Etxebizitza hutsetan fokua jarrita, Azpeitiko etxebizitza parkearen aplikazioa sortu du udalak

Julene Frantzesena 2023ko ots. 28a, 12:07

Elizkalea.

Erakundeak barne erabilerarako egin du garapena; hain zuzen ere, Azpeitiko herrigunean zer etxebizitza dauden eta zer ezaugarri dituzten ikusteko balioko dio garapenak udalari. Etxebizitzaren arloan egin beharreko urratsak zehazteko, aplikazioa "oso garrantzitsua" izango dela adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Etxebizitza hutsetan fokua jarrita, Azpeitiko etxebizitza parkearen aplikazioa sortu du Azpeitiko Udalak. Erakundeak barne erabilerarako egin du garapena; hain zuzen ere, Azpeitian zer etxebizitza dauden eta zer ezaugarri dituzten ikusteko balioko dio garapenak udalari. Baina ez horretarako bakarrik: izan ere, etxebizitza bakoitzaren informazio zehatza –bizikide kopurua, metro koadroak, ur kontsumo maila...– kontsultatzeko ere baliagarria izango da, baita etxebizitza politika zehatzak aurrera eramateko ere.

Gislan kooperatibak garatu du aplikazioa, udalak emandako informazioarekin. Garapena egin duen enpresako kide Julen Landak azaldu duenez, hain zuzen ere, errolda, etxebizitza errolda, katastroa, ur kontsumo datuak, Hondasun Higiezinen gaineko Zerga eta etxebizitzen ikuskapen teknikoaren datuak izan dituzte kontuan. "Datu horiek prozesatu eta uztartu ditugu, eta etxebizitza parkea osatzea eta informazioa eskura jartzea lortu dugu", esan du hark.

Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, giza eskubide subjektiboa da etxebizitza eskubidea, eta hori erakunde publikoek bermatu behar dutela adierazi du hark. Gainera, haren arabera, etxebizitza politikaren oinarria etxebizitza hutsetatik abiatzen da. "Udala lanketa ari da egiten; izan ere, estrategikoa da etxebizitza politiko aurreratuak izatea. Neurriak hartu ditugu, zer etxebizitza behar dagoen ikusteko azterketa egin dugu: besteak beste, babes publikoko etxeak sustatu, etxebizitza plana egin...".

Bide horretan, aplikazioa erreminta "oso garrantzitsua" izango dela esan du Alkortak. Izan ere, egin berri duten aplikazioak herrian zer-nolako etxebizitza parkea dagoen ikusteko eta etxebizitza politikei jarraipena emateko balioko duela esan du. Gainera, une oro egunera daitekeen aplikazioa dela ere jakinarazi du. "Edozein unetan gehitu daitezke datuak, eta eguneratu egingo dira. Horrela ikusi ahal izango da zein den parkearen bilakaera eta hartzen diren neurriek zer eragin duten".

Herriguneko etxebizitza parkea

Herriguneko etxebizitzak kontuan izanda gauzatu dute aplikazioa; hau da, landa eremuko "baserriak-eta" ez dituzte kontuan hartu. Landak esan duenez, "ez da, beraz, Azpeitiko etxebizitza parke osoa" jaso dutena. Datuei erreparatuta, Azpeitian, guztira, 6.064 etxebizitza daude gaur egun, eta horietatik %9,5 daude hutsik, udalak jakinarazi duenez. Hau da, 581 etxebizitza daude hutsik herrian, eta horien ia erdiak Alde Zaharrean daude kokatuta. Halaber, 500 azpeitiar baino gehiago daude une honetan Etxebiden izena emanda.

Alkortaren hitzetan, datu horiek erakusten dute etxebizitza hutsetatik hasi behar dela lanketa: "Etxe huts horiek bizitoki bilakatzeko neurriak jarri behar dira martxan". Aplikazioak bide horretan lagundu egingo diela uste du alkateak, neurriak hartzerako diagnostikoa eskuetan izatea "garrantzitsua" iruditzen zaiolako eta etxebizitza hutsen gainean hartu beharreko neurriak modu eraginkorrean hartu ahal izateko.

Beste datu bat ere eman dute: etxebizitza nagusi ez diren etxeen –etxebizitza nagusi ez diren guztiak; hutsak, bigarren etxebizitzak...– tasa %14 da Azpeitian. Zenbateko hori Gipuzkoakoaren azpitik dagoela esan du; izan ere, lurraldeko tasa %15 da. Urola bailarako tasa ere askoz altuagoa dela jakinarazi dute: %19. "Horrek esan nahi duena da Azpeitian presio handia dagoela etxebizitza parkearekiko", azaldu du Landak.

Julen Landa eta Nagore Alkorta aplikazioaren irudi baten aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide