Martxoaren 8a heltzear da, eta jakinekoa da aurten ere emakumeon batasun abstraktuaren (ahizpatasunaren) aldarriekin, elkarren zaintzarako deiekin, famatuak diren emakumeek egiten dituzten aldarri "feministekin" eta bestelakoekin beteko direla kaleak. M8a, historikoki, mobilizatu eta kalera ateratzeko eguna izan da, baina aldarri festa horren atzean erantzunik gabeko hainbat galdera sortzen dira: Zergatik eta zertarako mobilizatu behar gara? Interes berdinak ote ditugu mobilizatzen garen guztiok? Zein da egun horren benetako zentzua?
Hasteko, garrantzitsua iruditzen zaigu egun horren analisi historikoa kontuan hartzea. Izan ere, nahiz eta gaur egun agenda feministak bere egin duen data bat izan, eta gainera, feminismoak izan duen zabalpenaren ondotik guztiz instituzionalizatu, izatez bere jatorrizko helburua oso bestelakoa izan da. Helburu hori ulertzeko, 1910. urtera egin behar da atzera. Emakume Sozialisten Bigarren Konferentzia Internazionalak Emakume Langileon Nazioarteko Eguna antolatzea erabaki zuen urte horretan. Helburua argia zen: sozialismoa, emakume langileon askapena lortzeko erabaki estrategiko gisara.
Egun horretan mobilizatzearen zentzua, beraz, ez genuke nahi aldarrien arteko talka soil modura ulertzea, auzia hori baino konplexuagoa baita; bi proposamen politikoren arteko talkaz ari gara hitz egiten. Gure ustez, emakume langileon gaineko zapalkuntzarekin amaitzeko bidea ezin daiteke gauzatu ustezko emakumeon batasun abstraktu baten eskutik, ezta aurrekoari lotuta doazen politika feministen eskutik ere. Izan ere, alde batetik, interes kontrajarriak ditugun bi subjektu politikoz ari gara, edo akaso uste al du norbaitek Nazioarteko Diru Funtseko Kristalina Georgievak edo emakume migratzaile batek interes berdinak dituztela? Bestetik, instituzioek eta politika feministek dituzten mugak seinalatu nahi genituzke; horiek burgesiaren erremintak dira, eta oligarkiak ez du berdintasun erreala sustatzeko inongo interesik. Hau da, alderdi instituzionalek izan dezaketen borondatea ez da nahikoa. Izan ere, alderdi politiko guztiak (eskuinekoak nahiz ezkerrekoak) bankarien eta enpresari handien menpe dauden unetik, beraien menetara egotera behartuta daude. Aipatutako mugak, gainera, are argiago ikus ditzakegu bizi baldintzen okertzea bizitzen ari garen garaiotan, eta ulertu aurpegi zuriketarako tresna soil direla.
Bada, gure asmoa da Martxoaren 8ko hastapenetako helburua berrartzea eta kaleak aldarri horrekin betetzea, urte guztian zehar. Izan ere, sozialismoaren eraikuntzarako beharrezkoa da emakume langileok norabide horretan lana egitea. Zentzu berean, emakume langileon askapen erreala gauzatzeko beharrezko baldintza da sozialismoa. Hori horrela, Urola Erdiko Itaiak argi du eginbeharrekoa: norabide horretan gaurdanik zapalkuntzen aurka borrokatzeko antolatuko gara, emakume langileon interesak lehen lerroan jarriz eta emakume langilea subjektu politiko bilakatuko duen antolakuntza politikoa gorpuztuz.
Aipatutako guztiagatik, Martxoaren 8an egingo ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu: Azpeitian, 19:30ean plazan; Azkoitian, 19:00etan plazan, eta Zestoan, 19:30ean plazan.
Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki!