Gorka Karapeto: "Sentsazioen eta motibazioaren arabera aukeratzen ditut eskalatzeko bideak"

Nerea Uranga 2023ko ots. 25a, 10:33

Karapeto Bihatz eskalada gunearen txokoetako batean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko eskalatzaile askok bezala, haitzean gora lehen urratsak Izarraizko hormetan egin zituen Karapetok. 30 urteko eskarmentua du eskaladan, eta 41 urterekin eskalatu du orain artean egin duen zailtasun handieneko bidea: Zeleputza (9a+). Iruñeko Bihatz eskalada gunearen jabeetako bat da, baina haitzik gabe, mendian eskalatu gabe, ez du ulertzen kirola. Uztarriaren 2023ko otsaileko aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Eskalatzen ikasten eta lehen urratsak egiten 14 urte zituela hasi zen Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981). Nola ez, Izarraizko harrobian eman zituen lehen pausoak, lagunartean. Eskalatzen ikasi zuenetik ezagutu zuen esentziari, "eskalada ulertzeko moduari", heltzen dio Karapetok. Eskarmentuak, ordea, helburuei edota proiektu berriei lasaiago heltzen irakatsi dio.

Esan al daiteke iazko urtea borobila izan zenuela? Haitzean orain arteko zure maila gorena lortu zenuen, 9a+ maila, eta gizonetan, Azpeitiko Urteko Kirolaria saria jaso zenuen.

Ez nuke jakingo esaten iazkoa baino urte borobilagoak izan al ditudan; igoal bai. Iaz nahiko motibatuta eta dezente eskalatzen hasi nuen urtea, baina justu, tartean, hatzetako batean lesioa izan nuen, tendinitisa, eta pixka bat lasaiago ibiltzera behartuta egon nintzen. Dena den, sasoiari eusteko lanean jarraitu nuen, eta hatza osatzen joan zitzaidan eran, urtearen azken hilabeteetan, denbora gutxian, urtea borobiltzea lortu nuen. Iazkoan sona izan zuen Verdonen [Frantzia] egin nuen La Ramirole bideak [150 metro luze da, eta 8a+, 8a, 8b, 8a eta 6c zailtasuneko zatiak ditu]; Jose Luis Palau Primo Alacanteko [Herrialde Katalanak] laguna sokakide nuela igo nuen. Bideak ez du zailtasun izugarria, baina ez da horren ohikoa estilo horretako bideak egitea; oso bide kuriosoa da. Urtea bukatzeko, berriz, Zeleputza bidea igotzea lortu nuen, alegia, egin ditudan bideetan gorena. Eskalatutako bideen kantitatea kontuan hartuta igoal ez, baina kalitateari erreparatuta, iazkoa urte borobila izan zela esango nuke. Gustura gelditu nintzen egindakoarekin. Azpeitian emandako saria, berriz, ez nuen espero, eta gustura hartzen dira horrelako aitortzak.

Ez da Azpeitiko Kirolaria Saria jaso duzun lehen aldia; 2006an ere saritu zintuzten.

Bai, orduan ere eman zidaten saria.

Gogoan zauzkate jaioterrian?

Bai, bai. 2006an eta 2022an eman zizkidaten Urteko Kirolaria sariak, eta bi aldien artean urte batzuk pasatu dira... Batetik, hor daude herrian egin dizkidaten aitortza horiek, eta bestetik, hor segitzen dudala gogorarazten didate sariek.

Iazko urrian lortu zenuen haitzean 9a+ zailtasuneko Zeleputza (La Leze, Ilarduia, Araba) bidea egitea.

Iker Pou eskalatzailea izan zen bide hori ekipatu zuena. Eskaladako bi bide [Zeledon Txiki eta Harroputza] nahasten dituen ibilbidea da. Pouk zabaldu zuen arren, ez zuen lortu egitea. Zeleputza aurreneko aldiz Jonatan Flor eskalatzaileak igo zuen, 2021ean. Ni ere Flor-ekin batera saiatu nintzen bidea egiten, baina ez nuen lortu. Iaz, ordea, hara berriro itzuli eta egitea lortu nuen.

Zeleputza egitea lortu duen hirugarren eskalatzailea zara.

Bai, Flor-en ondoren Alex Garrigak egin zuen, eta gero nik. Bi horiek oso eskalatzaile indartsuak dira; ni baino gazteagoak dira, beste belaunaldi batekoak.

Nolakoa izan da bide horri heltzeko prozesua? Aspalditik al zenuen begiz jota?

Eskalatzeko oso gustukoa dudan tokia da La Leze, bai inguruagatik, bai eskalada estiloagatik. Horrez gainera, eguraldi beroa egiten duenean eskalatzeko oso egokia da; iparraldea da, eta nahiko fresko egoten da. Dena den, urrian han eskalatzea ez da oso ohikoa, hotz egiten duelako, baina iaz udako denboraldia asko luzatu zen, eta egiten zuen eguraldi ona ikusita, sasoiaren bukaera aldera eskalatzera hara joaten hasi nintzen. Lesioa tarteko, Verdonera joan arte ez nengoen prestatuta, eta are gutxiago Zeleputza bezalako bide bati aurre egiteko; helduleku oso txikiak ditu hormak, eta nire lesioarentzako oso arriskutsua izan zitekeen. Behin lesioa osatuta, eta egiten zuen eguraldiarekin eskalatzea posible zela ikusita, saiatzera animatu nintzen. Aurretik, La Lezen eskalatu izan nuen, eta Zeleputzaren bi zatiak eginda nituen, bai Zeledon Txiki, baita Harroputza ere. Helburu horri berriro heltzea erabaki nuen, saiatzea, eta egitea lortu nuen.

Karapeto 9a+ zailtasuna duen 'Zeleputza' bidea egiten, La Lezen. (Utzitakoa)

9 zailtasuneko bideei 2008an ekin zenien, eta ordutik maila horretako zazpi bide egin dituzu: Sistematik ihes (Aizpun, Nafarroa), Esclatamasters (Perles, Herrialde katalanak), Begi Puntuan (Etxauri, Nafarroa), Zeledon (Araba), Estado Crítico (Siurana, Herrialde Katalanak), Supernowa (Aragoi, Espainia) eta Harroputza (Araba). Maila horretan koska bat gora egiteak zer-nolako zailtasuna eta garrantzia du?

9.a eskalatzaile askok lortu nahiko luketen maila izan daitekeela uste dut. Zailtasun mailan 8tik 9ra pasatzeari ematen zaio halako garrantzi bat. Zailtasun horretako bideak mugarria dira, besteak beste, zailtasun horretako bideen kantitateagatik. Behin maila hori lortutakoan, eskalatzen saia zaitezkeen gero eta bide gutxiago daudela konturatzen zara, eta gero eta gehiago kostatzen dela maila horretan aurrera egitea. Nire kasuan, garrantzia izan zuen 9 maila lortu izanak, baina maila horretan aurrera egitea zaila zela ikusi nuen: alde batetik, fisikoki muga bat duzu, eta bestetik, inguruan ez daude zailtasun hori duten bide asko; kanpora bidaiatu gabe behintzat ez dago aukera handirik. Horrez guztiaz gain, mailari eusteko denbora asko eskaini behar diozu eskalatzeari: entrenamendu asko, prestakuntza asko... Sasoian egon beharra dago, baina baita motibatuta ere. Arrazoi askogatik zaila egiten da maila horretan mantentzea edo gora egitea. Zeleputza buruan sartu zitzaidan, eta ikusten nuen egiteko edo gainditzeko aukera banuela, eta horregatik aukeratu nuen bide hori.

Zailtasun handiko bide bat aurrez plaifikatzen al duzu?

Eskalatzaile batzuk helburu bati begira prestatzen dira, planifikazio bat egiten dute. Niri sasoia hartzen joatea gustatzen zait, baina ez planifikazio zehatz batekin. Fisikoki ondo egoten saiatzen naiz, baita motibazioa izaten eta mantentzen ere. Neure burua ezagutzen dut, eta antzematen dut noiz nagoen helburu bat lortzen saiatzeko prest. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait helburu bat izatea baina aurre egiteko behar beste motibazio ez edukitzea. Horrelakoetan, eskalada errazagoak egitera joaten naiz, eskaladarekin beste modu batean disfrutatzera, eta ez da ezer gertatzen.

Inori konturik eman beharrik ez al daukazu?

Egia esanda, ez. Azkenean, gabiltzan munduan ibilita, inguruan ditudan marka desberdinekin dudan harremanagatik, gustatzen zait egin dudanaren edota egiten ari naizenaren berri ematea edota hori elkarbanatzea. Baina inori ezer azaltzeko obligaziorik ez dut sentitzen. Helburua ez dut inoiz konpromiso baten arabera erabakitzen; ditudan sentsazioen eta daukadan motibazioaren eta gogoaren arabera erabakitzen ditut eskalatzeko bideak.

41 urte, eta sasoiko.

Bai, bai, baina 18-19 edo 22 urterekin neukan gogoa edo motibazioa eta orain daukadana ez dira berdinak; orain, selektiboagoa naiz helburuak erabakitzerakoan. Momentuak ere lasaiago hartzen ditut; batzuetan forman sentitzen naiz, baina lasaitasun gehiago behar izaten dut: eskalada beste era batera hartu, pixka bat deskantsatu eta momentuak bilatu. Estimulu horien behar gehiago dut orain, eta lehen, aldiz, egunero izaten nuen eskalatzeko energia. Urte asko daramatzat eskalatzen, eta gauza bera egiten urte asko daramatzazunean, beste edozein gauzatan bezala, batzuetan gorabeherak izatea normala da. Ni horri guztiari heltzeko oreka bilatzen saiatzen naiz, eta hasieratik eskaladagatik sentitu dudan sentsazio hori ez galtzen ere bai.

Eskarmentuak buru lan gehiago ematen al du?

Fisikoki askotan sentitzen naiz sasoiko, baina nire helburuei beste era batera egiten diet aurre, lasaiago. Esperientziak hori irakatsi dit, eta horrek momentu egokian erabaki egokiak hartzen laguntzen dit.

9b zailtasuneko bide bat eskalatzen saiatuko al zara?

Ez daukat hori buruan. 9b zailtasuneko bide bat egiteko, gutxienez, Kataluniara joaten ibili beharko nuke; Euskal Herrian ez dago, edo behintzat, orain arte ez da lortu irekitzea maila horretako biderik. Euskal Herrian halako zailtasundun bideren bat baldin balego, egunerokoan erosoago litzateke hara joatea, eta denbora gehiago eskaini ahalko nioke. Hala ere, behin ere ezin da ezetz esan; izan ere, auskalo, igoal, tokatzen baldin bada, batek daki saiatuko al nintzatekeen. Gero, egingo nukeen ala ez beste kontu bat da. Dena den, momentuz, beste proiektu batzuk dauzkat buruan. Ni mugara eramaten nauten proiektuak dira horiek, eta gero ikusiko dugu zer zailtasunetan koka daitezkeen edota nire proposamena zein izan daitekeen.

Karapeto Jose Luis Palau Primo-rekin, iazko abuztuan, La Ramirole bidea egin ondoren, Verdonen. (Utzitakoa)

Eskalatzeko zer-nolako bideak dituzu gogokoen, eta zergatik?

Fuerte sentiaraztera behartzen nauten bideak dira niri gehien gustatzen zaizkidanak: erresistentzia eskatzen dutenak eta indarrez ondo egotea exijitzen didatenak, helduleku txikiak dituztelako edo mugimendu fisiko zailak eskatzen dizkidatelako. Horrez gain, ondo eta txukun eskalatzera bultzatzen nauten bideak atsegin ditut; hau da, teknika tartean egotea gustatzen zait. Buruz kontzentratuta, mugimendu bakoitzean pauso bakoitza ondo egin behar dudala pentsatuz eta erresistentzia zein indarrak kudeatuz eskalatzea gustatzen zait; burbuila batean sartuta bezala aritzea. Bide azkar-azkarrak ez ditut gogoko.

14 urterekin hasi zinen eskalatzen Izarraizko harrobiko hormetan. Ordutik, asko aldatu al da eskaladaren mundua?

Eskalada gauza askotan aldatu da. Gaur egun, jende askok du eskalatzeko aukera eskura. Rokodromoen mundua hazi egin da, gero eta gehiago daude. Lehen jakin-minak bultzatuta joaten zen jendea eskalatzera: lagunen batekin hitz egin, "goazen probatzera" esan, eskalatzen zuen bateren batekin adostu laguntzea eta irakastea... Gu horrela hasi ginen, eta gero guk beste batzuei irakatsi genien. Mendi Federazioak nahiz mendizale elkarteek-eta eskalada ikastaroak antolatzen zituzten orduan ere, baina orain askoz eskurago dago hori guztia, eta Internetarekin informazio gehiago ere badago. Momentuz, baina, –eta hala izaten segituko duela espero dut–, haitzean eskalatzea ulertzeko modua mantendu egiten da, haitzean eskalatzeko esentzia horrek modu berean segitzen du. Gure kasuan, Bihatz eskalada gunean [Iruñean dago, eta gune horren jabeetako bat da Karapeto] eskalatzen irakasten diogu jendeari. Nahiz eta rokodromo bat izan, nondik gatozen eta eskalatzeko dugun filosofia jendearekin elkarbanatzen saiatzen gara, eskalada bizitzeko dugun modua nolakoa den uler dezan: lagun giroa, naturarekin errespetuz jokatzea... Hiriburu handietara ere iritsi da eskalada; bat-batean inoiz mendian ibili gabeko pertsonak joaten dira haitzera eskalatzera, eta pentsatzen dute mendira bateren bat joango zaiela dena jasotzera. Batzuek, agian, badakite natura eta mendia errespetatu egin behar direla, baina beste batzuei irakatsi egin behar zaie. Eta gu eskaladako ikastaroetan hori guztia irakasten ere saiatzen gara.

Zer-nolako garrantzia du sokalagunak eskalatzerakoan?

Handia. Niretzako inportantea da gustura sentiarazten nauen bateren bat izatea sokalaguna, harekin konexioa izatea eta ondo konpontzea. Harmonia hori baldin badago, askoz ere gusturago eskalatzen da. Eskalatzerakoan komunikazioa egon behar du sokakideen artean: eskalatzen duenari ziurtasuna eman behar dio sokalagunak, baita eskalatzen duenak aseguratzen duenari ere. Bien artean lotura bat dago, eta bat seguru ez badago, besteari hori transmititzen dio. Beraz, garrantzitsua da sokalagunarekin seguru sentitzea eta gustura aritzea.

Haitzetik rokodromora zer alde dago?

Oso desberdinak dira. Haitzean eskalatzen mendian bakarrik ikasten da. Badago rokodromora eskalatzera joaten den eta handik haitzera irtendakoan eskalatzea oso zaila egiten zaion jendea. Batean eta bestean eskalatzeko edota zapaltzeko modua oso desberdina da. Hala ere, eskalatzera haitzera joaterako, entenatzeko oso erreminta ona da rokodromoa, baina eskalatzera mendira joateari inoiz utzi gabe. Nik biak egiten ditut: haitza eskalada ulertzeko modu bat da niretzat, eta haitzik gabe ez nuke ulertuko eskalada; rokodromoan soilik eskalatzea kostatu egingo litzaidake.

Azken urteetan asko ugaritu dira eskalada eskolak edota rokodromoak. Zuk Bihatz eskalada gunea daukazu beste lagun batzuekin batera.

Lehen horrelako instalazioak kiroldegietan-eta zeuden, baina egun, zerbitzu hori ematen duten gero eta instalazio pribatu gehiago daude. Eskalatzeko leku bat dira, baina elkartzeko leku sozialaren funtzioa ere betetzen dute. Bihatzen, behintzat, eskalada giroa sortzen da, eta mendira joan aurretik edo handik bueltan, jendea bertan elkartzen da zerbait hartzeko eta hitz egiteko. Eskalatzen hasi nintzenean, lagunarteko eskalada lokalak zeuden Azpeitian: gu, aurrena, Xaxtreren lokalean ibiltzen ginen, eta gero, Ondarreko lokalean. Finean, zure zaletasuna praktikatzeko eta hitz egiteko behar hori asetzeko guneak dira horiek. Egia da, orain, hori leku komertzialagoetan ematen dela.

Garai batean kirol eskaladako txapelketetan ibili zinen. Bost aldiz irabazi zenuen Euskal Herriko Kirol Eskalada Txapelketa: 2006an, 2007an, 2008an, 2009an eta 2011n. Noiz utzi zenituen txapelketak, eta zergatik?

Mikel Ziarrusta zenarekin brometan jarduten nuen, Euskal Herriko txapelketan bost txapel irabazi bai ala ez; hura beti txapeldun edo bigarren izaten zen. 2010ean hark irabazi zuen txapela, eta bosgarren txapela lortzeko, 2011ko txapelketan parte hartu eta irabazi egin nuen. Tamalez, 2012. urtean laguna, Ziarrusta, hil egin zen. 2011koa izan zen nire azkenengo txapelketa, baita Ziarrustarena ere. Ordurako ez nuen txapelketetan aritzeko motibazio handirik. Espainiako txapelketaren batean edo bestean ere parte hartu nuen gero, baina batik bat eskaladako lagunekin egote aldera, ezer asko prestatu gabe. Txapelketetan parte hartzeko gogoa edota dena emateko nerbio sentsazio hori eduki egin behar da, eta nik ordurako ez nuen sentitzen tripetako nerbio hori. Uste dut nahikoa egin nuela, eta nire txapelketetako garaia pasatu zenean utzi nuela; haitzean eskalatzeko prozesuan murgildu nintzen. Dena den, txapelketetan aritu arren, inoiz ez nion utzi mendian eskalatzeari.

Eskaladako Euskal Selekzioarekin ere jardun zenuen.

Eskaladako Euskal Selekzioan hautatzaile jardun nuen 2016-2017 urteen inguruan, eta aurretik selekzioarekin ere lehiatu nintzen.

Zerbait ikasiko zenuen, ezta?

Bai, ikasi bai. Eskalatzaile gazteengandik gertu egonda eta aukeraketa egin beharra edukita, asko ikasten da. Ez da lan erraza, denak aukeratu ahal izatea nahi izaten delako. Esperientzia berri bat izan zen, eta listo.

Nola ikusten duzu gaur egungo Euskal Herriko eskaladaren panorama?

Jende asko aritzen da eskalatzen, eta haitzean eskalatzeko zaletasun handia dago Euskal Herrian. Jendeak asko disfrutatzen du eskalatzen, eta giro oso ona dagoela uste dut. Gazteen artean, ordea, ez dut ikusten haitzerako horrenbesteko joera duen belaunaldirik: gazte jendea gehiago dabil eskalada txapelketetan eta rokodromoan, eta ez dut uste haitza eta rokodromoa hainbeste nahasten dituenik. Lehen gu bietan batera ibiltzen ginen txapelketetan, rokodromoan eta haitzean. Ez nuke jakingo esaten zer-nolako egoeran dagoen haitzeko eskalada gazteen artean. Txapelketetan, ordea, Euskal Herriko gazteek emaitza oso onak lortzen dituzte; oso-oso ondo prestatuta eta indartsu daude.

Azpeitian Sokaitz eskalada elkartea dago. Jende asko dabil elkartean. Jarraitzen al dituzu?

Bai, Azpeitian jende asko aritzen da eskalatzen. Baina Azpeitian eta Azpeitiko lagunekin nahi baino gutxiago egoten naiz gaur egun. Dena den, harremana mantentzen dut lagunekin, eta ahal dudan guztietan edota topo egiten dugunetan egoten naiz haiekin; horretarako tartea egiten dut.

Karapeto Bihatz eskalada gunean, Iruñean. (Nerea Uranga)

MOTZEAN

Eskalatzeko egun apropos baten hiru ezaugarri?

Gustuko leku batean, gustuko jendearekin eta gustuko bideak egiten.

Eskalatzeko leku bat?

Etxauri [Nafarroa].

Eskalatzeko bide bat?

Zeleputza, azkena izan delako.

Izarraizko kanterako bide bat?

Sagardoa.

Sokalagun bat?

Nire lehenengo sokalaguna izan zena: Jon Sarasua Xamao. Hastapenetako momentu haiek oso inportanteak izan ziren, gaur egun naizena hasiera haiengatik naizelako. Hark aspaldi utzi zion eskalatzeari, eta ez gara ikusi ere egiten, baina idazten dit, jarraitzen eta zoriontzen nau. Elkarrizketan harrobia aipatu dugu, eta horrek eraman nau garai hartara; lotuta doazen bi kontu dira. Askotan esan izan diogu Xamaok eta biok elkarri: "Gu kordada gaituk!".

Egin gabe daukazun eta egitea gustatuko litzaizukeen bide bat?

Harrigosea, Etxaurin dagoena. Lehen 9a mailako bide bat zen, baina zati bat puskatu egin zen, eta oso zaila gelditu da eskalatzeko. Nire helburuetako bat da bide hori.

Ezagutzea gustatuko litzaizukeen toki bat?

Patagonia.

Eskalatzaile bat?

...[pentsatzen] Zaila egiten zait aukeratzea; hainbeste dira, ez daukat bat esateko.

Eskalatzeko elementu bat?

Katuhankak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide