Klik

Ezkutukoa, benetan

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 5a, 09:33

Mendeek, kareak eta pintura geruzek estalitako altxorra berreskuratu zuten mende honetako lehen hamarkadan Azpeitiko parrokiako Bakardadearen kaperan. Errenazimentuko margoek eta eskulturek argitu zituzten biltegi ilunaren hormak, baina ezkutuko altxor izaten jarraitzen dute askorentzat. Uztarriaren 2023ko otsaileko aldizkarirako egindako argazki erreportajea da honakoa.

Zorua gako

2002. urte inguruan, enegarren berregokitze lanak hasi zituen Parrokiak Bakardadearen kaperan, berrerabilgarri jartzeko. Lanak hasterako, txosten arkeologikoa behar zuten, eta txosten hori osatzeko lurreko zati bat harrotu zutenean, 1800 inguruko hobiratzeen aztarnak topatu zituzten, hamabost eskeleto. Zuloa handitu zutenean, berriz, kanpai bat egiteko molde baten oinarria azaleratu zuten, duela 450 bat urtekoa. Eta lan horietan ari zirenek aurkitu zituzten, kale aldeko paretan, Errenazimenduko margolanen lehen aztarnak.

Saez Elolaren hil kapera

Nicolas Saez Elolaren aginduz, hark Peruko inken ondasunak arpilatuz batutako aberastasuna baliatuta, eraiki zuten Bakardadearen kapera XVI. mendean. Bere hil kapera eraikitzeko erosi zuen orubea Elolak, parrokiaren kontra. Francisco Pizarroren kapitain izandako azpeitiarraren 'balentriak' goratzen dituen margolan ikusgarria eta haren pean hildako zalduna irudikatzen duen eskultura (argazkian) gordetzen dituen hilobi-eskultura da, hain zuzen ere, kaperako elementu nabarmenetako bat.

Michelangeloren erreprodukzioa

Margolanak dira Bakardadearen kaperaren berezitasun nagusia, eta hegoaldeko hormakoak, kale aldera ematen duenekoak, dira gehien nabarmentzen direnak (argazkian); hor topatu zituzten, hain zuzen, margoen lehen aztarnak. Erdialdeko margoak betirako galdu baziren ere, Michelangeloren eta Hans Holbein Gaztearen lan banaren erreprodukzioak erakusten dituzte berreskuratutakoek. Errenazimentu garaiko eta estiloko Euskal Herriko erakusgarri bilakatu dira margo horiek, 2006an kapera birgaitzea bukatu zutenetik.

Lehen eta orain

1800ean estali zituzten lehen aldiz kaperako jatorrizko margoak. Karearekin zuritu zituzten, osasun eta higiene arrazoiak tarteko, kapera hilobiratzeetarako erabiltzen hasi zirenean. 1898an jasan zuen kaperak hurrengo birgaitze nagusia. "Lan hori egin zuenari agindu zitzaion pareta denak harraskatzea, gainetik eman behar zioten pintura hobeto itsasteko. Itxuraz, jabetu zen paretak asko harraskatu gabe ere ondo itsasten zela pintura. Horri eskerrak mantendu ziren azpikoak", azaldu du Kepa Susperregi parrokoak. Ondoko argazkietan, aldareko lehengo erretaula eta gaur egungoa.

Margolanak nonahi

Bakardadearen kaperan sartzen direnek horma eta txoko guztietan topa ditzakete margolan errenazentistak. Goian, ezkerrean, kaperaren ekialdeko hormako bat: Dante Alighieriren Jainkotiar komediaren infernuaren irudikapena. Eskuinean, berriz, Andre Mariaren irudia, kaperako korupean, eskaileren ondoko horman.

Eskulturak ere bai

Pinturak ugariago eta ageriago dira Bakardadearen kaperan, baina eskultura lanak ere ez dira falta. Aipatutako Saez Elolaren mausoleokoez gain, gangapeko lau petxinetan ageri direnak daude, besteak beste; San Joan, San Mateo, San Lukas eta San Markos ebanjelariak irudikatzen dituzte horiek. Argazkian, horietako bi.

Koru eta guzti

Ia hogei urte dira Bakardadearen kapera birgaituta eta sortzezko askotariko aberastasuna agerian dela ikusgai dagoela, baina azpeitiar askok oraindik ez dutela ezagutzen iruditzen zaie Parrokiaren arduradunei, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiko aldare nagusiaren ondoan dagoen altxorra bisitatzeak "merezi" duen arren. Eliza handiaren barruan eliza txiki eta aberatsa da Saez Elolaren kapera, koru eta guzti. Korutik ateratako argazkia da ondokoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide