Asteazkena izango da Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketan izena emateko azken eguna

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 27a, 09:56

Iaz egin zuten Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren lehen edizioa. (Nerea Uranga)

Parte hartu nahi duten taldeek azteelkartea@gmail.com helbidera mezua idatzi beharko dute, eta zortzi talde baino gehiagok parte hartu nahiko balute, izen emate hurrenkera hartuko dute kontuan. Maiatzeko lau larunbatetan izango da lehiaketa, eta egun bakoitzean bina taldek parte hartuko dute. Aurten ere Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta udalak antolatu dute lehiaketa, eta 6.000 euroko diru saria eskuratuko du irabazleak, hain zuzen.

Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bigarren edizioan parte hartu nahi duten taldeek asteazkenera arteko epea dute izena emateko. Horretarako, mezu bat idatzi beharko dute azteelkartea@gmail.com helbidera, honakoak adierazita: taldearen izena, telefono zenbaki bat eta maiatzeko zein larunbatetan izango luketen Azpeitira etortzeko aukera. Zortzi taldek baino gehiagok izena emango balute, izen emate hurrenkeraren arabera erabakiko dute zein talde parte hartuko duten lehiaketan.

Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta udalak iaz antolatu zuten lehenengoz Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa, eta izandako arrakasta ikusirik, aurten berriz antolatzea erabaki dute. Lehenengo edizioaren formatu bertsua izango du bigarrenak ere. Maiatzeko lau larunbatetan jokatuko dute lehiaketa, eta larunbatero bina talde ibiliko dira Alde Zaharra girotzen. Bata, 19:00etan hasiko da, eta bestea, ordubete geroago, 20:00etan; eta talde bakoitzak ordu eta erdiko saioa gauzatu beharko du. Egutegi zehatza, talde bakoitzak egin beharreko ibilbidea eta gainerako xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte.

Iaz bezala, aurten ere sari potoloa iragarri dute talde irabazlearentzat: 6.000 euroko diru saria, hain zuzen. Trukean, saninazioetan emanaldi bat eskaini beharko du doan. Horrez gain, talde bakoitzari 600na euroko tarifa ordainduko diote lehiaketan parte hartzeagatik.

Irabazlea nor izango den herriko hainbat musikarik osatutako epaimahaiak ebatziko du, eurek ezarritako irizpideen arabera. Emanaldiak balioesterakoan, kontuan izango dituzte honakoak: musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien barietatea, euskara, parekidetasuna…

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide