan gelditu da azkenean, atzo bertan min hartuta. Horrenbestez, Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola zarauztarra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra ariko dira Urrestillan txapelaren bila. Lau harrirekin minutu eta erdiko saio bana egin beharko dute harri-jasotzaileek finalean: 125 kiloko laukizuzenarekin, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin, eta 100 kiloko bolarekin.

Erakustaldiak ere bai

Lehiaz harago, aizkora eta harri-jasotze ekustaldiak ere izango dira igande eguerdiko jaialdian. Aizkoran, Nerea Arruti, Nerea Sorondo, Isidro Velasco eta Unai Etxeberria Osinalde arituko dira; harri-jasotzen, berriz, Karmele Gisasola Zelai III.a, Lur Errekondo eta Lucia Orbe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide