Azpeitiko Udalak martxoko udalbatzarra egin zuen herenegun, asteartea, udaletxeko bilkura aretoan. Hainbat gairi buruz hitz egin zuten han, baina batzarraren zatirik handienean energia ereduen inguruan aritu ziren hizketan; izan ere, Sañu Bizirik plataformak mozioa aurkeztu zuen Azpeitiko Udalari zenbait gauza galdegiteko. EH Bildu abstenitu egin zen plataformak irakurritako mozioaren aurrean. Koalizioak, ordea, bere kontramozio propioa aurkeztu eta haren aldeko botoa eman zuen. EAJk, berriz, ezezkoa eman zien koalizioaren eta plataformaren testuei. Horrenbestez, EH Bilduren testua onartu zuten.
Sañu Bizirik plataformak aurkeztu zuen mozioa aurrena, eta taldeak Azpeitiko Udalari hainbat eskakizun egin zizkion. Batetik, Piaspe eta Buruzai proiektuek "auzotarrengan eta ingurune naturalean kalte nabarmenak" eragingo dituztelakoan, horiek "bidezkoak ez" direla adierazteko eta proiektuen kontrako jarrera hartzeko eskatu zion udalari. Era berean, proiektuak gauzatzea ekiditeko erakundeari galdegin zion eskura dituen legezko baliabideak erabiltzeko. Horrez gain, bi proiektuak gelditzeko lan tekniko guztia proiektuen eraginpeko herriekin batera egiteko eskatu zuen plataformak.
Bestalde, Jaurlaritzari zentral eoliko handien instalazioari lizentziak emateko izapideak eta baimenak eteteko galdegin zuen taldeak, horretarako zentral eolikoen tramitazioak geldituz eta Lurralde Plan Sektorialari moratoria ezarriz nahiz naturaren kontserbazioaren alde lanean ari diren elkarteen eta profesionalen iritziak jasoz. Energia kontsumoaren eta hura murriztearen inguruko plan bat diseinatzea eskatu zuten amaitzeko, eta hori ardatz hartuta Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria diseinatzea.
Gobernuaren testua, onartuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten. Energia trantsizioa "modu demokratikoan" egiteko beharra azpimarratu zuen Udal Gobernuak bilkuran, eta Jaurlaritzari "lehenbailehen" Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria onartzeko eskatu zion. Gainera, Jaurlaritzari galdegin zion energiaren arloan dituen ardurak hartzeko eta "apustu fosilista behingoz baztertzeko".
Nagore Alkorta alkateak adierazi zuen "trantsizio energetikoak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa" izan behar duela. Halaber, hark adierazi zuen egungo energia kontsumoa ahal bezainbeste murriztuta ere, energia berriztagarriak sortzeko "instalazio txikiak, ertainak nahiz handiak ezinbestean" beharko direla.
Gaineratu zuen Piaspeko egitasmoak beste proiektuekiko "elementu berritzaile bat" duela energia sortzeari dagokionez. "Statkraft enpresak borondatea erakutsi du balizko instalazioaren jabetza herritarren, enpresen eta entitate publikoen esku uzteko. Oraindik egitasmoa aurre-lanketa fasean badago ere, eta galdera asko erantzuteko daudela jakinda ere, udalak egitasmoa aztertzeko borondatea berretsi nahi du". Aitzitik, alkateak jakinarazi zuen Oleta mendian egin nahi duten Buruzai proiektua sustatu nahi duen Capital Energy enpresak ezezkoa eman diola balizko energia sortzeko instalazioa herri entitateen eskuetara bideratzeko aukerari. "Buruzai proiektua enpresa energetikoekiko daukagun menpekotasuna beste 30 urtez luzatzera dator. Eragin negatiboa herriarentzat geldituko den bitartean, inbertsio enpresek eramango dituzte etekin ekonomiko ikaragarriak. Ez da gure herriarentzat nahi dugun eredua, eta ez da Azpeitiak behar duena. Ez dio azpeitiarren beharrei erantzuten, eta ondorioz, udalak kontrako jarrera agertu nahi du".
Azkenik, energia kontsumoa murrizteko nahiz energia modu berriztagarrian sortzeko udalak abian jarri dituen hainbat ekimeni "segida emateko konpromisoa" berretsi zuen Alkortak, "azpeitiarren interesak defendatuz, herri ikuspegi osoarekin lan eginez eta herriko eragileekin elkarlanean proiektu berritzaileak sustatuz".
EAJren zehaztapenak
Alderdi jeltzaleak, bere aldetik, hainbat zehaztapen egin zizkion EH Bilduk aurkeztutako kontramozioari. Amaia Etxeberria EAJko bozeramaileak adierazi zuen egun kontsumitzen den energiaren "%35 inguru berriztagarrietatik" datorrela. "Espainiako berriztagarrietatik dator energia, eta horien prezioa beraiek jartzen dute, noski. Mundu guztian, hemen bezala, energia sortzen dutenek jartzen dute prezioa eta etekinak atera nahi izaten dituzte". Etxeberriak esan zuen Statkraft enpresak egiten duen eskaintza bestelako promotoreek ere egiten dutela, eta beraz, Norvegiako enpresarena ez dela "esklusiboa".
Halaber, EAJko zinegotziak Statkraft "pulpituan" jarri duela egotzi zion udalari. "Erregai fosilarekin negozioa egin eta Norvegiako Gobernuarekin lankidetzan enpresa publiko bat sortu dutenak dira. Hori bai, ez du baliorik Energiaren Euskal Erakundeak [EVE] Iberdrolarekin egin duen ezerk. Azken finean, beti egin duzuena egin duzue: pertsonen edo enpresen izenak kakaztu eta zuen diana partikularrean ipini". Era berean, EH Bilduri galdetu zion argitzeko Piaspeko parke eolikoak sortuko duen inpaktu bisualaren alde dagoen edo ez. Gainera, koalizioari galdetu zion eolikoak zein fotovoltaikoak jartzeko nekazaritzarako balio handiko lurrak erabili behar al diren, eta EH Bilduk zenbat eta zer lur proposatzen dituen horretarako.
Erantzunak galderei
EAJk eta udalbatzarrean elkartutako herritarrek egindako galderei erantzunez, alkateak adierazi zuen energia trantsizioari aurre egiterakoan, moduak "izugarrizko garrantzia" duela. "Ez dugu nahi enpresa bat hona etortzea, hemengo lurrak okupatzea eta onurak enpresa pribatu horren eskura joatea, hemengo komunitatearen interesak kontuan hartu gabe". Era berean, parte hartzeko espazioak ireki behar direla adierazi zuen hark, "orain arteko energia sistema zeinen interesen arabera mugitu den" pentsatu ahal izateko. "Uste dut energia eredua aldatzeko garaia iritsi dela. Statkraften proposamenak egungo eredua aldatzeko aukera jarri du mahai gainean, eta benetako eraldaketa izan daiteke egungo merkatuan. Guk atea irekiko diogu hori aztertzeari".
Mahai gainean "zer galduko den eta zer irabaziko den" jarri beharko dela adierazi zuen Alkortak. "Zerbait egin beharra dago eta egingo den horrek zer ondorio ekarriko dituen ere aztertu beharko da. Eolikoek ingurumenean inpaktu bat sortuko dute, baita landa eremuan ere". Alkateak gaineratu zuen "momentu luze batean" dagoela gaia, eta herri bezala "noraino iritsi behar den" aztertu beharko dela. "Puntu komunak hartu, eta horiei buruz hitz egiteko prest al gauden erabaki beharko dugu. Energia fosilak agortzen ari dira eta kontsumoa izugarria da; herritarrentzat zer egin behar dugun erabaki behar dugu. Ezer ez egitea eta orain arteko ereduarekin jarraitzea badakigu ez dela hautu ekologista bat. Elementuak baditugu komunean eta aurrera segitzeko bideak ere bai".
Hona hemen herenegun eztabaidatu zituzten bi mozioak: