Sormen Bekak jaso dituzten artisten lanekin erakusketa zabaldu dute

Ane Olaizola 2023ko mar. 4a, 08:26

Sormen Bekei esker, Eider Beobideren eta Maria Osesen eta Katixa Goldazen proiektuek sormen egonaldi bana egiteko beka bana jaso dute; Sara Madrazok, Sabrina Romerok, Julen Agirrek, Jone Arriolak, Jonathan Escapak eta Jon Barkinek, berriz, sormen prozesuko beka. Horien lanak edo laginak ikus daitezke martxoaren 19ra bitartean, Betharram aretoan. 

Azpeitiko Udalaren iazko Sorkuntza Bekak izandako emaitzekin erakusketa zabaldu zuten atzo, ostirala, Betharram aretoan. Beka jaso duten zortzi sortzaileek ondutako lanak edo horien laginak ikus daitezke ireki duten erakusketa kolektiboan, martxoaren 19ra bitartean; astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara izango da zabalik. Sormen Bekei esker, Eider Beobideren eta Maria Osesen eta Katixa Goldazen proiektuek sormen egonaldi bana egiteko beka bana jaso dute; Sara Madrazok, Sabrina Romerok, Julen Agirrek, Jone Arriolak, Jonathan Escapak eta Jon Barkinek, berriz, sormen prozesuko beka. Guztiek Kulturaz kooperatibaren bidelaguntza izan dute.

Erakusketaren sortzaileek beren lanak aurkezteko tartea izan zuten atzokoan. Julen Agirre azpeitiarrak, esaterako, Malda eta bloke marrazki lanak ondu ditu bekari eskeri, eta horren lagin bat da Betharram aretoan ikusgai jarri duena. Naturarekin eta gizakiaren esku hartzearekin jolastu du hark arkatzarekin marrazkiak egiterakoan. "Batetik, eraikinen hezurduretan jarria dut arreta, eta nola kasu askotan horiek beste irakurketa bat egitera ahalbidetzen duten. Bestetik, malda malkartsuetan eraikita dauden baserriek erakusten duten egitura interesatzen zait". Aurkezpenean, azpeitiarrak esan zuen modu esperimentalean lan egitea gustatzen zaiola, eta barruan duen iruditegitik tiraka ateratzen dituela ideiak.

Jon Barkin azpeitiarrak, bestalde, musikara jo du beka gauzatzeko orduan. Izan ere, musikaria da bera, eta Kriston burrundaie bere proiektua. Podcastak sortu ditu hark, herriko taldeei ahotsa emateko. "Badakit zeinen zaila den talde batean egotea eta zure proiektua ezagutaraztea, batez ere hastapenetan". Hori horrela, bere podcastek bi helburu dituzte: "Azpeitiko musika panoramaren erakusleihoa sortzea eta artistei proiektuak ezagutarazteko aukera ematea". 

Sara Madrazo azpeitiarraren proiektua da Ehunak, eta artea, artisautza eta diseinua uztartu ditu hark bere lanean. "Etxekoa dugun euskal artileak duen goxotasunaz baliatuz, nire zein beste jende askoren iruditegian dauden elementuekin jolasean ibili naiz sorkuntza prozesu honetan". Madrazok teknika desberdinak erabili ditu horretarako, eta erakusketaren inaugurazioan azpimarratu zuen esperimentatzeko bide bat ireki nahi izan duela.

Sabrina Romerok, bere aldetik, Oteiza "maisuari" omen eginez hasi zuen hitzartzea, eta artistak azpimarratu zuen "bihotzetik ateratako lanak" egin dituela. 66 zaldi da bere proiektua, eta zaldien askotariko marrazkiak sortu ditu hark. "Ez dut hasieratik pentsatzen zer egin behar dudan, baina egia da proiektu honetan abiapuntu bat badagoela. Behinola, Mongoliako musika tradizionala entzuten ari nintzela, senarrak aipatu zidan abestiaren izena 66 zaldi ene bihotzetik irteten zela. Barruan zerbait mugitu zitzaidan orduan, eta zaldiak marrazten hasi zen. Asmoa zen nobela grafiko bat egitea, eta hemen dauden gauza asko nobela grafikoa egiteko ezintasun batetik ateratakoak dira".

Jonathan Escapa azkoitiarrak, berriz, Izenik ez duena izendatzeko operazio bat instalazioa jarri du jendaurrean. "Nire praktika artistikoa sormen prozesuen zein teknika eta material ezberdinen inguruko ikerketan zein lanketan sakontzen da nagusiki". Hain zuzen, materialei eta objektuei jarri die arreta artistak: "Gogoa eta interesa pizten duten materialak ikertzen eta pilatzen joatean, horiek eskaintzen dizkidaten aukerak eta mugak aztertzen ditut, nolabaiteko elkarrizketa bat garatuz. Materialen bidez pentsatzea, alegia".

Katixa Goldarazenak, bestalde, Material batetik hasi marrazkiak eta serigrafiak ondu ahal izan ditu sormen egonaldiari esker. Filmetatik hartutako irudiak "berrinterpretatu" ditu hark, eta arreta berezia jarri die gorputzen arteko harremanei, eskalari, ikuslearen begiradaren distantziari edota gorputzen adierazkortasunari. Artistak azaldu duenez, irudiok herriko kaleetako hormetan jartzeko asmoa du. 

Maria Oses Saizek eta Eider Beobidek ere iazko udan egin zuten sormen egonaldia Dinamoan, eta hortik gauzatuko dute Intsumisoena ekitaldia. Artistek ezin izan zuten atzoko aurkezpenean egon, baina Kulturazeko kideek azaldu zutenez, udaberrian estreinatuko dute emanaldia. Prozesuaz gehiago jakiteko, hainbat irudi eta audio jarri dituzte herritarren eskura erakusketan.

Azkenik, Jone Arriola Dena asmatuta dago film laburra ari da sortzen. Elgoibartarrak jakinarazi duenez, aurten ikusiko du argia filma, eta ikus-entzunezkoen atzean dagoen "lana" erakutsi nahi izan du hark Betharram aretoan. "Oraindik filmaren grabaketa ez dugu egin, baina proiektua oraindik ari da sortzen eta eraldatzen etengabe. Gidoiarekin lanean aritu naiz orain arte, lokalizazioak pentsatzen, kastina egiten, narrazioa. Hori guztia behin lana amaituta dagoenean ikusten da, baina prozesuak ikaragarrizko lana eskatzen du, eta hori azaltzeko materiala jarri dut eskuragarri".

Aurtengo deialdia, ateratzear

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, bere aldetik, eskerrak eman zizkien sortzaile guztiei, eta hark ere sorkuntza prozesuan jarri zuen arreta berezia: "Maiz, kultur politikek azken emaitzei ematen diete balioa, eta udalak sormen lanari, atzeko lanari, eman nahi izan dio garrantzia". Sorkuntza Beken 2023ko deialdia ateratzear dela iragarri zuen hark. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide