Mila euro gehiago Joxe Takolo bekarentzat

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 28a, 09:00

Mikel Amenabar, Ibon Azkune, Egoitz Arruti eta Juan Mari Olaizola udaletxean, 2023ko Joxe Takolo beka aurkeztu ondoren. (Mailo Oiarzabal)

4.000 euroko diru poltsa jarri dute aurtengorako Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak eta Lagun Onak mendi bazkunak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren oroimenez banatzen duten bekarako. Deialdiaren oinarriak atzo argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta martxoaren 15era arteko epea izango dute proiektuak aurkeztu nahi dituztenek.

Azken urteetako ildoari jarraituz, berrikuntzekin dator aurten ere Joxe Takolo beka. Atzo argitaratu zituzten 2023ko bekaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta atzo bertan aurkeztu zuten Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta Lagun Onak mendi bazkunak ematen duten bekaren deialdi berria.

"Aldaketa esanguratsuak" iragarriz hasi zuen hitzartzea Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuak udaletxeko atzoko aurkezpenean. Esanguratsuena, bekaren dirulaguntzaren kopurua izango da: orain arte Joxe Takolo bekak 3.000 euro banatu baditu, aurten 4.000 euro jasoko dituzte bekaren irabazleek. Arrutik azaldu zuen iaz hasi zirela bekaren sustatzaileak dirulaguntzaren kopurua eguneratu beharra aztertzen. "Urteak aurrera doazen heinean, baldintza ekonomikoak ere aldatzen ari dira, eta ikusi genuen ahalegin handiagoa egin beharko genuela beka hau ematerakoan". EMFk bekarentzat 500 euro gehiago jartzea erabaki zuen, eta udalari eskatu zion "neurri berean esfortzu txiki bat" egitea. Horrela, mendizale federazioak 1.500 eta udalak 2.500 jarri dituzte aurten Joxe Takolo bekaren diru poltsan, guztira 4.000 osatu arte, mila euroko igoerarekin.

Dirulaguntzaren kopuruaz gain beste aldaketa batzuk ere gehitu dituzte deialdiaren oinarrietan. Esaterako, beka irabazten dutenek horren laguntzarekin gauzatzen duten proiektuaren argazki dokumentazioa helarazi beharko diete antolatzaileei, "hamabost bat argazki", iaztik martxan den joxetakolobeka.eus webgunean jartzeko.

Goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko emango dute Joxe Takolo beka aurten ere. Eta, nola ez, Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar aitzindariaren "izena zabaltzeko eta haren lana ezagutarazteko" baliatu nahi dute aurten ere beka antolatzaileek. 23. aldia du aurtengoa lehen aldiz 2001. urtean eman zuten bekak; aurreko urtean, 2000.eko udan, hil zen Joxe Takolo. Beka sortu zuten urte berean, berriz, argitaratu zuen Uztarriak haren biografia, Enekoitz Esnaolak idatzia: webgune honetan irakur daiteke, PDF formatuan, Joxe Takolo. Kontrariorik gabeko gizona liburua.

Martxoaren 15era arte

Martxoaren 15a izango da 2023ko Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko azken eguna. Urte honen barruan deialdiaren helburuekin bat datorren ekimenen bat antolatzen duten Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste hainbat eratako elkarteek eta taldeek aurkez ditzakete beren proiektuak bekara.  Eskaera orria Azpeitiko Udalaren webgunean eskuratu dezakete; hura beteta eta oinarrietan zehaztutako agiriekin batera, udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dute, bulegoan aurrez aurre, edo udalaren webgunearen bidez.

Lagun Onak MBko Mikel Amenabar eta Joxe Takolo beka ebazten duen batzorde teknikoko bi kide, Ibon Azkune eta Juan Mari Olaizola, izan zituen ondoan Arrutik atzoko aurkezpenean. Batzordeko kideen "lana eskertu" zuen Arrutik, eta guztiek "animatu" nahi izan zituzten Euskal Herriko mendizaleak bekara proiektuak aurkeztera, "horrelako laguntza bat izatearen garrantzia" azpimarratuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide