Erretratua

Xabier Bidezabal: "Irakasten saiatzen ari zarela, zeuk ere asko ikasten duzu"

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 6a, 09:20

Xabier Bidezabalen erretratua. (Olatz Alkorta)

"Inertziaz edo beharragatik", baina dantzarekin txikitan hasitako bideari irmo eusten dio ia 43 urte eta gero Xabier Bidezabalek. 25 urtez aritu zen Itsasin, eta 35 daramatza, sorreratik, Zestoako Itxaropena taldean. Asko aldatu dira kontuak euskal dantzen taldeetan bera hasi zenetik. Uztarriaren 2023ko otsaileko aldizkarirako landutako erreportajea da honakoa.

Sarri errepikatzen den esaldia da pertsona batek jarduera jakin batean "bizi osoa" daramala. Esaldi hori egitate hutsa da Xabier Bidezabalen (Azpeitia, 1971) eta euskal dantzen kasuan. Umetan hasi zuen bidea etenik gabe jorratu du eta jorratzen jarraitzen du. 51 urte bete berria da, eta datorren udazkenean beteko dira 43 dantzan hasi zenetik. Azpeitian Itsasiko kide gisa eta Zestoan Itxaropenaren sortzaile eta buru gisa, jarduera horri lotuta ezagutzen du jende askok.

Dantzari eta dantza irakasle, euskal dantzen azken lau hamarkadetako gorabeherak ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan du.

Etxepeko kuadrilla

Kepa Otaegi zenaren bidez iritsi zen Bidezabal Itsasira 1979an, 8 urterekin. "Kepa lehengusu txikia genuen izatez, haren ama eta gure aita lehengusuak baitziren, eta etxepe berean bizi ginen, gainera. Dantza taldean ibiltzen zen horrekin, kuadrillan, etxepekoak jolasean aritzen ginenean, eta, komentatu egiten zigun, 'probatu egin behar duzue', 'etorri egin behar zarete'. Horrela, etxepeko zazpi-zortzi mutil hasi ginen dantzetara joaten".

Carasusanen egur fabrika izandako Itsasiren lehen lokal hura ondo gogoratzen du. "Sasi pila bat egoten zen inguruan, tailerra izandakoa onenak emanda zegoen. Hala ere, gu joaten hasi ginenerako egurrezko zoruarekin, ispiluekin-eta prestatuta zegoen lokala. Haren abantaila nagusia zen lokala ikaragarri handia zela. Entseguetarako kristoren lekua zen, nahiz eta, aipatutakoez gain, hain egokia ez izan: leihoetako kristalak apurtuta, neguan egundoko hotza egiten zuen han".

Trenbidetik oinez joaten ziren Bidezabal eta etxepeko dantzari kuadrillatxoa entseatzera, eta bide bera egiten zuten itzulerakoan. Denborarekin, kuadrillatxoa txikitzen joan zen, batzuek utzi egin zuten Itsasi, baina ez zen hori izan Bidezabalen kasua. Garai hartan gazte asko zebilen Itsasin, eta etxepetik eramandako lagunarteaz gain, lagun berriak egiteko aukera izan zuen. Probatze aldera eta "ezer asko espero gabe" hasi eta "gustua hartu" zion dantzari, gaur arte etenik izan ez duen lotura pixkanaka sendotuz.

Itsasirekiko lotura ere guztiz-guztiz ez du inoiz eten izan, baina 2004an utzi zuen taldea, "jende askok oraindik ere Itsasirekin lotu arren"; izan ere, egun edota ekitaldi jakin batzuetan parte hartzen jarraitu izan du, hala nola artzain-inudeen Jai Karnabaleko kalejiran eta danborradako taldean. 18 urte zituenetik, bitan bakarrik huts egin du San Sebastian bezperan; eta umeen danborradako taldean ere ibili zen, Itsasiren taldeko zuzendari, bi urtetan. San Sebastian egunez jaiotakoa da, gainera, Bidezabal. Artzain-inudeetan 12 urterekin parte hartu zuen lehen aldiz, eta festa horretan ere behin bakarrik huts egin duela kontatu du. "Ume txikia genuen, eta urte hartan festa kanpotik ikustea erabaki nuen. Eta lehen etorrera Etxe-Zuri parean ikustea, eta 'ño, ez nagok ba ederki...' pentsatzea bat izan ziren". Damutu, damutu ez zela egin dio, baina arraro sentitu zela aitortu du.

Aipatutako kaleko bi ekitaldi nagusiez gain, taldekoek laguntzea behar izan dutenetan "puntualki" dantzatu izan du beste ekitaldiren batean ere. Baina 1999tik 2004ra elkarteko presidente izan ondoren, Itsasi uztea erabaki zuen. "Izaten dira bete egiten zaren uneak, horrela gertatu zitzaidan une hartan, eta 'honaino' esan nuen".

Artzai-inudeekin, iaz. (Utzitakoa)

Zestoan, sorreratik

Itsasin 25 urteko ibilbidea osatu zuen Bidezabalek, eta are luzeagoa da Zestoako Itxaropena dantza taldean osatu duena eta osatzen jarraitzen duena.

14 urterekin, gazteagoen taldeei dantzan irakasten laguntzen hasi zen Itsasin; "ondo moldatzen nintzen dantzan, itxuraz", dio. Handik bi urtera, berriz, Zestoan hasi zen dantza eskolak ematen. "Irakasten saiatzen ari zarela, zeuk ere asko ikasten duzu. Nik, behintzat, horrela sentitu izan dut betitik". Zestoako ikastolako gurasoek seme-alabentzat euskal dantza eskolak antolatzea erabaki zuten, eskolaz kanpoko ekintzen artean. Irakasleak behar zituztela eta, Bidezabalen izeko baten bidez, Itsasiko dantzari gazteengana jo zuten. "Zestoan egon zen bere garaian Itxaropena izeneko dantza talde bat, baina ordurako galduta zegoen", azaldu du azpeitiarrak. Miren Olatz Arozena lehengusua eta biak hasi ziren Zestoako haurrei dantza eskolak ematen, "xentimorik kobratu gabe", borondatez. "Egun, berehalakoan hasiko litzateke inor baldintza horietan. Zoritxarrez, seko jota daude boluntario lanak", bota du hausnarketa Bidezabalek.

Eskolaz kanpoko klaseekin hasi zena herriko dantza talde bihurtu zen urteen poderioz, lehen izandako Itxaropena haren izen bera hartuta. "Eta gaur arte", Bidezabalen hitzetan. Bera barne, hogei dantzari ari dira egun Itxaropenaren nagusien taldean, eta azpeitiarrarena da talde horren ardura; astero ordu eta erdiko entsegua egiten dute. Umeen sei talde ere badituzte, eta nagusien taldeko beste kide batzuk arduratzen dira horiez.

Pizgarririk gabe

Euskal dantzetako taldeen urte loriatsuak bizitakoa da Bidezabal, eta azkenaldiko gainbehera ere bai. Indarra galdu dute herrietako dantza taldeek, dantzari gutxiago dabil gaur egun talde horietan, eta are gutxiago dira Bidezabalen gisa txikitan hasi eta urte askotan jarraitzen dutenak.

Gizartea bera aldatu da, joerak eta jarrerak. Horrez gain, "pizgarriak" falta direla uste du Bidezabalek, dantzak erakargarri bihurtzeko. "Garai batean, udan atzerrira irteten ginen ia urtero", ekarri du gogora. "Gaur egun askoz gehiago bidaiatzen du jendeak, edozein tokitara joatera ohituta daude umetatik. Guretzat edozein igandetan Mutrikura dantzara joanez egun-pasa egitea, berriz, egundoko plaza izan zitekeen. Orain, gonbidapena jaso herri batera dantzara joateko, eta talderik ezin osatu", gehitu du, garaiak nola aldatu diren nabarmenduz. Dantzak oro har, eta euskal dantzak tartean, nesken kontu bihurtu dira. "Hala da. Asko aztertu den kontua da hori, baina ez du konponbide errazik. Moda kontuak aipatu izan dira... Baina, esan bezala, dantzak oro har erakarpena galdu du, eta arrazoi askogatik".

Alabarekin eta ilobarekin. (Utzitakoa)

Dantzaria eta dantzazalea da Bidezabal. Euskal dantzez gain, aretoko dantzak ere probatutakoa da, eta "gustura". Festara irtendakoan ere "mugitzekoa" dela dio, uneko doinura moldatzeko aitzakiarik gabe. "Gertatzen dena da, kuadrillan oso gutxi direla mugitzen direnak, eta batzuetan, frenatu egin izan naiz. Izan ere, bakarrik, gaizki".

Gauza asko eman dizkio dantzak Bidezabali; emaztea ere dantzaren bidez ezagutu zuen. Irits daitekeela badaki, baina oraindik ez du gertu ikusten dantza uzteko unea. "Nire bizitzaren parte izan da beti dantza, haren inguruan joan zaizkit gauzak gertatzen. Askotan nekatuta sentitu arren, betetzen nauen zerbait da dantza. Ez dakit inertziaz edo beharragatik den, baina gustura ibili izan naiz beti dantzaren munduan".

XABIER BIDEZABAL

• Adina: 51 urte.
• Ikasketak: Ingeniaritza Teknikoa elektronika alorrean, MUn.
• Lanbidea: Mantenimendu teknikari 24 urtez eta makina programatzaile lau urtez, Lan Mobel S. Coop-en.
• Dantzaria ez banintz… Ez dakit, ba. Dantzari hainbeste ordu eskaini dizkiodanez, azken urte luzeetan ez dut beste zaletasunik landu.
• Lanetik ateratzean gogoko dut… Lasai egotea, eta pixka bat irakurtzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide